Haren lana oximoron plastiko bat da. Alde batetik, oso sortzaile espresionista da, keinu oso askekoa, eta, beste aldetik, oso arrazionalista ere bada, aldi berean, eta bi joera horiek uztartzeak egiten du berezi haren lana». Kontraesan moduko horretan dago Agustin Ibarrola artistaren muina, Jose Ibarrola haren seme, artista eta, orain, komisarioaren hitzetan. Berak aukeratu eta antolatu ditu Bilboko Rekalde aretoan aitaren azken 40 urteotako ibilbidea biltzen duen erakusketako lanak. Agustin Ibarrola, naturalki izendatu du 70 artelan baino gehiagoko bilduma, eta uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai. Artistaren alderik ezagunenekin batera, haren alde ezezagunagoak ere erakustea izan du helburu, eta horregatik jarri ditu publikoaren bistan, amaitutako hamaika lanekin batera, Ibarrolaren egitekoaren berri ematen duten zirriborroak, maketak eta esperimentuak ere.
Bildumak Rekalde areto osoa hartzen du alderik alde, kalera ematen duen erakusleihotik hasi, sarrerako espazioan segi, eta barruko azken aretoraino. Eta kaletik egindako begiratuarekin hasten da ibilbidea, komisarioak azaldu duenez. Kristaletik barrurantz begiratuta ere, lau baso topatuko ditu ikusleak begi kolpe bakarrean: «Baso pilaketa bat». Totem itxurako margotutako zutabe multzo bat ikusiko du lehenik, erakusleihotik gertuen, eta hori izango da lehen basoa. Margotutako adarrez osatutako eskultura bat igarriko du haren atzean, gero: bigarren basoa. Omako basoaren argazki bat ere topatuko du ondoren, sarrera guneko hormetako bat ia osorik hartzen, eta, azkenik, punturik urrunenean topatuko du laugarrena. Artistak duela lau urte inguru etxe alboko sasietako hostoetan pintura urdinez margotutako zirkulu baten argazkia da azken hori, eta, hain zuzen ere, bisitariak irudi horrekin abiatuko du barruko aretoetako ibilbidea: artistaren azken lanetako batekin.
Egurra, papera, harria eta altzairua: komisarioak lau material horien arabera ordenatu ditu erakusketako barruko aretoak, baina, aitortu duenez, ez da irizpide estua, eta kronologiaren arauei izkin egin ahal izateko baliatu du, batez ere. «Ez da erakusketa antologikoa, ez kronologikoa, ez eta zehazki tematikoa ere. Galdera jakin bati erantzuten saiatzen den erakusketa bat da hau: Zergatik margotu zituen Llanesko kuboak [Asturias, Espainia], edo Arteagako harriak [Bizkaia]...? Eta zergati horren bilaketak eraman nau haren azken urteetako ibilbidearen alderik funtsezkoenak erakusten dituen erakusketa hau antolatzera».
Naturan egindako lanak dira bildumaren ardatzetako bat, baina ez da naturan egindako lanen hautaketa bat ere.
Naturan margotzera egindako jauzi hori askoz ere lehenagotik datorrela erakutsi nahi izan du komisarioak erakusketarako egindako hautaketarekin. Lehen aretoetako batean, adibidez, horregatik jarri ditu parez pare koadro koloretsu abstraktuak eta adarrak metatuz sortutako eskulturak, artelan bakoitza zein garaitakoa den kontuan hartu gabe, logika paretsuak sortu dituelako guztiak. Adarren pare kiribiltzen dira elkarren gainean kolore masak oihaletan, eta adarrek margolan bateko lerro abstraktuak balira bezain garbi ebakitzen dute espazioa eskulturetan.
