Gerediaga elkarteko komunikazio arduraduna eta Durangoko Azokako antolakuntza taldeko kidea

Izaskun Ellakuriaga: «Ia-ia urte osoko azoka da antolakuntza aldetik»

Liburuak, diskoak eta beste erosteko Euskal Herriko topagunerik handiena zabaltzear da, beste urte batez. Izaskun Ellakuriaga antolakuntzako kideak nahiko luke urte luzez azokak hala segitzea, eta bera ere haren parte izaten jarraitzea.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Gaur zabalduko dituzte Landako guneko ateak. Azokaren antolakuntzan dabiltzanek «borborrean» daukate bihotza, Izaskun Ellakuriagak (Iurreta, Bizkaia, 1972) BERRIAri kontatu dionez. Gerediaga elkarteko komunikazio arduraduna da, eta baita Durangoko Azokako antolakuntza taldeko kidea ere.

Hartzea ematea DA! da aurtengo leloa. Zer du azokak emateko, eta zer hartzeko?

Emateko du, beti lez, makinatxo bat ekitaldi eta esperientzia, komunitate zabal baten parte izateko eta sentitzeko aukera. Eta Gerediaga elkarteak, antolatzaile eta sustatzaile modura, hartzen du eragile ezberdin askok parte hartuta eta ados jarrita osatzen den ekitaldia. Guztia antolatu, eta azoka bihurtzen dugu. Eta hartu nahi genituzke euskal kulturagaz ardura daukaten eta euskal kulturaz disfrutatu nahi duten euskal herritar guztiak.

Aurtengo kartelak aurreko urteetako kartelen zatiak edo beste kultur sorkarien zatiak ditu. Gustatzen zaizu kontzeptua?

Bai. Uste dut ondo jaso dutela guk kartela egiteko enkargua egin genienean adierazitakoa. Azkenean, guztion artean egiten dugu azoka. Aurten 59 urte beteko ditu, eta ez ginatekeen hona helduko aurreko azokak existituko ez balira. Aurrekoetatik edan eta zerbait berria sortzea: kontzeptu hori asko gustatu zaigu. Egileek ere hartu eta eman egin dute; beraz, kartelak bete-betean egiten du bat gure leloagaz.

«Euskaraz ez gaude Euskal Herrira begira bakarrik: munduan zer sortzen den ere begiratzen dugu»

 

Kartelaren sortzaileak gerora jabetu ziren collagearen bihotz formaz. Nola duzu zuk bihotza?

Azokaren antolakuntzan gabiltzanean, borborrean daukagu bihotza, azeleratuta. Ni neu ere asko azeleratzen naiz; hortaz, tentsioan bizi ditut azoka aurrekoa eta azoka egunak. Ondorenean, igandea heltzen denean eta dena egin samar dagoenean, hustu egingo gara, neke hustuketa izango dugu.

Orduan, zuentzat azoka ez da abenduko kontua bakarrik.

Guretzat ez da abenduan amaitzen, gero administrazio tramiteak egiten baititugu, eta balorazio bilerak eragileekin, otsailera arte. Beraz, martxo edo apirilera aldera hasten gara serio antolatzen, eta hurrengo urteko otsailean amaitzen dugu; lan bolumen handiena urrian eta azaroan izaten da. Ia-ia urte osoko azoka da antolakuntza aldetik.

Azokaren aurkezpenean, Beñat Gaztelurrutiak aipatu zuen euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez daukala nahikoa hartzaile.

Sortu, sortzen da, eta oso sormen askotarikoa dago —zelan sortzen den beste kontu bat da—. Euskaraz ez gaude Euskal Herrira begira bakarrik: euskaraz munduan zer sortzen den ere begiratzen dugu, eta sortzaileek, euskaratik, molde berrietan erantzuten dute. Alde horretatik, aberastasun itzela dago. Baina, parean, sortzaileak ez dauka nahikoa hartzaile. Globalizazioaren munduan bizi gara, eta hegemonikoak diren beste hizkuntza batzuetara jotzen dugu musikan, zineman, literaturan... Guk hartzaile horiek aktibatu nahi ditugu, egon badaude eta. Jabetu ginen euskalgintzan eta euskarazko kulturgintzan lanean dabiltzan eragile batzuekaz nahiko ardura partekatua zela hori. 

