Lesaka herriak (Nafarroa) eragiten dion miresmenak eta hildako mutil lagunaren oroimenak gidatu dute Ainara Ortega (Hernani, Gipuzkoa, 1981) Onin diskoa aurrera eramatera; haren bigarren diskoa da. Sentimenduz eta umorez beteriko 11 abestik osatzen dute lana. Erroak jazz estiloan dituen arren, ez dio jarri mugarik bere buruari zerbait berria sortzerako orduan. Emaitza jazz estilotik aldendutako lan bat da, bizitzaren metafora bat, eta hainbat sentimendutatik egindako bidaia bat. Datorren larunbatean, hilaren 21ean, aurkeztuko du diskoa, Hernanin, zuzenean.
Lesakako ibai baten izena jarri diozu diskoari. Zergatik izen aukeraketa hori?
Onin Lesakako erreka baten izena da, eta herriari asko zor diodala uste dudalako aukeratu dut. Nire mutil laguna zenari ere asko zor diot, Lander Arriolari. Lesakarra zen, eta 2017an hil zen, minbiziak jota. Ni gipuzkoarra naiz, baina sustraiak errotu zaizkit Lesakan. Oso sinbolikoa da niretzat, eta haientzat ere bai. Errespetu handiz erabili nahi izan dut ibaiaren izena.
Ibaiak metafora gisa erabili ohi dira askotan. Zuk ere ikusi duzu lotura hori?
Bai, nabarmen. Lesakak berezia duena da zenbat zubi dituen, nola zubi baten azpitik agertzen den ura eta nola ezkutatzen den hurrengoan. Azkenean, bizitza hori da: nahiz eta guk korrontearen aurka bizi nahi dugun, ibaiak bere korrontea du, eta ekarritakoak eraman egiten ditu batzuetan.
Ibaiak ura daraman moduan, diskoak entzulea eramaten du askotariko sentimenduetatik bidaian?
Bai, hala nahi nuke. Nire bidaia propioa da, eta jendea gonbidatu nahi izan dut bidaia horretara. Sentimendu anitz ditu diskoak, eta arraroa ere bada. Jendeari atentzio handia eman dio diskoak zenbat umore jasotzen duen. Nik uste dut umorez eraman genuela Landerren gaixoaldia, eta heriotza ere bai. Umorea ez zaigu inoiz falta izan.
Hitz gutxitan, nola deskribatuko zenuke diskoa?
Nik uste dut festa kantu bat dela, bizitzari eta heriotzari eskainitako disko bat.
Gogorra izan da hainbeste sentimendu jasotzen dituen disko bat aurrera eramatea?
Ez. Sentimenduak azaleratzeko garaian ez nion jarri muga askorik neure buruari; ni edozein testuingurutan emozionatzen naiz, edo edozein testuingurutan barre egiten dut. Besteei nire sentimenduak helaraztea niretzako opari moduan hartu nuen.
Penak kantuz igortzen dituzula diozu. Diskoak, hein batean, dolua beste modu batera pasatzen lagundu dizu?
Bai. Nik asko irakurri dut Elisabeth Kubler-Ross idazlea; doluari buruz sekulako liburu onak ditu. Berak esaten zuen moduan, doluan bi aukera dituzu: hondoratu edo transformatu. Nik uste dut sormen handikoak garela gizaki guztiak, eta sormena izan daiteke edozer. Nire kasuan, etxerako piano bat erosi nuen. Landerren eta bion desioa eta ametsa zen, eta hori egin nuen. Pianoan bideratu ditut sentimendu guztiak: kantuak eta penak, alaitasuna eta malenkonia.
Umoreak ez ezik, sentimenduek ere badute lekua diskoan. Badago Musika maixu deituriko abesti bat. Zure mutil lagunaren harmonia irakaslea izan zinen, baina esan liteke bera zure irakaslea izan zela bizitzako beste arlo batzuetan?
