«Ura, haizea edo sua» bezala, arrazoia dabilen zerbait dela iruditzen zaio Iñaki Segurolari (Azpeitia, 1962). «Eta ibilian ibili beharko lukeen hori geldituz, menderatuz edo harrapatuz gero, hor hasten da okerra; hor hasi hondamendia, eromena». Uste du Segurolak balio duena sekula ez dela arrazoi bat. «Balio duena, interesa duenada arrazoi batek baino gehiagok talka egitea. Orduan sortzen da arrazoiketa interesgarria». Izan ere, «arrazoi bakarrak» inoiz ez du bete. «Inoiz ez naute lasai utzi. Ez fedeak, ez erlijioak...». Hartara,«arrazoi edukiaren eremuak desjabetzeari» buruzko gogoeta laburren bilduma mardula da Arrazoia ez dago edukitzerik (Alberdania) Segurolaren saiakera liburua.
Hirugarrena du, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005) eta Nere gorringotik-en (2008) ondoren, eta hirurak argitaratu dizkio Alberdania etxeak. Inazio Mujika Iraola editorearen ustez liburuak diferenteak dira haien artean. Pentsatzen du, gainera, Segurolak saiakera egiteko modu berri bat asmatu duela azkenekoan. «Noriaren metodoa deituko nioke», adierazi zuen Mujika Iraolak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Izan ere, oso zirkularra da. Batzuetan iruditzen zaizu liburuan saltoka zabiltzala, baina konturatzen zara badagoela hari bat, eta hori zirkularra dela». Badu «txispa» liburuak editorearen iritziz, baina irakurlea «gainditzera» hel daiteke. Hortaz, «irakurketa arretatsua» eskatzen du.
Ia 300 orriko luzera dauka, eta autorearen ustez, «geldiarazitako arrazoi horren argigarri»,adibide «mordoa» ematen ditu. Iruditzen zaio Segurolari harrapatutako arrazoia «kausetan» agertzen dela, gertatzen denari «kausa bat» bilatu behar zaioenean. «Eta hortik sortzen dira ideiak, eta ideia gatzatuak, eta ideologiak, eta norberatasunak...». Baina badaki «zaila» dela arrazoirik eduki gabe bizitzea; «are gutxiago» zoriontsu izatea. «Nik, ordea, bat bakartasun horri sekula ez diot onik ikusi, nahiz eta jakin bizitza errazagoa egiten omen duela».
Hizkuntzaren estilizazioa
Gogoeta laburrak baliatu ditu horri buruz jarduteko, baina ez du pentsatzen literatura egiten duenik. Darabilen hizkuntzari «berbatura» deitzen dio. «Bizkaierako berba hitza hartu du, hitztura ez litzatekeela ondo geratuko». Inoiz ez da eroso sentitu literatura hitzaren azpian, hitza bera letratik abiatzen delako, «eta letra beti delako letra hila». Hartara, berbatura «kontrajarri» dio literaturari. Mujika Iraolak esan zuen egileari buruz Euskal Herriko «prosalari» bikainenetako bat dela. Segurolarentzat, baina, «hizkuntza bizitik» datorkion zerbaiten «estilizazioa» besterik ez du egiten. Literaturako hizkuntza «estandarra» beti iruditu izan zaio geza eta hila. «Landua, baina era berean porlandua».
Gainera, «gizarte zabalean» hitz egiten den euskara ia-ia sekta baten hizkuntza dela pentsatzen du. «Martetar bat etorriko balitz, hartuko lukeen inpresioa litzateke gurea sekta baten hizkuntza dela». Baina badaude salbuespenak Segurolaren irudiko. «Pare bat hiri handi, herri koxkor mordoxka bat... Eta ni hortik nator, euskarazko toki batetik. Orduan,belarri hori formatu zait». Beraz, literatura «estandarreko» hizkuntza «porlanduari» kontrajarri nahi dio zerbait. «Eta ez zait berbatura baino hitz hoberik bururatu». Euskaraz hitz egiten den toki batean «jaio, hezi eta hazi» zen Segurola —eta han bizi da—, eta hori aprobetxatu du «hitz bizitik» abiatzeko.
Akademiaren arauak segitu ditu, halere, idazterakoan. «Hori bai, segitu behar diren bezala; hau da, %80ean. Ibon Sarasolak berak esan ohi du ezin direla arauak %100ean bete, ez dela seinale ona izaten. Hizkuntza bizirik dagoen seinale izaten dela arauak %100ean ez betetzea. Hortaz, horrek erakusten du arauetatik kanpo ere badela bizirik». Segurolak uste du «barruko belarriak» gaina hartu diela goitik datozen arauei. Hortaz, handi beharrean, haundi idatzi du; nire beharrean nere, eta Internet beharrean Indernet.
Izen propioak, berriz, apenas erabili dituen. Sausse, Einstein, Oteiza... «Oteizaren kontra hitz egin beharra zegoen, eta niri tokatu zait. Tira, haren kontra, baina modu nahiko goxoan...». Halere, ez dauka izen propioak erabiltzeko joerarik, «arriskutsua» iruditzen baitzaio. «Halakok esan du jartzen duzu, eta pentsatzen dut pertsona jakin baten iritzi soil moduan geratzeko arriskua dutela.Hori ikusten diet izen propioei. Zenbat eta gutxiago, hobe».
Liburuaz beraz hitz egiteko ere hitz gutxi erabiliko lituzke Segurola. Hiru baino ez. «Hona hemen liburua». Aurkeztea «zaila» egiten zaio. «Esanaren edo esandakoaren azpitik ez dagoelako ezer, eta gainetik ezer esateko kapaz ez naizelako. Beharbada arrazoiren bat eman beharko nuke, baina liburuak Arrazoia ez dagoedukitzerik esaten baldin badu...». Hori bai, «aholku moral bat» eman nahi izan zuen: «Ikasi behar da arrazoirik eduki gabe bizitzen».
Balio etikoari kontrajarriz
Jon Benito idazleak ere parte hartu zuen Segurolaren liburuaren aurkezpenean. Haren ustez, modernidadeak «balio etiko» bihurtu zuen arrazoia, «baina Segurola ideia horri kontrajarri zaio». Benitorentzat, liburuak ez dauka segida logikorik, baina bai «barne adar asko» irakurketa egituratzen dutenak. Eta bertute bat aipatu zuen: « Pentsamendu kartesiar bat, ezkerretik eskuinerakoa eta goitik beherakoa, diagonalean zeharkatzen du, gai, ikuspegi, trataera eta tonuan». Segurolak «desikastearen defentsa» egiten duelakoan dago Benito. «Zibilizazio, uste komun, kultura, erlijio, fede, etika edo ideologiaren bernizaren azpian dagoen zentzu kritiko pribatu eta indibiduala hartzen du bere manamendutzat, zalantza, kritika, autokritika, depresio, gorabehera, purrustada, galdera eta ziurtasun gutxiren artean». Benitok uste du, Segurolak liburuan esan bezala, arrazoia edukitzea «umekeria» dela, baina «eroak eta umeak» besterik ez direla arrazoi osoaren jabe. Ibilian dabilen horren jabe.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Ibilian dabilena ezin da gelditu
«Arrazoien talka» aldarrikatu du Iñaki Segurolak, 'Arrazoia ez dago edukitzerik' saiakera liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu