Iban del Camporen 'Serendipia' filmak irabazi du Zine Bilerako saria

Josu Martinezen 'Subandila' lanarentzat izan da zuzendaritza onenaren saria. Benito Ansola beka 'Dena asmatuta dago' proiektuak hartuko du

Gorka Arrese.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean egin zen, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan,44. Euskal Zine Bilerako sari banaketa. Aste barruan lehiatutako hogei film laburren artean aukeratu zituzten film onena, zuzendaritza onena eta gidoi onena.

Izaskun Arandiak, Iratxe Fresnedak eta Ane Pikazak osatutako epaimahaiak Iban del Camporen(Arrasate, Gipuzkoa, 1971) Serendipia lanari eman dio filmik onenaren saria: Urrezko Antzara eta 1.900 euro. Epaileen arabera, «zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini du, eta pelikula ariketa formal on bat da bere osotasunean».

Zuzendaritza onenaren saria Josu Martinezek irabazi du (Bilbo, 1986), Subandila filmarekin. «Gertakari historiko paregabea da», epaileen aburuz. «Narrazio bikaina du, eta zuzendaritza azpimarragarria». Gidoirik onenaren saria Jorge Moneoren (Gasteiz, 1988) Begiak hesteko artean lanarentzat izan da: «Zinemaren idazkuntzaren mugekin jolasten duen artefaktu bikaina». Bakoitzak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzara jaso dituzte.

Bestalde, astean zehar ikusleek emandako botoen bidez, Gorka Ezkibelaren Ostendene filmak eraman du EITB Ikusleen saria.

Bi filmek, gainera, epaileen aipamen bereziak izan dituzte: Eukeni Arriortuaren Memoria, eta Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde.

Euskal Zine Bilerak eta Euskaltzaleen Topaguneak bi urtez behin ematen duten Benito Ansola bekak 3.000 euroko saria du. Aurten irabazi duen proiektua Dena asmatuta dago izan da, Jone Arriolak, Ana Angulok eta Itxaso Frauk aurkeztutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.