Bai, horregatik deitzen da horrela. Berak seguruenik ez luke onartuko maisu izan denik, baina nik baietz uste dut. Ingurukoei, familiari eta lagunei asko erakutsi zigun. Lau hilabeteko gaixoaldi laburra izan zen, eta hartan asko aldatu zen: oso beldurtia zen, eta horri buelta eman zion, loratu egin zen. Muga-mugan jartzen gaituztenean azaleratzen dira gure gaitasunak. Bai, maisu oso handia izan zen.
Jazz abeslaria zara, baina, Scat diskoarekin alderatuta, jazz estilotik aldendu zarela dirudi. Zergatik aldaketa hori?
Azkenean denok dauzkagulako ni asko gure barruan. Scat diskoan estilo ariketa bat egin nuen: jazzetik ahalik eta gertuen egon nahi nuen, jazz purua lortu. Baina disko honetan ez dut egin ariketa hori. Pianoan jartzen nintzen, eta hortxe sortzen nuen. Egia da asmo batzuk banituela, baina ez dut egin estilo ariketarik oraingo honetan. Egia esan, ez dauka inolako antzik aurrekoarekin.
«Etsigarria da jazzean espezializatutako abeslaria izatea», diozu Especialidad en jazz kantan...
Nik hori txantxetan bota nuen, eta apropos egin nuen gazteleraz, beharbada ez doalako euskal entzuleari zuzenduta. Nik askotan esaten dut jazz abeslaria naizela, baina Euskal Herrian jazza kantatzen ez nau inork entzun hogei urtean. Orduan, bai, oso etsigarria da, Euskal Herrian ez daukagulako leku askorik abesteko. Hemendik kanpo, sekulako maila dago, eta merkatua ez da gurea.
Zeure burua jazz abeslari moduan aurkezten jarraituko duzu?
Bai, bai. Ni beti sentituko naiz jazz abeslaria, baina jazzaren munduan estilo asko daude. Jazz abeslariok estiloa igerileku handi baten moduan sentitzen dugu, inprobisaziorako jolastoki baten moduan. Agian hurrengo diskoa jazza izango da, baina ez jendeak espero duen jazza. Hain zabala da... Baina, bai, pasioz bizi dudan musika handienetakoa jazza da.
Gaur egun, plataforma digitalak dira musika entzuteko bide ohikoenak eta azkarrenak. Hala ere, zuk diskoa ez duzu jarri inongo plataforma digitaletan. Zergatik?
Damutu ere egin naiz, jabetzen zarelako industria ikaragarri aldatu dela azken hamar urteetan. Saltoa oso handia izan da; nik ezin diot jarraitu martxa horri. Erabaki hau bat dator nire bizimoduarekin; nik mantso bizi nahi dut, eta ez abiadura horretan sartu. Badakit horrek nire kontra egingo duela agian, modu batean edo bestean; hori badakit.
Duela sei urte kaleratu zenuen lehen diskoa, Scat, eta aurten bigarrena. Beste diskorik egiteko asmorik baduzu?
Bai. Egia esan, nik urtean bat aterako nuke. Onin diskoaren ondoren iturria ireki zaidala iruditzen zait. Baina erraztasun asko falta zaizkigu; tartean, dirua. Nik estilo ezberdinetako diskoak aterako nituzke, jendea mareatzeko. Agian entzuleek sevillanak aurkituko dituzte hurrengoan [barrez]. Ilusioa badaukat, planak badaude, eta, nahiz eta batzuetan ilusioa galtzear egon, musikak atzetik jarraitzen digu beti.
Larunbatean, kontzertu bat emango duzu Hernanin. Beste emanaldirik baduzu lotuta?
Udazkenerako bilatzen ari gara, neguan programatu gaitzaten. Saiatzen ari gara, baina dei asko egin behar dira. Herri batzuetan jotzeko gogoz nago, Lesakan, adibidez. Batzuetan, ez da erraza kontzertuak lotzea, baina mugitu gara.
Ainara Ortega. Abeslaria
«Ibaiaren korronteak ekarritakoak eraman egiten ditu batzuetan»
Ainara Ortega abeslariak 'Onin' diskoa kaleratu du, «Lesakako ibaiari, bizitzari eta heriotzari» eskainitako lan bat. Mutil lagunaren heriotzak eragindako emozioak azaleratu ditu, umorea galdu gabe, betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu