Patrick Alfaya. Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendaria

«Iazko urtearekin konparatuz, %5 hazi da sarreren salmenta»

Donostiako Musika Hamabostaldiak 75 urte betetzen ditu aurten, eta, horren aitzakian, hainbat obra berreskuratuko dituzte jaialdian; besteak beste, Pucciniren 'La Boheme' opera antzeztuko dute.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Historiari begira antolatu dute aurten Donostiako Musika Hamabostaldia, abuztuaren 1etik 31ra bitartean. 75 urte bete ditu jaialdiak, eta aurreko urteetan erreferentzia izan diren obrak, orkestrak, taldeak eta beste ekarriko dituzte gogora. Patrick Alfaya zuzendaria (Madril, 1971) ilusio handiarekin ari da lanean, guztia ongi irten dadin. Seigarren aldia du dagoeneko, eta esperientziak ematen dion lasaitasuna du.

Aurten, aurrekontu handiagoa duzue. Lehen, 2,32 milioi eurozen; orain, berriz, 2,46 milioi eurora. Gustura al zaudete?

Zerbait gehixeago bada, behintzat. Lau urte hauetan murrizketak etengabeak izan dira, eta joera aldatu egin da aurten, izandako jaitsiera baino askoz ere txikiagoa den arren igoera. Ni asko kexatu eta haserretu naiz; batez ere, Madrilgo Gobernuaren laguntza publikoa jaitsi dela eta. %21eko BEZ-a kolpe gogorra izan zen guretzat. Kulturak ez duela laguntzarik behar esaten dute. Banketxeak ez al daude, bada, diru publikoz lagunduta? Ekonomiaren motor nagusia ekimen publikoa da. Gu salbatu gaituena sarreren salmenta izan da.

Zer moduz doaz kontzertuen sarreren salmentak?

Harrigarria badirudi ere, oso ongi doaz, ematen du ez digula krisiak eragin. Ikusi besterik ez dago zinemak izan duen jaitsiera. Astelehenero kontatzen ditugu saldutako sarrerak, eta, lehengo urtearekin konparatuta, %5 igo da salmenta, oraingoz. Poza ematen du. Bildu behar dugunaren %78jaso dugu, jada. Guretzat, salmentak ezinbestekoak dira, bestela ezingo genuke aurrera egin. Soldatek jaitsiera izan duten arren, jendeak ez dio utzi erosteari. Izan daiteke oporretara gutxiago joango direla eta, hemen daudenez kontzertuak ikusten dituztela.

Europako zein jaialdi konpara daiteke Donostiakoarekin?

Salzburgokoa (Austria), BBC Proms Londreskoa, Edinburgokoa (Eskozia) dira oso garrantzitsuak, baina aurrekontu izugarriak dituzte gurekin konparatuta, 30 aldiz handiagoak. Espainiako Gobernuarena da Arte Eszeniko, Zirku eta Musikaren Institutua eta urteko aurrekontua 70 milioi da. Britainia Handian 800 milioi librakoa dute. Guk salmenta handiak ditugunez, sarrerak beste lekuetan baino merkeago jartzeko aukera daukagu, eta horrek errazten digu lana. Artistentzat ez da gauza bera jendez betetako areto batean jotzea, edo erdi hutsik dagoen batean. Ahalegin handiagoa egiteko prest egoten dira musikariak.

Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrena ospatuko duzue aurten.

Urteurrenaren aitzakian ez dugu gai zehatzik aukeratu, eta1939an eta 1940an jo ziren obrak berreskuratuko ditugu; La Boheme opera eta beste hainbat obra. Dantzak garrantzi handia izan zuen hasierako urte haietan, eta Victor Ullateren balleta ekarri dugu. Urte hauetan oso gutxi programatu dugu dantza, balletaren munduak kolpea izan duelako krisiarekin.

La Bohème operaren kalitatea nabarmendu izan duzu.

