Zinema

Iaz Euskal Herriko zinemetan estreinatutako 900 filmetatik hiru bakarrik izan ziren euskaraz sortutakoak

Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz taldeek egindako ikerketa batean 2024an Euskal Herriko zinemetan eginiko emanaldiak aztertu dituzte. Adierazi dute euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa «sistematikoa» dela.

Alex Aginagalde eta Agurne Gaubeka, gaur Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Alex Aginagalde eta Agurne Gaubeka, gaur Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko martxoaren 5a
15:34
Entzun 00:00:0000:00:00

«Datu gordinak bezain kezkagarriak dira», hori adierazi du Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko bozeramaileak gaur Donostian egindako prentsaurrekoan, plataformak ondutako ikerketa baten emaitzak jakinaraztearekin batera. 2024an Euskal Herri osoko zinema areto komertzialetan izan diren emanaldiak aztertu dituzte; estreinaldiak eta emandako filmen hizkuntza kontuan hartuta, hain zuzen. Aginagalderekin batera egon da Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere, ondorioak plazaratzeko.

Orotara 900 filmetik gora estreinatu ziren iaz Euskal Herrian. Horietatik, baina, hiru bakarrik izan dira euskaraz sortutakoak: Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro, Negu kolektiboaren Negu hurbilak, eta David Perez Sañudoren Azken erromantikoak —azken hori Hego Euskal Herrian bakarrik—. Hegoaldean izan ziren 540 estreinaldietatik, aipatutako hirurak eman dira euskarazko jatorrizko bertsioan. Bestalde, Zinema Euskaraz programa dela eta, euskarara bikoiztutako haurrentzako 11 film eskaini dira. Beraz, estreinaldien %2,6 izan dira euskarazkoak.

Ipar Euskal Herrian, ordea, 520 film estreinatu ziren urte osoan, eta euskarazkoak %0,4 izan ziren. Halaber, Baionako L'Atalante aretoan martxan jarritako Euskal Zinema Korner programazioa ekarri dute gogora. Urte desberdinetako euskarazko filmak proiektatu dituzte egitasmo horren karietara. Baina, estreinaldiak izan ez direnez, ez dituzte azterlanerako kontuan hartu.

Emanaldiek ere, behera

Aretoetako emanaldiei dagokienez, Aginagaldek gaineratu du gaztelaniazko lanen emanaldi kopurua «askoz handiagoa» izaten dela beste zernahi hizkuntzarekin alderatuta: ia 200.000 emanaldi egon ziren areto komertzialetan, eta euskaraz izandakoen kopurua ez zen %1era iritsi —1.800 inguru izan ziren—. Gaztelaniazko emanaldien kontrastean, eta erdarei dagokienez, frantsesez proiektatu zirenak gutxiago dira, alde handiz: 29.000.

«Euskaraz ez dugula kontsumitzen esaten zaigun honetan, nekez uler daiteke herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea; erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte»

AGURNE GAUBEKAHizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Euskal Herrian hamabost film luze ekoitzi ziren 2024an. Horietatik «soilik» hiru izan ziren euskarazkoak. Gainera, urte osoan gehien ikusi ziren hamar filmen artean, bakar bat ere ez zen izan ez euskaraz azpidatzia, ezta bikoiztua ere. Datuaren garrantzia azpimarratzeko, Kataluniako datu batzuk eman ditu Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak: gehien ikusi ziren hamar filmetatik, sei katalanera bikoiztuak eman zituzten iaz.

«Euskaraz ez dugula kontsumitzen esaten zaigun honetan, nekez uler daiteke herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea; erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte», aipatu du Gaubekak, behin datu guztiak emanda.

Legedia bete

Tokian tokiko gobernuek hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra dutela ere nabarmendu du Gaubekak. Zehaztu duenez, Nafarroaren kasuan, Euskarari buruzko Foru Legeak erakundeek «euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu» behar dituela azaltzen du. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 10/1982 legeak honela dio: «Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino, besteak beste, zineman eta ikus-entzunezko grabazioetan». Gaubekaren esanetan, Frantziako araudiak «ez die inolako eskubiderik aitortzen» Ipar Euskal Herriko euskaldunei. «Horiek horrela, argi dago euskaraz kontsumitzeko eskubidea bermatzetik urrun gaudela oraindik».

Ikus-entzunezkoek geroz eta presentzia handiagoa duten honetan, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariarentzat «ezinbestekoa» da filmak euskaraz ere egotea, behin zinema aretoetatik pasatuta film asko streaming plataformetan ere eskuragarri egoten direlako.

Irizpide aldaketa

Datuak «kezkagarriak» direla nabarmendu bai, baina aurrerapauso batzuk ere antzeman dituzte Gaubekak eta Aginagaldek. Pantailak Euskaraz-ek eta Ibaiak-ek —Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak— sarritan eskatu izan dute EAEko euskarazko zinema ekoizpenetarako diru laguntzen kopurua handitzeko. Eta 2024an 2023an halako hiru izan zen diru laguntzetarako aurrekontua  —2,5 milioitik zazpi miloi ingurura igaro zen—. Film luzeetarako, film laburretarako edo dokumentaletarako bideratu daiteke aurrekontua ere. Dena dela, Aginagaldek adierazi du ez dakiela zineman zer-nolako emaitza izango duen aldaketa horrek.

Zinema aretoak kudeatzen dituzten enpresentzat araudi «zorrotzagoa» eskatu du Gaubekak: «Filmak euskaraz egin daitezke, baina, gero, aretoak ez daude behartuta euskarazko eskaintza izatera. Hori bermatuko duten arauak behar ditugu». Aretoetan euskarazko lanik ez dagoen kasuetanwww.euskararentelefonoa.euswebgunearen bitartez dagokion salaketa jartzeko eskaera ere egin du. Horrela, kexa horiek dagokion erakunde eta enpresei bideratuko zaizkie.

Pantailak Euskaraz-eko kideak euskarazko edukiak kontsumitzera animatu ditu ikusleak. Esaterako, Zernonikusi.euswebgunean euskaraz dauden eduki guztien katalogo zabala dago eskuragarri; 100.000 edukitik gora daude.

datuak

%1

Euskaraz programatutako emanaldiak. Guztira 197.000 emanaldi izan ziren iaz Euskal Herrian, eta %1 baino gutxiago izan ziren euskarazkoak.

%0,4

Ipar Euskal Herriko euskarazko estreinaldiak 520 lan estreinatu ziren Ipar Euskal Herrian joan den urtean. Bi bakarrik eman zituzten euskaraz: Bizkarsoro eta Negu hurbilak.

%2,6

Hego Euskal Herriko euskarazko estreinaldiak 540 lan estreinatu ziren orotara. Hiru izan ziren euskaraz, eta erdaraz estreinatutako 11 euskarara bikoiztuak izan dira —haurrentzako filmak ziren denak—.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.