Atzera begirakoaren ohiko formatua atzekoz aurrera jarri, eta 30 urteko ibilbidearen errepaso bat aurkeztetik urrun, bere ibilbideko lanen eguneraketa bat erakutsi zuen duela hilabete batzuk Madrilgo Reina Sofian Ibon Aranberrik (Itziar, Gipuzkoa, 1969). Vista parcial izenpean, 50 bat lan jarri zituen ikusgai, formatu askotakoak —«pintura ez, beste guztiak»—, eta hasieratik iragarri zuten beste geltoki bat izango zuela hark, Gasteizko Artium museoan. Entresaka izenarekin ireki dute, bada, orain, eta, Madrilgoaren neurriak eskatu dionaren ondoren —pozik izandako harreragatik—, erakusketaren bigarren partea «askatzaileagoa» izan zaiola aitortu du artistak.
Lan beraren «bi kapitulu» modura kokatu ditu bi erakusketak Aranberrik, baina inola ere ez «modu narratibo eta lineal» batean, «batak bestea zalantzan» jartzetik hurbilago baizik. «Bi titulu dituzte, bi proiektu dira, baina, azkenean, proposamen bat izan da. Bai Madrilen eta bai hemen, erakusketa bakoitzak hitz egiten du edukiez, baina hitz egiten du baita ere atzera begirako baten zentzuaz, bakarkako erakusketa batenaz».
Hori izan da hasieratik lanerako ikuspegi orokorra artistarentzat. Hortik harago, uneko eta tokiko «baldintzak» baliatu ditu oinarri modura, bai kanpokoak eta bai bere buruari ezarri dizkionak. «Erakusketa hau ulertzeko, uste dut inportanteagoa dela baldintzak azpimarratzea lanaren izaera edo edukia baino», nabarmendu du, eta hiru baldintza zehaztu; lehena, denbora. «25 bat urteko garapena dago guztien artean, eta ariketarik zailena beti da fitxa teknikoa jartzea; titulua, data, dimentsioak... Horrek finkatu egiten du lan bat, eta hori izan da negoziazioetako bat: nola onartu museo baten egiturak eta protokoloak, eta, aldi berean, nola jarri denboralitate hori zalantzan, eta denbora elastiko bat ezarri».
«Erakusketaren espazioa ez da erakusgelaren espazioa, baizik eta eraikinaren espazioa. Esan dezagun erakusketak zeharkatzen duela museoa; erdigune itxi gisa baino gehiago, lerro gisa funtzionatzen du».IBON ARANBERRI Artista
Hala, gurutzatuta doaz Organigrama (2022), Política hidráulica (2004-2010), Itzal marra (2019), Disorder (2011), Blackout (2003), I/G (Territoire) (2017-2014), Laranjak (1994), eta beste. Nahasian, eta, artistarengan ohi denez, ia beti aurrez inoiz erakutsi gabeko modu batean. Horra bigarren baldintza: nola landu bi erakusketa ezberdin lan berberekin. Aranberri: «Beste printzipio bat ezarri dugu, eta lan egin erakusketaren eskalarekin eta egiturarekin, baina ez modu klasiko edo modernista batean, zeinetan normalean erdigunean beti ezartzen den lanen literatura edo subjektibotasuna».
Hirugarren baldintza, berriz, arkitektura izan da, eta guztiz bestelako izaera bat eman dio horrek azken emaitzari. Erakusketa iraunkorraren eremuak eta aldi baterakoak elkar ukitu dute oraingoan, eta, lehenengo eremuan ere badenez Aranberriren obrarik —Gaur Egun (This is CNN) (2002), Nestor Basterretxeak Eusko Legebiltzarrerako egindako Izaro eskulturaren erreplika bat—, horrek zabaldu egin du erakusketaren tokia eta haren ulerkera. Aranberri: «Bisitari batentzat ez litzateke ulergarria banaketa. Erabaki genuen onartzea bilduma iraunkorrean dauden lanak ere erakusketaren parte direla, nahiz eta ez ditugun ukitu. Hortik etorri da ideia: erakusketaren espazioa ez da erakusgelaren espazioa, baizik eta eraikinaren espazioa. Esan dezagun erakusketak zeharkatzen duela museoa; erdigune itxi gisa baino gehiago, lerro gisa funtzionatzen du».
