Ibon Aranberrik irabazi du Macba fundazioaren saria

'Vista Parcial' eta 'Entresaka' erakusketengatik saritu dute artista. 50.000 euroko ordainsaria ez ezik, Jorge Oteizaren 'Olatua' eskulturaren erreplika txiki bat ere jaso du Aranberrik.

Ibon Aranberri artista, Deban, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Ibon Aranberri artista, Deban, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Karrera
2024ko azaroaren 26a
16:39
Entzun

Ibon Arranberrik (Itziar, Gipuzkoa, 1969) eskuratu du Macba fundazioaren saria, Vista Parcial eta Entresaka erakusketengatik. Lehena atzera begirako bat da: azken hiru hamarkadetan ekoitzi dituen 50 lan bildu zituen bertan. Aranberrik BERRIAri azaldutakoaren arabera, ez zituen sekula lan horiek guztiak batera jarri, eta emozionalki ez zen erraza izan leku horietara bueltatzea. Horiek guztiak Madrilgo Reina Sofia museoan aurkeztu zituen, 2023 amaieran.

Bigarrena, berriz, Gasteizko Artium museoan zabaldu zuen. Halaber, bigarren erakusketak ere badu lehenetik zer edana, atzera begirakoaren «bigarren kapitulu» modura plazaratu baitzuen. Horiek horrela, 50.000 euroko ordainsaria jaso du, baita Jorge Oteizaren Olatua (1998) eskulturaren erreplika txiki bat ere.

Epaimahaiak aho batez eman dio saria, eta «museoko aretoak imajinazio sozialerako espazio bihurtzeko duen gaitasuna» hartu du aintzakotzat. Aldi berean, artistaren obraren «osotasun estetikoa» nabarmendu dute: «Sustraiak euskal tradizio formalistan ditu, non prozesu, analisi eta narratiba aldaketen etengabeko aldaketak antzeman daitezkeen. Gainera, gertakari eta pertsonaia politikoekin erlazionatzeko modu berrien atari bat dira, egungo paisaia natural eta industrialarekin konektatuak daudenak».

Epaimahaia hainbat ikuspegi eta lekutako profesionalek osatu dute. Horien artean dira Abdellah Karrou, Dohako Arte Modernoko Arabiar Museoko (Mathaf) zuzendaria; Adam Szymczyk, Zuricheko (Suitza) Kunsthaus nazioarteko kooperazio bulegoko komisarioa; eta Manuel Borja-Villel, Kataluniako Generalitateko Kultura aholkularia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.