Literatura

Ibon Martinen 'Kaioen ordua' eleberria euskaratu du Aiora Jakak

Hondarribiko alardeko desfilean gertatutako hilketa baten inguruko ikerketa kontatzen da nobelan. Elkar argitaletxeak plazaratu du itzulpena. Jakak Martinen beste bi nobela beltz ere euskaratuak ditu aurretik.

Ibon Martin idazlea eta Aiora Jaka itzultzailea, Donostiako Elkar dendan, aurkezpenaren egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Ibon Martin idazlea eta Aiora Jaka itzultzailea, Donostiako Elkar dendan, aurkezpenaren egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko uztailaren 16a
05:15
Entzun

«Nire lagun min bihurtu da Ane Cestero». Ez da gutxiagorako, Ibon Martin idazlearen (Donostia, 1976) nobela beltzen seriearen protagonista baita. Ertzaintzako ikertzailea da Cestero, eta Euskal Herriko hainbat txokotan gertatzen diren hilketa kasuetan aritzen da. Horietako bat da Kaioen denbora eleberri beltza (Elkar, 2024), eta Aiora Jakak euskarara ekarri berri du. Istorioa Hondarribian (Gipuzkoa)  girotua dago, irailaren 8ko alardean. Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen duen emakume bat hilko dute, desfilatzen ari den bitartean.

Jakak lehen eleberritik izan du aukera Cesteroren abenturak euskarara ekartzeko —Isiltasunaren itsasargia (Elkar, 2019) eta Tulipen dantza (Elkar, 2022)—. «Ibonen Itzultzaile partikularra» dela esan du, barrez. Izan ere, idazlearen nobelez gain, Onin haurrentzako liburu bilduma ere itzuli du. Martinen estiloa jada ezaguna zaiola esan du itzultzaileak, eta «luxutzat» dauka hori.

«Atsegina izan da hemengo kontuak hemengo jendearentzat kontatzea».AIORA JAKAItzultzailea

Lan bat jatorrizko hizkuntzatik euskarara ekartzean, arrotzak suertatzen diren elementu horiek «etxekotzea» izaten da erronketako bat Jakarentzat. Oraingoan, ordea, istorioa Euskal Herrian girotua dagoenez, ez du halakorik egin behar izan. «Atsegina izan da hemengo kontuak hemengo jendearentzat kontatzea», esan du, eta Martinek, berriz, goraipatu egin du itzultzaileak beraren ahotsa euskaraz jartzeko egin duen lana. «Aioraren itzulpenak irakurtzean, nire hitzak topatzen ditut: hori izugarria da».

Istorioa, aurretik

Martinek, normalean, eleberri bat idatzi aurretik tokia hautatzen du, eta ondoren hasten da istorioa sortzen. Kaioen ordua-rekin, aldiz, argi zuen zerekin lotu nahi zuen liburuaren muina. Hondarribiko alardearen afera ezaguna izanik, horrekin zerikusia zuen istorio bat sortu nahi zuen, egoera salatzeko: «'Hau salatu eta azaldu behar dut', pentsatu nuen». Kontakizuna ez dago soilik herri horretan girotua, ordea. Txingudiko badiako hainbat txokotan ere badira gertaerak, hala nola Hendaian (Lapurdi), Aiako Harrian eta Jaitzubiko paduran (Gipuzkoa). Liburua idazten asko disfrutatu zuela esan duen arren, gehitu du «gogorra» egin zitzaiola alardeko desfileari erreferentzia egiten dion kapitulua osatzea; izan ere, alarde parekidean parte hartzen duen emakume baten larruan jarri behar izan zuen.

«'Herri txiki, infernu handi' dio esaerak, eta hala da nire kasuan. Herrietako paisaia eta giroa nahiago ditut nobeletarako».IBON MARTINIdazlea

Irakurlea istorioa gertatzen ari den lekuan bertan sentiaraztea gustatzen zaio egileari; horregatik, leku bakoitzeko txokorik berezienak hautatzen ahalegintzen da. Txangoen gidaliburuak idazten hasi zuen idazle ibilbidea Martinek, eta hori agerikoa da haren lanean, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen ustez: «Paisaiak eta lekuen ezaugarriak azaltzean, oso nabarmena da». Zerbait kontatzen duten lekuak aukeratu zalea da Martin: Isiltasunaren itsasargia Pasaian (Gipuzkoa) girotua dago, Tulipen dantza Urdaibain (Bizkaia), eta El ladrón de rostros —oraindik ez dago euskaratuta—, berriz, Oñatin (Gipuzkoa). Egilearen esanetan, txango bat baino gehiago merezi duten lekuak dira, zukua ateratzeko aproposak.

Martin saiatu izan da istorioak hirietan girotzen, baina emaitzarekin gustura ez, eta nahiago du istorioak herrietan girotzen jarraitu. «Herri txiki, infernu handi dio esaerak, eta hala da nire kasuan. Herrietako paisaia eta giroa nahiago ditut nobeletarako», esan du. Gustuko du eleberriko tramak gertatzen diren lekuetara joatea, «han bertan zer ikusten, entzuten eta usaintzen den» transmititu nahi baitio irakurleari. Kaioen ordua konfinamendu garaian hasi zen idazten; nor bere herri edo hiritik atera ezin zenean, eta argitaletxearen bitartez lortu zuen Hondarribira joateko baimena.

Idazteko orduan funtsezkoak zaizkion beste kontuetako bat plangintza da: hasieratik zehaztua izan behar du zer gertatuko den, non eta noiz. Gaizkilea lehen kapituluan bertan azaltzea gustatzen zaio, gainontzeko pertsonaien artean nahasita. Haren larruan jartzea, ordea, zaila egiten zaio Martini, harekin «enpatikoa» izan behar baitu nolabait, errealismoa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.