Zer nahiago duzu, idatzi ala idazle izan? Galdera sinplea dirudi baina esango nuke idazle guztiek beren buruari gutxienez urtean behin egin beharko lioketela. Inork erantzun lezake ea zein den dikotomia faltsu hori, ez ote den idazle izatea, hain justu, idaztea. Ez da dudarik, jatorriz hala zen, baina bada denbora bat, espektakuluaren gizartean osoki murgildu ginenetik, bata bestearengandik banandu zirela. Idazle izan zaitezke, ponperiaz, (ia) ezer idatzi gabe edo idatzi beharraren bidesari ezinbestekoa ordainduta; alderantziz, taxuz eta artez idatz dezakezu idazle izatearen dirdirarik jaso gabe.
Uste dut Itxaro Bordari entzun niola behin gure literaturan merke samarra dagoela idazle izatearena, hots, liburutxo bat argitaratuta jada zeure burua autore erreferentetzat jo dezakezula ia. Idazletza beste modu batean ulertzen zuen berak, uste zuen idazleen ibilbidea urteen poderioz argitaratzen dituen liburuekin kontsideratu behar dela, ez liburu bakarrarekin jotzen den pelotazoarekin. Badira salbuespenak, noski; hots, argitalpen gutxi batzuekin bikaintasuna lortu dutenak edo halako batean idazteari uzten dioten bartleby on askoak.
Baina ezin uka, era berean, lehenengo liburua idazten duzularik eta, demagun, hogeita hamar urtetik behera dituzularik, komunikabideak, programatzaileak eta enparauak gose izaten direla haiek markatutako ildo argitsuan sar zaitezen. Halako irratian kolaborazioa, jaialdi honetan sentikaria, beste hartan errezitala, harako hartan performance-poetiko-ikus-entzunezko-musikatua. Eta bidaiak atzerriko meetingetara, eta bidaiak liburu-ferietara, hitzaldiak han, mahai-inguruak hemen. Idazle izatea, alegia; apenas duen ezer ikusteko idaztearekin. Gutxi-asko, gehienok pasatu gara edo gabiltza zera horretan dantzan, ez da dudarik, baina hasierako galderara itzuliz, hobe genuke pentsatuko bagenu non sentitzen garen erosoago: teklei sakatuz eta pantailan atzera aurrera letrak konposatzen ala oholtza fisiko eta sinbolikoetan tente, honi eta besteari bostekoa emanez, hatzak pintza forman ipinita kanapea hartzeko prest.
«Hobe genuke pentsatuko bagenu non sentitzen garen erosoago: teklei sakatuz eta pantailan atzera aurrera letrak konposatzen ala oholtza fisiko eta sinbolikoetan tente, honi eta besteari bostekoa emanez»
Ariketa ona da adibide konkretuetan pentsatzea, azkar samar etorriko zaizkizu batzuk eta besteak. Gure latitudeetatik urrutikoak jarriko ditut soilik, badaezpada: Zer nahiago zuen Tom Wolfek? Idazle izan. Carmen Laforetek? Idatzi. Terenci Moixek? Idazle izan. Samuel Beckettek? Idatzi. Berehala antzematen da, idazle izan nahi duenak buruan izaten ditu liburuak, burmuin lurruntsuan, eta burutik papererakoa tramite ernegagarritzat izaten du, inoiz egitera iristen bada. Adibide muturrekoena agian Michi Panero da, gogoratuko duzue, Jaime Chavarriren El Desencanto film gogoangarrian distira bereziz agertua. Panero familian libururik idatzi ez zuen bakarra eta, halere, filmak agerian utzi zuenez, denetan idazleena.
Neurri batean idazletzaren ekonomiarekin zerikusia duen zerbait da, jakina. Idazten kostata bizi da bat, idazle izanda dena da errazagoa. Horrela dago muntatuta negozioa, aiseago lortuko dituzu etekinak idazletzaren periferiatik, paraliteraturatik, idaztetik baino. Komunikabideek eta espektakuluaren beste zera guztiek idazleak nahi dituzte, ez idazlariak; kontua ez baita ondo edo gaizki idazten duzun, gehiago da azala gogorra duzun, fokuen aurrean segurantziaz hitz egiteko gai zaren, epatatzeko gai zaren, mikroaren aurrean ahotsa dardarizorik gabe proiektatzeko gauza. Ikuskizunaren legeak dira, liburu bat idaztearen edo irakurtzearen ekintzak gutxi du distiratsutik eta, honenbestez, bestelako modalitate batzuk asmatu behar beste nonbaitetik zukutzeko. Eta denok gaude katramila horretan harrapatuak, batzuk beste batzuk baino dosi handiagoan, hori bai.
Agian norbaitek usteko du idazletzaren aldarri hau euskal tradizioko balizko jite protestantearekin lotuta dagoela. Esan nahi baita, euskaldunok eduki omen dugun lanaren etika zorrotzaren eta austeritate gehiegizkoaren enegarren adibidea besterik ez dela. Hobeto ibiliko ginatekeela mediterraneoagoak izango bagina, hainbeste lotsaririk gabe, noiznahi kamera eta fokuen aurrean irribarre egiteko prest. Telebistan infiltratuta ibili nintzen urteetan askotan entzun nuen, zeinen zaila den euskaldunekin fundamentuzko telebista bat egitea, hor ibiltzen garela beti uzkur, beti gatzgabe, mukerretan jarrai. Baliteke, baina zer nahi duzue esatea, gauza bat espektakulua dela eta beste bat literatura uste duten txepel horietakoa naiz oraindik. Eta, gainera, nire kasuan beranduegi da jada mediterraneotu nadin.
Horregatik, zin egin diot neure buruari eszenatokien distirak argitzen nauen bakoitzean txoko batera joan eta nire baitarako galdetuko dudala: kasu, zer nahiago duk, idatzi ala idazle izan?
