Iberoamerikako Max saria emango diote Translatines jaialdiari

Theatre des Chimeres konpainiak antolatzen du, bi urtez behin, Baiona, Angelu, Miarritze eta Bokalen

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Badira 30 urte baino gehiago Theatre des Chimeres konpainiak Translatines jaialdia antolatzen duela. Arte eszenikoen Espainiako Max sarien batzorde antolatzaileak haien lanaren aitortza egin du, eta Iberoamerikako saria emango dio. Urrian egiten da jaialdi hori, hamar egunez —2007. urteaz geroztik bi urtez behin—, eta Baiona, Angelu, Miarritze eta Bokaleko antzeztokiak hartzen ditu.

Sarien antolatzaileen esanetan, Translatines jaialdiak Europako ateak irekitzen dizkie Latinoamerikako arte eszenikoei. Jean-Marie Broucaret da jaialdiaren zuzendaria, eta horretan haien lanak taularatu dituzte La Fura dels Bauls, Els Joglars, Semola, La Carniceria Teatro de Rodrigo Garcia eta Teatro de Los Andesek, besteak beste. Aurreneko urteetan Espainiako ikuskizunak baino ez zituzten programatzen. Halere, azken urteetan herrialde jakin batzuk izan ditu ardatz; Bolivia, Txile eta Argentina, adibidez. Tailerrak eta ikastaroak ere antolatzen dituzte, eta jaialdiak Hispanite Exploration de Paris eta era horretako erakunde espezializatuekin kolaboratzen du, esaterako. Apirilaren 30ean banatuko dira Max sariak, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.