Ibarrolaren ezezagunagorantz

Agustin Ibarrolaren azken bi hamarkadetako sorkuntzaren zabaltasuna erakusten duen erakusketa bat antolatu du Bilboko Lumbreras galeriak, artistaren semeekin elkarlanean

Agustin Ibarrola artistaren azken bi hamarkadetako lanak biltzen dituen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Lumbreras galeriak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko arte sorkuntzak azken mende erdian izan duen artistarik entzutetsuenetako baten izenak egiten dio harrera bisitariari Bilboko Lumbreras galerian: Agustin Ibarrola. Ikusleak erraz errekonozituko du haren eskua areto sarreran zintzilikatutako lehen hiru margolanetako giza figura ia eskematikoetan, baina nahikoa izango da urrats gutxi batzuk gehiago ematea berehala bestelako Ibarrola batekin topo egiteko. Lehen koadroetakoa baino ezezagunagoa suertatuko zaio Ibarrola hori, agian, baina ez erabat arrotza. Nahita bilatu dute efektu hori Juan Manuel Lumbreras galeristak eta IrrintziIbarrola komisario eta artistaren semeak. Margolan, eskultura zein grabatu, sortzailearen azken hogei urteetako 70 lan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta haren lanaren zabaltasunaren lagin moduko bat eskaintzea izan dute erronka. Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik. Ezagunetik hasi eta ezezagunagorantz.

Aretoaren hiru espazioak hartzen ditu bildumak: areto nagusia, beheko solairua eta bulegoa. «Hemen dagoen obra oso ezezaguna da», onartu du Irrintzi Ibarrolak. 1990eko hamarkadan egin zitzaion artistari azken erakusketa handia, Basaurin (Bizkaia), baina tantaka ikusi ahal izan da geroztik bere obra. Bilboko Rekalde aretoan zabaldu berri diote atzera begirako zabal bat orain, eta paraleloan dator Lumbreras galeriakoa.

«Hau da bere egungo mundua». Sortzailaren azken lanaren laburpen moduko bat da erakusketa, komisarioaren hitzetan. «Hemen dagoen obrak oso ongi erakusten du zer egin duen azken hogei urteetan. Kolore leherketa hori. Eta guk ez dugu materialik koloretsuena aukeratu, inolaz ere ez! Zabaltasuna izan da gure kriterioa». Eskulturak, olioak zein grabatuak topatuko ditu bisitariak bilduman: altzairuzko piezak, egurra, papera, oihala... «Azken urteetan egin duenaren inbentario moduko bat da», azaldu du komisarioak. 90eko hamarkada amaierakoak dira lanik zaharrenak, eta duela bost urtekoak berrienak. «Lan gehiago du atzean hemen jarritako piezetako bakoitzak, baina saiatu gara ildo bakoitzeko lan bana jartzen».

Artistaren melodia

Erakusketan ez da Ibarrolak frankismo betean sortutako zuri-beltzezko grabatuen aztarnarik, adibidez. Eta naturguneetan egindako esku hartzeak ere oihartzun soil bat dira Lumbrerasen ikusi daitezkeen obretan. Kolorea da nagusi erakusketan, eta abstrakzioa. Eta, halere, igartzen da sortzaile berak sortu dituela denak. «Melodia berdina da», onartu du komisarioak. «Aldatzen da letra, baina melodia berdina da».

Kolorea. Lumbrerasen hitzetan hori izan zen Irrintzi eta Jose Ibarrolak erakusketarako aipatu zioten lehen ideietako bat. «Lehen solasaldietan bertan aipatu zidaten erakusketa abstraktu eta oso koloretsu bat egiteko asmoa. Eta, noski, ongietorria izan dadila». Galeristak azaldu duenez, duela 25 urte ateak ireki zituzten momentutik beretik, beti izan dituzte euskal abangoardia artistikoak buruan. «Kasu batzuetan bildumagile eta galerista izatea gauza bera izan daiteke, eta, nire kasuan, behintzat, halaxe dira. Eta euskal abangoardiak dira bilduma horren nukleoa, eta haren inguruan doaz gero neutroiak eta protoiak eta bestelakoak, baina muina horixe da».

Irrintzi Ibarrolak gogoratu duenez, 1960ko hamarkadan Equipo 57 izeneko taldearen kide izan zenean ere, kolorea zen nagusi artistaren koadroetan. «Kolore masak ziren haiek. Kolorea beti egon da presente nire aitaren lanean. Baina, batez ere, Euskal Herrian aipatzen duzunean Ibarrola, 60ko hamarkadako grabatuak etortzen zaizkio jendeari gogora». Baina Ibarrola hori baino gehiago ere badela nabarmendu nahi izan du haren seme eta komisarioak. Eta baietz Lumbrerasek. «Oso gaizki ezagutzen dugu Ibarrola, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoak dituen koadroengatik. Fabrikak, Guardia Zibilak, errepresioa... Jakina hori ere artea zela, baina sortzen jarraitu du sasoi hartatik aurrera ere».

Naturatik itzultzea

Komisarioaren hitzetan, artistak bi dimentsioetatik naturguneetara egindako jauzia azaltzen du Rekalde aretoko erakusketak, eta, neurri batean, naturguneetatik bi dimentsioetara egindako itzulera da Lumbreras galerian ikusten dena. Omako basoa eta Llaneseko kuboak margotu ostean, naturak ere arrastoa utzi duelako Ibarrolaren artean. «Formak jadanik ez dira 70eko eta 80ko hamarkadan ziren bezain geometrikoak», azaldu du. «Organikoagoak dira».Estudioraino sartu zitzaion basoa.

Komisarioak onartu duenez, «pozgarria» da halako erakusketa bat antolatu ahal izatea familiarentzat, baina baita harrigarria ere. «Kolore leherketa hau ikustean publikoa harritu egiten da, eta guretzat arraroa da hori, nik 20 urte nituenetik dakidalako aitaren obra halakoa dela, beti izan delako hala. Bilboko Arte Ederren Museoan duten aitaren lanik berriena 1975. urte ingurukoa izango da, eta badirudi geroztik ez duela besterik egin. Hutsune bat betetzen du honek. Demostratzen du gure aita artista bat dela, eta bere hizkuntza sortzen eta bere bidea eraikitzen jarraitu duela. Harrigarria suertatzen zaigu besteen harridura Ibarrola nolakoa den ikusten dutenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.