Ia dena aldi berean irabazi du

'Everything Everywhere All at Once' filma izan da garaile nagusia 95. Oscar sarietan. Film onenarena ez ezik, zuzendari eta antzezle onenen sariak ere lortu ditu Dan Kwanen eta Daniel Scheinerten lanak

Ia dena aldi berean irabazi du.
Julen Otaegi Leonet - Ainhoa Sarasola
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Hollywoodeko Akademiaren 95. Oscar sariek ez zuten faborito argirik; ezusteko handirik gabe, ordea, izendapen gehien zuen filma izan da herenegun gaueko sari-banaketa ekitaldiko protagonista. 11 izendapen zituen, guztira, Everything Everywhere All at Once filmak, eta, azkenean, zazpi kategoriatan gailendu da. Film onenaren kategorian saritu dute; Dan Kwanek eta Daniel Scheinertek zuzendari hoberenaren saria jaso dute lan horregatik; Michelle Yeoh emakumezko aktore onena izendatu dute; eta beste lau kategoria nagusitan ere irabazi du aitortzarik: muntaketa onena (Paul Rogers), jatorrizko gidoi onena (Kwan eta Scheinert), taldeko emakumezko aktore onena (Jamie Lee Curtis) eta taldeko gizonezko aktore onena (Ke Huy Quan).

Zuzendari onenaren Oscar saria eskuratu duten zuzendari bikoteen zerrendan, hirugarrenak dira Kwan eta Scheinert —aurrez, Robert Wise-Jerome Robbins tandemak (West Side Story, 1961) eta Coen anaiek (No Country for Old Men, 2007) ere irabazi zuten garaikur hori—. «Benetako heroiak diren munduko ama guztiei» eskaini die aitortza Scheinertek; Kwanek, berriz, arbasoak izan ditu gogoan: «Jenioak kolektibotik azaleratzen dira; geure historiaren parte gara, eta nire gurasoen iragan immigrantea omendu nahi dut». Kategoria horretan, askok Steven Spielberg zinemagilea jotzen zuten saria irabazteko faborito nagusitzat, The Fabelmans film autobiografikoagatik. Baina, azkenean, hari ez ezik, Tood Field (Tár), Martin McDonagh (The Banshees of Inisherin) eta Ruben Ostlund (Triangle of Sadness) zuzendariei gailendu zaizkie Kwan eta Scheinert.

Ohi bezala, Los Angelesko Dolby antzokian (AEB) egin dute sari banaketa, Euskal Herrian atzo goizaldea zenean. Ohiko alfonbra gorria xanpain koloreko batekin ordezkatu dute oraingoan. Baina gauza berri gehiago ere izan da ekitaldian; gizonezko aktoreei dagokienez, 1935etik ikusi ez den zerbait jazo da. Aurretik Oscar sarietarako izendatu gabeko bost hautagai izan dira: Brendan Fraser (The Whale), Austin Butler (Elvis), Colin Farrell (The Banshees of Inisherin), Paul Mescal (Aftersun) eta Bill Nighy (Living). Fraser gailendu da haien artetik, Darren Aronofskyren zuzendaritzapean obesitate morbidoa duen irakasle baten rolean egindako interpretazioagatik. Hain zuzen, zuzendariari eman dizkio eskerrak antzezleak, bere bizitzako rolik garrantzitsuena egiteko aukera emateagatik.

Ibilbide luzeko bi emakume

Emakumezko aktoreen artean, berriz, Yeoh gailendu da, zeina sari horretarako lehen aldiz izendatu baitute berrogei urteko ibilbidean. AEBetan bizi den etorkin baten rola antzeztu du: lan munduko nahiz etxeko zeregin astunei aurre egiteaz gain, mundua salbatu behar du, unibertso paralelo batetik bestera jauzi eginez. «Amets handiak egia bilakatzen direla» frogatzen du, haren hitzetan, bera saritu izanak. «Beraz, ez utzi inori esaten gai ez zaretela», gehitu du, eta amari eskaini dio saria, «benetako superheroia» bera dela aitortuta. Sarien historian garaikur hori irabazi duen asiar jatorriko lehen emakumea da Yeoh. Bera eta Cate Blanchett (Tár) jotzen zituzten gehienek saria irabazteko faboritotzat; haiekin batera, Ana de Armas (Blonde), Andrea Riseborough (To Leslie) eta Michelle Williams (The Fabelmans) zeuden izendatuak.

Eta taldeko aktoreen artean ere, film berean Yeohrekin lan egin duten beste bi antzezle nagusitu dira: Lee Curtis emakumezkoen kategorian, eta Quan gizonezkoenean. Yeoh bezala, berrogei urteko ibilbidean lehenengo aldiz zegoen izendatua Lee Curtis Oscar sarietan, eta garaikurra pozarren hartu du eskuetan, eta «ehunka laguni» eskaini die. Quan ere hunkituta agertu da aitortzarekin: «Uste nuen hau filmetan soilik gertatzen zela, baina niri gertatu zait».

Saridun gehiago

Faboritoen artean, bazen besterik: Edward Bergerren Im Westen nichts Neues. Bederatzi izendapen zituen; besteak beste, film onenaren kategoriakoa. Bada, lau sari jasota, gaueko bigarren garaile nagusitzat jo daiteke zuzendari alemaniarraren filma: nazioarteko film onenarena, argazkiarena, soinu bandarena eta produkzio diseinuarena harentzat izan dira.

Martin McDonagh zuzendariaren The Banshees of Inisherin lanak beste hainbeste izendapen zituen: bederatzi. Baina ez du sari bat bera ere lortu. Eta Spielbergen The Fabelmans izan da saririk gabe etxeratu diren beste lanetako bat, zazpi kategoriatan hautagai bazen ere. Zinema aretoetan arrakasta komertziala lortu duten beste bi superprodukziok sari bakarrarekin konformatu behar izan dute: James Cameronen Avatar: The Way of Water lanak efektu berezi onenen garaikurra eraman du; eta Joseph Kosinskiren Top Gun: Maverick-ek, berriz, soinu onenarena.

Animazioak ere badu sari propioa, eta Pinocchio filmak eskuratu du kategoria horretan film luze onenaren saria. Guillermo del Torok eta Mark Gustafsonek zuzendu dute lana. «Animazioa zinema da, eta prest dago beste maila batera jauzi egiteko eta gehiagotan aintzat hartua izateko», aldarrikatu du zinemagile mexikarrak, garaikurra eskuetan. Animaziozko film labur onenaren saria, berriz, The Boy, the Mole, the Fox and the Horse (Peter Baynton, Charlie Mackesy) lanarentzat izan da, eta fikziozko labur onenarena, An Irish Goodbye-rentzat (Tom Berkeley, Ross White).

Film dokumental onenaren kategorian, Navalny (Daniel Roher) saritu dute akademiako kideek, eta film labur dokumental onenaren saria The Elephant Whisperers (Kartiki Gonsalves) lanari eman diote.

Abesti onenaren saria, berriz, Naatu Naatu kantuak irabazi du (M.M. Keeravaani, Chandrabose), RRR filmekoak. Indiako konposizio batek lortu duen lehen Oscar saria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.