Goraino bete zen atzo Berrizko Olakueta frontoia 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalerdian. Pankartadun pareta bi eta jendez lepo hirugarrena. 550 entzule inguru bertso gosez eta bertsolariak nor bere helburuak ongi markatuta. Agurretan esandakoaren harira, gehientsuenek finala zuten burua, baina baita norbere alea uztea eta gozatzea ere. Azkenean, Xabat Galletebeitia nagusitu zen.
Itxaro Juaristiren esanetara ekin zioten saioari zortziko handian. Gorka Pagonabarraga eta Iruri Altzerreka eskola jazarpena pairatzen duen umearen gurasoak izan ziren, eta umea eskolaz aldatzeko proposamena egin zuen Altzerrekak. Fin aritu ziren institutuak duen «erantzunkizuna» seinalatu ala alabaren ongizatea lehenetsi erabakitzen.
Galletebeitiak eta Aitor Etxebarriazarragak egindakoa izan zen, ordea, ariketarik txalotuena. 70 urteko bi lagunen azaletik kantatu zuten. Biak seminario berean ikasitakoak eta umetan sexu abusuak jasandakoak. Horiek salatzeko proposamena egin zion Etxebarriazarragak Galletebeitiari. Zalantzati hasi zuen ofizioa Galletebeitiak: «Egin beharko genuke baina/ ez dakit kapaza naizen». Salaketaren bidez oraindik afera horrekin kontzientziatuta ez dagoen jendea haien borrokara batu dezaketela esan zion Etxebarriazarragak, eta honela amaitu zuen ariketa: «Behintzat sufridu gendun danori/ mina arinduko deusku».
Zortziko txikikoak izan ziren bertsoaldi biribilenak. Koldo Gezuragak eta Pagonabarragak ekin zioten ariketari. Gezuraga erreka ondoan ahateei ogi birrinak botatzen zegoela Pagonabarraga azaldu zen madalena zatiak botatzera. «Konpetentzia desleiala» leporatu zion Gezuragak lehen bertsoan eta eztabaidan aritu ostean, ahateak labean erreta jan nahi dituelako zaintzen dituela aitortu zion kideak.
Etxebarriazarraga eta Eneko Abasolo Abarkas-en txanda izan zen gero. Obrako langilea lehena eta aldamioan lanean ari den bitartean ardoa eskaintzen dion bizilaguna bigarrena. Ardoa hartu ez hartu zebilela, honakoa kantatu zuen: «Kon?o jefea dator/ neu ikuskatzeko/ behintzat fruta atera/ disimulatzeko». Eta honako ideiarekin itxi zuen ariketa Abarkasek: «Alboan utzi fruta/ ta hartu okela/ ondo bete egizu/ behingoan sabela/ lehen esan deuste bere/ semea zarela».
Plaza lehertzea eragin zuen ofizioa, ordea, Altzerreka eta Galletebeitiaren artekoa izan zen. Bikotea izan ziren, Altzerrekak udal hauteskundeetan alkatetzara aurkeztu eta bozka bakarra jaso duenaren papera jokatu zuen. Lehen bertsoan argi utzi zuen Altzerrekak bozka bakar hori berea zela. Zorrotz erantzun zion Galletebeitiak haren botorik jaso ez izana bere errua dela esanez, boto papera emazteak prestatu ziola argudiatuz. Honela erantzun zion Altzerrekak: «Udaletxean itxi/ zidaten atea/ baina etxe honetan/ neu naiz alkatea». Galletebeitiak argi adierazi zuen badakiela bera ez dela «etxeko Arnaldo», baina argi gelditu dela inork ez duela maite berak baino gehiago. Berak bere burua gehiago maite duela esan zuen Altzerrekak, eta hurrengo hauteskundeetan Madrilen aurkezteko esan zion Galletebeitiak.
Hamarreko txikian ere ez zen falta izan txalo egiteko arrazoirik. Gaztetxe berria okupatu zuen gazte taldekoa izan zen Abarkas, zeina Pagonabarraga bizilagunari proiektua azaltzera gerturatu zaion. Honela amaitu zuen ariketa Abarkasek:«ta kontatu nahi dugu/ laguna zurekin/ etorri ta ikusi/ zure begiekin». Auzolana duten hurrengoan urdaiazpikoa eramango diela esanez biribildu zuen ariketa Pagonabarragak.
Ganbarako ariketa heldu zen azkenik. Bakoitza bere amamari kontuak esaten aritu ziren puntu erantzunetan eta honakoa izan zen bakarkako gaia: «Inoiz ez jatzu zilegi iruditu. Orain asko maite dozun norbaitek egin dau».
Askotariko gaiak
Askotariko ideiak izan zituzten bertsolariek. Aita alkatearen influentziaz lana lortu duen lagunari buruz kantatu zuen Abarkasek. Ertzain izateko asmoa duen lagunari buruz, Gezuragak. Lanetik bota duen nagusiari kantatu zion Pagonabarragak. Amari adarrak jarri dizkion aitari Altzerrekak. Sexu eraso bat egin duen lagunari Galletebeitiak eta Olentzeroren harira haurrari gezurra esan dion emazteari Etxebarriazarragak.
Txalo asko jaso zituen Gezuragak.Modu honetara amaitu zuen ariketa: «Ondo dakizu gure herri hau/ bi bandoen herria da/ lubakiaren alde banatan/ lagun izango al gara?».
Etxebarriazarragak amaierako agurrean aipatu zuen bezala, semaforo horian zain jarraituko dute Galletebeitia ez beste bertsolariek, finalerako aukeraren zain. Atzoko saioan, Abarkasek agur esan zion txapelketari, 25 urteko ibilbidea egin ostean. Txalo zaparrada handiarekin omendu zuten. Datorren asteko larunbatean izango da bigarren finalerdia, Santurtzin.
Ibilian ibili... Miribillan izango da Xabat Galletebeitia
Galletebeitiak lortu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako lehen txartela, Berrizen jokatutako lehen finalaurrekoan. Zortziko txikikoak izan dira bertsoaldi biribilenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu