Ikarok bezala hegan egiteko

Irene Zottolaren 'Ikaro' erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 23ra bitarte Gasteizko Amarika aretoan. Argazkiak, bideoak eta eskulturak baliatu ditu hegan egiteko desira islatzeko.

Irene Zottolaren 'Ikaro' erakusketa, Gasteizko Amarika aretoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Irene Zottolaren 'Ikaro' erakusketa, Gasteizko Amarika aretoan. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko maiatzaren 23a
04:55
Entzun

Emakumeen istorioak eta haien islak ikusaraziz berrikusi du Ikaroren mitoa Irene Zottola argazkilariak (Madril, 1986). Horretarako, 24 pieza dituen erakusketa bat ondu du; joan den ostiralean zabaldu zuten, eta ekainaren 23ra bitarte egongo da ikusgai Gasteizko Amarika aretoan. Argazkiekin eta bestelako piezekin osatu du obra: inprimatutako kopiak, bideoak, eskulturak... Elvira Sastrek idatzi du erakusketaren testua, eta «erreibindikazio keinu» eta «oroimen ariketa» gisa definitu du lana: «Xehetasunez eta poesiaz jositako erakusketa da, ohikoaren aurrean jartzen gaituena apartekoaz jabetzeko. Eta horrela, argazkien eta hitzen bidez, Irene Zottolak bere hegoak egiten ditu. Nola ez jarraitu haren arrastoari. Nola ez hasi hegaldia».

Sortzaile gisa, argazkigintza analogikoaren mugak aztertzea du gustuko Zottolak, horren bidez, «izaera oniriko eta poetikoa duen mundu bat sortzeko», eta, sarritan, testuarekin osatzen ditu bere irudiak. Hezitzaile gisa, kolektibo kalteberekin gizartean esku hartzeko tresna gisa erabiltzen du argazkigintza. Slow Photo kolektiboaren laborategian egiten du lan, modu autodidaktikoan, 2016az geroztik, Madrilen. 2017an Rfotofolio Grant lehiaketaren finalera heldu zen, eta bere lanak Espainiako, Italiako eta Marokoko hainbat gune eta jaialditan erakusteko aukera izan du. 2021ean, VEGAPek sorkuntzarako emandako laguntzetako bat jaso zuen. Horren bidez, proiektu berri bat hasi zuen Parisen, eta BBKren ART(e)gileak egoitza artistikoan parte hartu zuen, argazki proiektu batekin. Horretaz gain, Madrilgo Mision Region proiektuaren 33 egileetako bat da, baita Espainiako Irudiaren Zentro Nazionalaren plataformako kidea ere.

Esku batzuk paperezko hegazkin bat egiten, erakusketako irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Esku batzuk paperezko hegazkin bat egiten, erakusketako irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU

2020an V. Fotocanal Lehiaketa irabazi zuen, eta 2021ean bere lehen argazki liburua argitaratu zuen, Ediciones Anomalasekin: Ikaro. Liburu hori finalista izan zen PhotoEspañan eta Les reencontres d 'Arles 2022ko Les Photobook Awards lehiaketan. Orain, liburuaren izen eta gai bera duen erakusketa aurkeztu du Gasteizen, baina, Zottolak berak azaldu duenez, liburuaren aurretik sortu zen erakusketaren ideia: «Gaiaren inguruan ikertzen hasi nintzenean, estudioan zeru eta hego andana pilatu zitzaidan, eta hasieran pentsatu nuen piezekin osatutako erakusketa bat izango zela Ikaro, eta ez argitalpen bat. 2021ean, ordea, argazki liburua argitaratu nuen, eta 2023ra arte ez nintzen lanean hasi erakusketa aurrera eramateko». Orduan, Amarika aretoan erakusteko aukera eman zioten Zottolari, eta, artistak azaldu duenez, Ikaro erakusketa gisa aurkeztea «eboluzio eta hazkunde jauzi bat» izan da.

Hegan egiteko desiran eta hegan egiteak sortzen duen beldurrean sakondu du aldi berean Zottolak: «Gizakiak dituen blokeoak gainditzeari kantu bat da Ikaro. Blokeo horiek gehienak oinordetzan jaso ditugu, eta, artista eta pertsona gisa, horiei aurre egitea da gure lana». Erortzera ausartzearen garrantzia azpimarratu du artistak, eta jendea animatu du beldurra ematen dion hori egitera. «Seguruenik erori egingo zara, baina horretan datza, ezta? Beharbada erortzean ez zara itoko, eta igeri egiten ikasiko duzu».

«Gizakiak dituen blokeoak gainditzeari eginiko kantu bat da 'Ikaro'. Blokeo horiek gehienak oinordetzan jaso ditugu, eta, artista eta pertsona gisa, horiei aurre egitea da gure lana».

IRENE ZOTTOLAArtista

Amelia Earhart, mitoaren pertsonifikazioa

Hegan egiteko nahiari heltzeko, Ikaroren mitoa erabili du Zottolak. Labirintotik ihes egin ahal izateko, Dedalok hego batzuk sortu zituen beretzat eta bere seme Ikarorentzat. Horrela, aske izango ziren. Tamalez, hegoak prest izan zituenean, Ikaro gogotsuegi hasi zen hegan egiten, eta Eguzkira gehiegi hurbildu zen. Eguzkiaren beroak hegoak bizkarrera lotzen zizkion argizaria urtu zuen; itsasora erori zen, eta han ito. 

Historia osoan, lotura handia ezarri da gizakiaren eta zeruaren artean, hegan egiteko nahiaren eta horrek dakarren esanahi fisikoaren eta sinbolikoaren artean. Hegaldian kontrako eta osagarrizko elementuen dinamika gertatzen da: betierekoa eta goranzkoa, galkorra eta beherazkoaren aurrean; hegan egiten ikastearen itxaropena eta larritasuna, eta, hala, igo edo zoruaren kontra erortzea: bizitza eta heriotza. Eta, Ikaroren mitoa aintzat hartuta, bere istorioa sortzen hasi zen Zottola: «Bat-batean, liburua egiterakoan baztertu nituen ideia eta pieza batzuk pisua hartzen hasi ziren, eta horietako asko erakusketan sartzea erabaki nuen; Amelia Earharten istorioa, adibidez. Hura da Ikaroren mitoaren pertsonifikazioa».

«Bat-batean, liburua egiterakoan baztertu nituen ideia eta pieza batzuk pisua hartzen hasi ziren, eta horietako asko erakusketan sartzea erabaki nuen; Amelia Earharten istorioa, adibidez».

IRENE ZOTTOLAArtista

Amelia Earhart hegazkingintzaren aitzindaria izan zen. 1897ko uztailaren 24an jaio zen, Atchisonen, Kansasen, eta Atlantikoan zehar bakarrik hegan egin zuen lehen emakumea izan zen, 1932an, eta emakumeen eskubideak sutsuki defendatu zituen. 1937ko uztailean desagertu zen, mundua inguratzen saiatu zenean, baina inoiz ez da jakin zer gertatu zitzaion. Gizakiarentzat hegan egitea zer garrantzitsua den azaldu dezakeen norbait baldin badago, hori Amelia Earhart da. Zottolak haren istorioa bizirik mantentzea erabaki du, eta hari esker bisitariak hegan egitera bultzatu.

(ID_13906552) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-05-21, Gasteiz. Irene Zottolaren ICARO erakusketaAmarika aretoan
Bisitari bat Amelia Earharten irudiak ikusten. RAUL BOGAJO / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.