«Elkartasun kutxa hau martxan ipiniko dugu aurten azokan parte hartzeko zailtasunak dauzkaten eragile horiei laguntzeko»

ELEN Hizkuntza Berdintasunerako Europako Sarearen batzar orokorrak ondorioztatu du  larrialdi linguistikoan daudela euskara eta euskal hiztunen komunitatea, esaterako. Azokak bere aletxoa ipintzen du, baina modu kolektiboan egin beharreko lana da.

Elkartasun kutxa bat jarriko duzue martxan aurten. Zein da kutxa horren asmoa?

Durangoko Azokan erakunde, talde, elkarte, argitaletxe eta diskoetxe askok hartzen dute parte, eta bakoitzaren egoera oso ezberdina da. Batzuek bizirik iraun besterik ez dute egiten, baina, aldi berean, parte hartu nahi dute euskalgintzaren komunitatea batzen duen ekitaldi honetan. Guk horien parte hartzea arindu nahi dugu. Elkartasun kutxa hau martxan ipiniko dugu aurten azokan parte hartzeko zailtasunak dauzkaten eragile horiei laguntzeko, ez ditugu-eta atzean utzi nahi; gurekin nahi ditugu aurten eta hurrengo urtean ere bai. Azoka amaitutakoan, behar dutenek laguntza eskatu ahal izango dute, eta guk eskariaren arabera lagunduko diegu. Parte hartzeko erakusmahai bat alokatu behar izaten dute, eta horren alokairua ordaintzen lagunduko genieke elkartasun kutxarekin.

Puntu moreak ere badira aurten, lehen aldiz. Zer protokolo izango duzue?

Arinago ere heltzea bageneukan, baina aurten protokolo bat zehaztu dugu. Berdintasun plan bat dauka Gerediaga elkarteak, eta azoka ere barne hartzen du, eta badauka eraso matxisten kontrako jarraibide edo protokoloa. Aurten dokumentu batean jaso dugu zelan jokatuko dugun ezer gertatuz gero, eta prebentziorako zer neurri hartuko ditugun; arautu egin dugu. Dokumentua partekatu dugu erakusmahaia jarriko dutenekin, azokako langileekin, sortzaileekin... guztiekin. Bisitariei esan nahi diegu ez dugula eraso matxistarik onartuko, eta baten batek beharra izango balu, informazio guneak puntu moreak ere izango direla eta boluntario batzuek txapa moreak izango dituztela. Haiengana jo ahal izango dute. Gu bidelagun izango gaituzte.

Urtebete falta da azokak 60 urte betetzeko, erretirorako adina. Horretarako asmoa du?

Ez, ez, ez, ezta pentsatu ere. Etorriko dira edizio gehiago, eta etorkizuna opa diot Durangoko Azokari. Espero dut urte luzeetan ni neu ere tartean egotea, antolakuntzan. Datorren urtean 60. urteurrena izango da, eta aurten, urteurren horri begira, ikerketa soziologiko bat egingo dugu; bisitariek inkestagileak topatuko dituzte azokako ateetan. Aztertuko dugu azokan parte hartzen duten eragileen eta bisitarien egoera edo profila zein den, zein beharrizan dituen, zer bilatzen duen... Gerediagak beste azterketa bat egin zuen 2018an Durangoko Azokari lotuta, bisitariekin eta erakusmahaia jarri zuten eragileekin; oraingoan, sortzaileen aldagaia ere batuko diogu. Hurrengo urteetarako bidea zehazteko balioko digu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.