Harrien adierazkortasuna
Bidegurutze horretan jarri nahi izan du arreta komisarioak, eta, horregatik, bazterrean utzi ditu Ibarrolak bere lehen urteetan sortutako figurazio lanak, adibidez. Beraz, bisitariak ez du langile mundua eta Poliziaren bortizkeria erakusten duten litografia ezagunik topatuko bilduman. Nagusiki, Grupo 57 izeneko taldearekin lanean hasi zenetik aurrerakoak dira komisarioak hautatu dituen lanak; haren ustez talde hura baita giltzarria artistak gero naturara eramango zuen lengoaia ulertzeko. Besteak beste, Jorge Oteiza, Angel Duarte, Jose Duarte, Juan Serrano eta Luis Aguilera artistekin batera garai hartan hartutako ikuspuntu arrazionalista, abstraktu eta geometrikoa izan zen gero zuhaitzen, harrien eta hostoen logika bihurriarekin uztartu zuena. «Omako basora iritsi zenean, Agustin Ibarrola ez zen han agertu zen eta bat-batean besterik gabe pintatzen hasi zen iratxo bat, ez; askoz ere lehenagotik hasi zen lan sistema baten emaitza da hori».
Grupo 57 sortu zen garaian, informalismoa zen munduan indar betean zen joera artistikoa, komisarioaren hitzetan, eta, hari aurka egiteko, arrazionalismoan oinarritutako programa bat proposatu zuen taldeak. «Ibarrolak uste zuen arrazionaltasunean oinarritutako programa hura edozeri aplika zekiokeela, eta ideia horri jarraika heldu zen naturara, eta han topatu zuen, hain zuzen ere, bilatzen ez zuen hori: espresibotasuna».
Erakusketako laugarren aretoan ikusten da hori argien: harriari eskainitako atalean. Bisitariak harri sorta margotutako bat ikusiko du han, areto erdialdeko mahaiko bitrinan, eta Gautegiz Arteaga eta Ereño inguruko basoetan (Bizkaia) egindako esku hartzeen diapositibak ere ikus daitezke hormetan. «Hori jadanik ez da existitzen», azaldu du komisarioak. Desagertuz joan baitira denboraren poderioz. 1990eko hamarkada inguruan egindakoak dira argazkietako irudiak. Denak harri gainean. «Sute bat izan zen, eta erre egin ziren hango arte guztiak. Orduan azaldu ziren harri horiek denak, eta han joan zen aita, ingurua oraindik ia ketan zegoenean». Badira harri gainean armiarma sareak irudikatzen dituzten marrazkiak, adibidez, baina haitz erabat erregular horietako batzuen gainean zehatz marraztutako koadrikula ezin zuzenago batek erakusten du argien komisarioak aipatutako arrazionalismoaren eta espresionismoaren arteko ezkontza.
Estutasunak eta kolorea
Ibarrolaren «zintzotasuna» ere nabarmendu du haren seme eta komisarioak erakusketan egindako bisitan. «Beti eman zuen bere iritzia, egoera edozein zela ere». Eta, haren hitzetan, horregatik amaitu zuen kartzelan frankismo betean, eta horregatik jasan zituen gerora ETAren mehatxuak ere. Semeak gogora ekarri du Omako bere etxean egonagatik ere, 2000. urtetik 2012. urtera eskoltarekin bizi behar izan zuela, adibidez. Edonola ere, pertsonaia publikoaren gainetik, artista da berak erakusketarekin aldarrikatu nahi duena. «Hain zuzen ere, urterik zailenetan egindako obra da bere ibilbideko lanik bitalistena eta koloretsuena».
Urteak eman dituzte erakusketa prestatzen: 2016an hasi ziren Ibarrolari eskainitako erakusketari bueltaka. Jose Ibarrolak erakusketa bat ireki zuen aretoan urte hartan, bere lanekin, eta orduan jaso zuen bere aitari omenaldi bat egiten saiatzeko proposamena. «Ohartu ginen eskaini zitzaion azken erakusketa garrantzitsua 1990eko hamarkadakoa zela, eta, horregatik, 30 urte pasatu ostean, beste erakusketa garrantzitsu bat egiteko garaia zela pentsatu genuen».
Berez, artistak 90 urte beteko zituen egunerako zuten pentsatua erakusketaren irekiera, uztailerako, baina, koronabirusaren eraginez, atzeratu egin behar izan zuten azkenean. Semeak kontatu duenez, artistak oraindik ere goizero egiten du pintatzen saiatzeko keinua, baina, azaldu duenez, «nahasia» du burua, eta tarteka ez da gai bere koadroak ezagutzeko.
Ibarrolaren oximorona
Bilboko Rekalde aretoak Agustin Ibarrola artistaren azken lau hamarkadetako mota guztietako 70 lan baino gehiago bildu ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketan. Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu