Iban Garrok irabazi du Otero-Figuera poesia saria, eta Mitxelko Urangak Unamuno saiakera saria

'Euri beroak' poema bildumagatik saritu dute Garro, eta 'Emognosioa' saiakeragatik Uranga. Lehenak 5.500 jasoko ditu, eta bigarrenak 6.000. Liburu modura ere emango dizkiete lanak.

Blas de Otero-Angela Figuera eta Miguel Unamuno sariak banatzeko ekitaldia, gaur, Bilbon. BILBOKO UDALA
Blas de Otero-Angela Figera eta Miguel Unamuno sariak banatzeko ekitaldia, gaur, Bilbon. BILBOKO UDALA
Inigo Astiz
2024ko abenduaren 10a
16:29
Entzun

Iban Garro Alzuri idazleak (Lesaka, Nafarroa, 1974) iaz eman zuen argitara bere lehen poema bilduma, Iruñea Hiria saria irabazita. Denonartean argitaletxearekin eman zuen argitara lan hura, Larrosa bat Groenlandian izenburupean, eta Bilboko Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazi du orain. Egileak Euri beroak deitutako lana aurkeztu zuen sariketara, eta haren egitura, tonua eta erritmoa laudatu ditu hura saritzeko erabakia hartu duen epaimahaiak. «Nabarmentzekoa da bere originaltasuna ere, prosa poetikoa eta lirika uztartzen dituenean eta egileak ironiaren eta itxaropenik ezaren arteko jolasa mantentzen duen hizkuntza poetikoa erabiltzen duenean». 5.500 euro jasoko ditu Garrok, eta liburu modura ere argitaratuko diote lana.

Bestalde, saiakeran ibilbide luzea egindakoa da Mitxelko Uranga Alvarez (Bergara, Gipuzkoa, 1978). Espektroak izenburuak biltzen zuen trilogiarekin hasi zuen ibilbidea, hirurak ere Utriusque Vasconiae argitaletxeak argitaratutakoak. Espektroak. Euskal terroristak izan zen lehen lana, 2010ean; Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz heldu zen gero,2011n; eta, azkenik, Espektroak. Euskaldunak Europan lana izan zen azkena. Eta, geroztik, saiakerak ez ezik, poema liburu bat ere eman du argitara. Sari esanguratsuak ere jaso ditu, gainera, argitalpen horietako batzuengatik. Juan Zelaia saria irabazi zuen Eros(ki).Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa saiakerarekin (Pamiela, 2013). Euskadi literatur saria ere irabazi zuen saiakeraren alorrean, Tartaroa. Mina, boterea eta egia lanarekin (Pamiela, 2015), eta Unamuno saria eman zioten 2016an ere, Misentropia. Kaosa eta ordenaobragatik.

Bigarrenez irabazi du Miguel Unamuno saria orain, Emegnosioa. Egia-ostea, konspiranoia eta negazionismoa lanagatik. Epaimahaiaren hitzetan, hausnarketa «sakonak» biltzen ditu lanak. 6.000 euro jasoko ditu, eta liburu modura emango diote argitara testua.

Gaztelerazko adarreko irabazleak

Bilboko Udalak ematen ditu bi sariak. Gaur iragarri dituzte garaileen izenak, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ez ezik, ekitaldian izan dira Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta bi sarietako epaimahaiko kideak ere. Gaztelerazko modalitatean beste bi lan saritu dituzte. David Lopez Sandoval idazle espainiarraren Arte menor lana saritu dute Blas de Otero-Angela Figuera sariketan, eta Jorge Fernandez Gonzalez izan da Miguel de Unamuno sariketako garailea. Paradigmas migrantes. Experiencias y estéticas migratorias de mujeres lanagatik jaso du saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.