Protokoloen mugetan
Erakusketa iraunkorretik sartuta, Basterretxeari lotutako beste lan bat topatuko du bisitariak, Lemoizko zentral nuklearren maketekin jokatzen duena, eta, lan batetik bestera, erakusketaren jarraipena argia izango da gehienetan, baina ez beti. Izan ere, biltegi, larrialdietarako irteera eta eremu batetik besterako espazioetan ere jarri du obra artistak. Fitxen funtzioa betetzen duten folio batzuek ohartarazten dute lanez, baina haien ohiko forma ere puskatu du Aranberrik: bi erakusketekin paraleloan lantzen ari diren argitalpenen orriak baliatu ditu, museoaren muga «tekniko eta taxonomikoak» tenkatuz.
Irudipena du «zorrozten» ari direla protokoloak eta arautegiak, bai oro har, bai erakusketetan. «Egoera eta muga horiek beti interesatu zaizkit lanen forma egituratzeko. Ez da soilik zerbait estetikoa; interesatzen zaidan dialektika bat da».
«Modernitatearen ezintasun eurozentrista horrek sinetsarazi zigun espazioa bat eta bakarra zela, dispostiboak unibertsalak zirela, denbora progresiboa zela… Eta Ibonengan denbora hori kiribila da».MANUEL BORJA-VILLEL Reina Sofia museoko zuzendari ohia
Lehen solairuaren azkenetan eskailera batzuk igo —argazki lan bat jarri du erdian—, eta erakusketako gune zabalena dator gero. Han daude Bartzelonako Tapies Fundaziorako eraiki zuen altzairuzko egitura bat guztiz biluztuta; Donostia 2016ren Bake-ituna proiektuaren testuinguruan, armagintza industria industria zibil bihurtu zeneko prozesua gogoan sortu zuen Makina eskua da (2016) instalazioa; eta koba bat metalezko egitura batekin itxi, saguzarrentzat zulo bat utzi eta han barrutik hartutako irudiekin osatutako Barrutik kanpora (2024) bideoa, besteren artean.
Madrilgoa ikusi duenarentzat eta ikusi ez duenarentzat, diferentea izango da Artiumeko bisita. Azkenak izaera «lausoa» hartu duela adierazi du artistak, baina intentzioz egin du. «Bakoitzaren barne irudikapenak ere hor daude», gehitu du. «Hau niretzat baso bat bezala da. Baso bat nola zeharkatzen duzu? Ez dago lerro zuzenik. Plantazioetan bai; han agertzen da basoa ez den baso bat [horma osoa hartzen duen I/G (Territoire) serigrafia lana seinalatuz]».
«Modernitatearen ezintasuna»
Bi erakusketak Reina Sofiaren eta Artiumen artean ekoitzi dituzte, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa Sormen Gunearen laguntza ere izan du azkenak. Beatriz Herraez zuzendariak oroitu duenez, pandemia sasoian hasi ziren proiektuari forma ematen, eta, ordutik hona, berak eta orduan Reina Sofiako zuzendari zen Manuel Borja-Villelek egin dituzte komisario lanak. Bien arteko loturak Aranberriren lan egiteko moduarekin bat egiten duela azpimarratu du bietako azkenak aurkezpenean: «Hau ez da erakusketa ibiltari bat, ezpada zabalduz doan erakusketa bat. Eta hori bat dator Ibonen lanarekin, aldiro delako berdina eta aldiro diferentea. Hein batean, beti hasten da modernitatearekin zerikusia duten elementuekin —espazioaren ideia bat, denborarena, dispositiboarena—, baina buelta ematen die, eta desplazatze horrek bihurtzen du bere obra hain esanguratsu».
Aranberriren beste elementu erakargarri bat ere nabarmendu du Borja-Villelek: abiapuntuan «ezintasun» bat paratzea. «Modernitatearen ezintasun eurozentrista horrek sinetsarazi zigun espazioa bat eta bakarra zela, dispositiboak unibertsalak zirela, denbora progresiboa zela... Eta Ibonengan denbora kiribila da; denbora bat zeinetan iragana etorkizuna izan daitekeen, oraina beste nonbait ikus daitekeen. Ondo ikusten da hori erakusketa honetan». Denborarekin nola, hala gertatzen da espazioarekin ere, komisarioaren ustez: «Nik Organigrama lau lekutan ikusi dut, eta lauretan erabat diferentea da obra. Hori ez da soilik artistaren baliabide bat. Kontrakoa: denboraren, espazioaren eta bisitariak horietan duen esanahiaren inguruko azterketa bat da».
Ustez «unibertsalak» diren elementuak toki konkretu batean kokatzen dituela ere goraipatu dio artistari: «Bisitariak posizio bat hartzera behartzen ditu, eta posizio hori politikoa da nahitaez. Horri esker lortzen du bere obra, muturreraino analitikoa izanda ere, hunkigarria izatea».