Po, Italiako ibai nagusietako bat, bai luzeraz eta bai emariz, erretratatzeko interesa ez zaio ezerezetik sortu Begoña Zubero argazkilariari. Michelangelo Antonioni zinemagile italiar ezagunakpantaila handira eraman zuen ibaiaren eta haren inguruko biztanleen gaineko Gente del Po dokumentala, 1943an. Ibaia garraiorako eta arrantzarako zerabilten, batez ere, baina orduko jardunak ez du zerikusi handirik gaur egungoarekin. Paisaia horietan jarri du fokua Zuberok, baina, betiere, gizakiaren presentzia badela edo izan dela agerian utziz. Antonionik bere lanari jarritako izena bere egin, eta Gente del Po erakusketa osatu du. Donostiako Tabakaleran, Kutxaren Artegunea aretoan, ikusgai dago atzotik, eta hala egongo da uztailaren 2ra bitarte.
Antonioniren dokumentalarekin ez, zinemagileak 1939an Cinema: quindicinale di divulgazionecinematografica aldizkariko ale batean publikatutako Per un film sul fiume Po artikuluarekin egin zuen topo Zuberok. Hor, ibaiaren inguruko film bat ekoizteko asmoa erakusten zuen, artean zehaztapen askorik gabe bazen ere: «Aski izan bekigu esatea protagonista Po ibaia izango duen film bat nahi genukeela, non ez dadin folklorea izan —hau da, kanpoko eta dekorazioko elementuen nahaste bat— interesa piztuko lukeena, baizik eta espiritua, hau da, elementu moral eta psikologikoen multzo bat; film bat, non ez diren nagusi izango eskakizun komertzialak, adimena baizik».
Ibaia eta haren inguruak erakusten dituzten hainbat argazkirekin ilustratuta zetorren artikulua. Zortzi ziren, zehazki; horietako bat goitik aterea eta, gainerakoen aldean, paisaia industrializatuago eta garatuago bat erakusten duena. Irudi hori tamaina handian erreproduzitu du artistak erakusketan, eta jatorrizko irudiak badu atzean berrikuntza horien guztien idealizazioa egiteko nahia, Enrique Martinez Lombo komisarioak azaldu duenez. Izan ere, garaiko intelektualek bazuten harremana Mussolinirekin eta erregimen faxistarekin, eta, hari lotutako futurismoaren zantzuak nabari daitezke irudi horretan, Martinezen arabera.
Antonioniren artikuluarekintopo egin izana argazki bidez irudikatu nahi zuen ideia plazaratzeko «haria» izan dela azaldu du Zuberok, eta zinemagilearen «eszenaratze berezia» goraipatu du. Horrez gain, formalki beste proiektu bat izanagatik ere, Existenz proiektuarekin hainbat sinergia dituela onartu du Zuberok. Ikerketa lan bat da Existenz, XX. mendean, Europako erregimen totalitarioen menpe egon diren herrialdeen, eta tokiko arkitekturaren eta paisaiaren inguruan egindakoa. Argazkiak egitean, fokua non jarri erabakitzean argazkilariak onartu du egon dela planteamendu aldaketa bat, eta horrek bere ibilbidean aldaketa garrantzitsua ekarri duela onartu du. Erretratatu nahi den objektua eta zein begiradatik erretratatzen den bereizi du, hala ere: «Agertokiak aldatu dira, baina nire burua eta begia ez, eta hor dago benetan argazkilaritza».
Bestalde, Zuberok zehaztu du, erakusketan argazkiak serie moduan aurkeztu baditu ere, eta benetako zentzua atzean duten ikerketa lanak ematen badie ere, beretzat oso garrantzitsua dela «argazki bakoitzak estetikoki bere horretan funtzionatzea», etainolako azalpen teorikorik gabe hartzailearengana iristeko gaitasuna izatea.
Jendea, jenderik gabe
Ibaia erdigunean dute erakusketako argazki gehienek. Ez da giza irudirik, baina, gehiago edo gutxiago, guztietan dago arrasto antropikoren bat, izan errepide, inguruko fabrika eta industrialdeak, izan arrantzaleen ontzi txikiak. Po ibaiaren bueltako eguneroko bizitzaren adierazle garbienetako bat dira tokiko arrantzaleek material askotarikoekin eraikitako etxola xumeak, eta erakusketan ere badute espazio pribilegiatu bat, aretoaren bigarren solairuan. Etxola baten erreplika moduko bat ere bada aretoaren erdigunean, Begoña Goienetxearen kolaborazioari esker. Tokikoek bertakoek egin moduan, material berriztagarriz atondu duela azaldu du Zuberok. Horrez gain, Antonionik bere artikulua ilustratzeko erabilitako argazkiak ere jarri ditu etxolaren alde batean. Etxola horiek, eta, oro har, gizakiaren arrastoak badira utzitako inguru batzuen seinale, eta kontrastea egiten dute duela hainbat urte ibaia jardun eta mugimendu handiko leku zen garaiarekin.
Martinezek paisaia argazkilaritzaren berrikuntza joera artistiko moduan hartu, eta horren barruan kokatu du Zuberoren lana, eta argazkilaritza mota horrek izan duen bilakaera ere azaldu du, eta paisaiak idealizatzeko aspalditik datorren joerarekin apurtu duten mugimenduei begiratu bategin die. Haren arabera, eta erakusketarekin batera kaleratu duten katalogoan zabalago azaltzen duenez, 1970eko hamarkadan AEBetako New Topographics mugimenduaren barruko argazkilariak hasi ziren euren begirada tradizionalki degradatuak kontsideratuak izan ziren lekuetara bideratzen, «gizakiaren ekintzak paisaiari erantsitako azpiegiturak enkoadratzeetatik kanpo geratu» zirelako.
Sozioekonomikoki nahiz kulturalki gertatzen ari ziren aldaketa horiek paisaietan lekua izatearen aldekoa zen mugimendu hura, «bai maila formalean eta bai maila kontzeptualean, esanahi eta sinbolo berriak landuz, haietan identifikatu ahal izateko bere burua han bizi zen jendeak». Mugimendu hark Alemanian, Dusseldorfeko Arte Akademiak bultzatuta, jarraipena izan zuen, eta, batez ere, industrialki garatutako inguruetako paisaiak irudikatzen zituzten. Italian ere paisaia argazkilaritzaren transformazioa gertatu zela dio Martinezek, 1970eko hamarkadan, Scuola italiana di paesaggio deituriko joera artistikoaren bueltan, eta Ghirri edo Basilico argazkilariek gidatuta.
Ibaia, gizakiaren jardunetik
Italiako Po ibaiaren inguruko argazkiekin erakusketa egin du Begoña Zubero argazkilariak, Antonioni zinemagileak inguru horri buruz egindako lanean oinarrituta. Donostian jarri dute ikusgai, Tabakaleran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu