Dantza

Ibilbideko lehen dantzen heldulekua

Dantzan Bilaka egitasmoaren hemezortzigarren edizioa egingo dute Gasteizko Artium museoan, ostiraletik, igande arte. Zazpi koreografok haien proiektuak aurkeztuko dituzte.

Dantzan Bilaka egitasmoaren aurkezpena, gaur, Gasteizko Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Dantzan Bilaka egitasmoaren aurkezpena, gaur, Gasteizko Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko urriaren 8a
16:15
Entzun

Euskal Herriko praktika koreografikoei ekarpena egiteko sortu zen Dantzan Bilaka, 2007. urtean. Hori izan zen haren hasierako xedea, eta, gaur egun «etengabe eraldatzen» ari den arren, helburu berarekin egingo dute aurtengo aldia, hemezortzigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak elkarlanean antolatu izan dute zikloa, eta koreografo berrien ibilaldi profesionalaren hasierei sustapena ematen jardun du bereziki azken urteetan. Aurten, Gasteizko Artium museoak hartuko ditu bere gain programazioko ekitaldiak, eta ostiralean hasi eta igandean bukatuko dute. Zazpi dantzarik izango dute aukera haien proiektuak garatu eta aurkezteko: Alazne Lastra, Aitzol Iraola, Izaro Ieregi, Maider G. Etxegibel, Nagore Tamayo, Rebeca Barroso eta Stefano Mattiello. 

Askotariko koreografiak ikusteko aukera izango da asteburuan, eta, emanaldiez gain, tailerrak ere egingo dituzte. Rosa Casadoren tailer batekin hasiko da zikloa: Ozen pentsatuz. Sormen prozesuan egiten diren aldaketa txikietan oinarritzen da Casadoren tailerra, eta ozen pentsatzeak duen eragina ikertzea du helburu. 16:00etan hasiko dute tailerra, Plaza aretoan, eta bi ordu iraungo du. Larunbatean eta igandean ere egingo dute, 12:00etan. 

Ostiralean bertan, lehen bi koreografiak aurkeztuko dituzte. Lastra izango da zazpi koreografoetatik lehenengoa, haren MARIPOS4 dantza jendaurrera eramanez. MARIPOS4 eraldaketarako esperientzia bat da, Lastraren esanetan: «Nire aitaren doluarekin hasi zen. Hain agerikoak, hain arruntak eta hain lurtarrak ez diren lekuetatik hitz egiteko desira bat ere bada». 19:00etan hasiko dute, Plaza aretoan, eta 30 minutu iraungo du.

Lehen eguna amaitzeko, Tamayok hogei minutuko dantza bat aurkeztuko du, Natalia Belen Fernandezekin elkarlanean egindakoa: Nondik abiatu inora. A4 aretoan egingo dute, eta Tamayok eta Fernandezek, zuzentzeaz gain, interpretatu ere egingo dute.

Larunbata Casadoren tailerrarekin hasiko da, eta, ondoren, 17:00etatik aurrera, beste hiru koreografia ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek. Maider G. Etxegibel izango da lehenengoa, Hayalgo aurkeztuta. 30 minutuko pieza bat da, eta museoko barneko patioan egingo dute. Etxegibel: «Elkarrizketa bat da Hayalgo. Bertan, harremana osatzen duten elementuek soilik ezagutzen dute erabat beren amankomuneko lengoaia, eta organismoaren etengabeko metamorfosia bideratzen duten gertaeren barrena joango dira bidaiatzen».

Mattielo izango da bigarrena, eta (Te)chronoception emango du jendaurrean,A4 aretoan; hogei minutuko iraupena du. Hirugarrena, eta eguneko azkena, Iraola izango da. Barneko patioan emango du Hustu. Iraolak adierazi du bere pieza «eraldaketa ariketa bat» dela, eta hura «gorpuztuz» aurkezten duela.

Azken egunean, igandean, Barrosok eta Ieregik itxiko dute egitasmoa. Barrosok Arrorró aurkeztuko du, Artiumeko barneko patioan, 17:00etan. Sara Fondevila koreografoarekin elkarlanean osatutako pieza da Arrorró, eta asteburuko dantza motzena izango da, hamabost minutukoa baita. Amaitzeko, Ieregik Anga aurkeztuko du, A4 aretoan. «Emakumearen amorrua da Anga-ren ardatza. Hori bera eta queer-a ikertzen ditu dantzak», adierazi du Ieregik. Koreografoak argi du emakumeen indarkeria eta haserrea «genero aberraziotzat» hartuak direla gaur egun, baina aldi berean «bultzada utopikoa» direla. «Gorputzean elkartzen dira grabitatea eta bulkada utopiko hori. Pieza honek bi adar horiek arakatzen ditu, gorputzaren gaineko grabitatearen erabilera politikoa egiten duten gaur egungo koreografia kontestatarioetan jarriz begirada».

Egonaldiak

2020. urtean berrikuntzak egin zizkioten egitasmoari. Babes ekonomikoa emateaz gain, beste mota bateko laguntzak ematen hasi ziren: hala nola entseguetarako eremuak, egonaldi artistikoak eta profesionalen aholkularitza zehatza. Hiru egonaldi egin dituzte azken hilabetean zazpi aukeratuek. «Uste dugu egindako aldaketak onerako egin zirela eta beharrezkoak direla egitasmoak aurrera jarrai dezan», adierazi dute antolakuntzako kideek. 

Lehen egonaldia Artiumen bertan egin zuten, eta bigarrena, Azala sormen gunean. Egonaldietan, Maria Ibarretxeren Gorputza abiarazteko leherketa iragankorrak eta Arantxa Martinezen Erlazio printzipioak. Polinizazioa tailerretan parte hartu zuten zazpi koreografoek, eta, horrez gain, Isaak Erdoiza eta Angela Millanok osatzen duten batzorde artistikoaren laguntza ere izan zuten. Egonaldiak astebetekoak izan ziren, eta azkena museoan egin zuten. Azkenari «egonaldi teknikoa» deitu diote, asteburuko emanaldiak prestatzeko balio izan die eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.