Historian eta Donostiako Musika Hamabostaldian gehien eskainitako opera izan da La Bohème. Baina 42 urte badira ez dela hemen egin. Oso opera ederra da. Diskoa jarriz gero, abesti asko ezagutuko lituzke jendeak, iragarkietan, filmetan... azaldu direlako. Bideoekin asko jolasten du, eta, horren eraginez, hemen egin liteke. Kursaal aretoa ez da opera antzoki bat, eta ikuskizuna espazio txikiago batera egokitu behar izan dugu. Ez da erraza. Oholtzan sartzen diren elementuak agertokira igo eta ateratzeko arazoak izaten dira, baina egin daitekeela ikusi genuen, eta aurrera. Pentsa Valentziako Palau de las Artesen agertokiaren azpian elementuak igo eta jaisteko 2.000 metro karratuko espazio bat daukate.

Berreskuratuko dituzuen obren inguruan zer esan daiteke?

Franz Schuberten Sinfonia amaitu gabea-rekin hasi zen, hain justu, Musika Hamabostaldia duela 75 urte. Obra txiki asko dauzka. Budapest Festival Orkestrako zuzendari Ivan Fischerrek aukeratu zuen obra hori. Bi egunetan jo behar dute, eta bigarren egunean pieza alaiagoak eta ez hain serioak nahi zituen. Euskaraz esaten ditu beti hitz batzuk Fischerrek. Publikoak asko maite du, eta orkestra oso ezaguna da. Giuseppe Verdiren Requiema 1940an jo zen. Hamar urte badira Donostiako Musika Hamabostaldian jotzen ez dela. Historiako obrarik ospetsuenetako bat da; musika aldetik, oso erakargarria. Lau bakarlari ditu, orkestra handia eta koruarekin. Donostiako Orfeoiak askotan interpretatu du.

Zein kontzertu gehiago nabarmenduko zenituzke?

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak joko du, esaterako, Gustav Mahlerren Seigarren sinfonia. Yannick Nezet-Seguin zuzendaria Mahler interpretatzeko gaur egun dagoen zuzendaririk onena, eta bereziki erakartzen nauen kontzertua da hori. Okzitaniako Tolosako kapitolioaren orkestra nazionalak Donostiako Orfeoiarekin batera eskainiko duen kontzertua ere jende askori interesa dakioke. Faustoren gaitzespena interpretatuko dute, lehendabiziko egunean. English Baroque Soloists eta Monteverdi abesbatzak, John Eliot Gardinerren zuzendaritzapean, abuztuaren 5ean, eskainiko duten kontzertua ere oso interesgarria izango da. Johann Sebastian Bach, Domenico Scarlatti eta Georg Friedrich Haendel joko dituzte. Monteverdi abesbatza munduko onenetzat hartzen da.

Arantzazuko kontzertuak ere arrakasta handia izaten du.

Bai, hala da. Aurten abuztuaren 7an izango da, aurreratu egin dugu. Kalakan taldearekin zerbait egin nahi genuen, eta, agenda arazoak zirela medio, ezin zuten geroago.

Zer egitea gustatuko litzaizuke etorkizunean?

Aurrekontu handiagoa izanez gero, gure ikuskizun propioak sortzea gustatuko litzaidake, garai batean egiten genuen gisan. La Fura del Baulsekin egin genuen, esaterako.

Oro ahr, jendeak ba al dauka kulturarik musika klasikoan?

Nik uste dut estatuan [Espainia] arazoa hezkuntzan dagoela. Ni haurra nintzenean, oinarri batzuk erakusten zizkiguten; Mozart eta Beethoveni buruz zerbait bagenekien. Gaztetan, urtebete Londresen pasatu nuen, eta musika irakaskuntzak askoz ere indar handiagoa zuen han hemen baino. Inguruan musika klasikoa entzuten duen inor ez badaukazu, oso zaila da zuk entzutea. Gainera, ez dago genero hoberik edo okerragorik; musika ona eta txarra dago. Nik uste dut, hala ere, Euskal Herrian kultura handiagoa dagoela. Abesbatzek indar handia dute hemen, eta Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa ere badaude. Elkarte gastronomikoan bazkaldu eta gero,jendea kantatzen hasten da, eta bada zerbaiten adierazgarria. Beste leku batzuetan gertatzen ez den fenomenoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.