Zentsura sorkuntzan. Kasuak Euskal Herrian

Ia bi hamarkada bete zentsura

Hamaika zentsura kasu izan dira sorkuntza esparru guztietan 2000. urtetik hona.

Donostia 2016. Euskal presoek egindako artelanak zentsuratu zituzten Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Beltzez joan liteke ondoren datorren zerrenda guztia. Hemeroteketan bilatuta, 2000. urtetik hona Euskal Herrian egon diren zentsura kasuak eta Euskal Herritik kanpo euskal sortzaileen aurka egon direnak biltzen saiatu da BERRIA. Badaude arrazoi politikoengatik bertan behera gelditutako emanaldiak, zentsuratutako erakusketak eta epaitegietatik pasatu behar izan duten sormen adierazpenak ere. Kultur sorkari zentsuratuak soilik hartu dira kontuan, eta, beraz, kanpoan gelditu dira, adibidez, bahitutako saiakera edo ikerketa lanak edota iritzi adierazpenen aurka egindako epaiketa eta kondenak. Era berean, ez dira zerrendan gehitu sare sozialek debekatutako biluzi irudiak eta gisakoak.

2000



Flitter musika talde nafarrari 900.000 pezetako isuna jarri zion Gasteizko epaitegiak Ke hace aquí abestian Ertzaintza iraintzen zuela egotzita. Hitzek ez zioten zuzenean erreferentziarik egiten Ertzaintzari, baina «zipaio» hitza erabiltzen zuen taldeak, eta epaileak horregatik zigortu zuen. Hainbat talderen artean kontzertu bat antolatu zuten Iruñean, isuna ordaintzeko dirua biltzeko.

2001



Pirritx eta Porrotxen aurkako kanpaina abiatu zuten. Pailazo taldeko kide batzinegotzi zen Lasarte-Orian; ETAk hango zinegotzi bat hil zuenean, ez zuen ekintza gaitzetsi, eta hortik aurrera hasi ziren pailazo taldearen emanaldiak erortzen PP eta PSOEk alkatetzak zituzten herrietan. Beren jardun pertsonala eta artistikoa nahasi izana gaitzetsi zuten taldekideek. Pailazoen aldeko babes mugimendu bat ere jarri zen martxan.

2001



Guezmer marrazkilariak Dorre Bikiei buruzko txiste bat egin zuen Ekaitz aldizkarian. Irailaren 13an izan zen. Irudian, dorreak ikusten ziren, eta, haren gainean, testu batek zera zioen: «Denok amestu dugu... Hamasek egin duela». 1.500 euroko zigorra ezarri zion Frantziako Justiziak, bortizkeria goratu eta biktimak mindu zitzakeela egotzita. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen babes eske marrazkilariak, baina ez zuten eskaria kontuan hartu. 2008an heldu zen ebazpena, eta, eskaria atzera botatzeko aipatutako argudioen artean, hau ere aipatu zuten: «Ez da gutxiestekoa halako mezu batek Euskal Herriaren moduko lurralde politikoki sentibera batean daukan eragina».

2001



Negu Gorriak taldearen bigarren diskoan atera zen Ustelkeria abestia. 1991n izan zen hori.Kanta hartan, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilen teniente koronela droga trafikoarekin lotzen zuten musikariek, garai hartako hainbat kazetaritza lanek erakusten zutenari ahotsa jarriz. Galindok salaketa jarri zion taldeari, besteak beste, hamabost milioi pezeta eskatuz. Atzera bota zuten lehenik salaketa, baina 1995ean Poliziaren alde egin zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Errekurtsoa jarri, eta 2001. urtean atzera bota zuen Galindoren aldeko epaia Espainiako Auzitegi Gorenak, formulazioan akats batzuk zeudelako.

2002



SA Gasteizko musika taldearen aurkako kanpaina abiatu zuen Luis del Olmo irrati esatariaren programan Alfonso Rojo solaskideak maiatzaren 31n. «Terroristen aldeko» izatea eta «antisemita» izatea egotzi zioten taldeari. Besteak beste, La Razón eta El Mundo egunkariek presio kanpaina bat jarri zuten martxan taldea kontratatzen zuten udalen aurka. Zortzi emanaldi galdu zituzten kanpaina horren ondorioz. Hurrengo urtean, lokal pribatuetan jotzeko saiakerak egin zituen taldeak, baina zehaztu zuen hogei kontzertu bertan behera utzi behar izan zituztela presioen ondorioz.

2002



Gasteizen ematekoa zen kontzertu bat galdu zuen Su Ta Gar taldeak. Taldekideek azaldutakoaren arabera, haien aurkako kanpainaren hasiera hori izan zen. Aitor Gorosabel musikariak azaldu zuen gertatutakoa: «Preso politiko batek idatzitako kantu bat genuela-eta hasi ziren lehen liskarrak, eta Gasteizko kontzertua galdu genuen».

2003



Su Ta Gar taldeak jakinarazi zuenez, Euskal Herritik kanpo jo behar zituen bi kontzertu galdu zituen ekainean. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere taldearen aurkako kanpaina jarri zuen abian, kontrataziorik ez egiteko deia eginez. Eten behar izandako emanaldiez gainera, oro har urte hartan emanaldi gutxiago lortu zituztela ere adierazi zuten.

2003



Fermin Muguruza eta Manu Chaoren kontzertuak bertan behera utzi zituzten Malagan eta Murtzian (Espainia), Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Fermin Muguruzak parte hartzearen aurkaegindako salaketagatik. Aurrez ere askotan jasan ditu presioak Muguruzak.

2006



Berri Txarrak taldeari kontzertu bat bertan behera utzi zioten Madrilen. PP alderdiaren esku zegoen Madrilgo Erkidegoko Hezkuntza Kontseilaritzak ukatu egin zien emanaldia egiteko baimena, saioa eskola publiko batean egitekoa zelako, eta, ordezkari publikoen hitzetan, jo behar zutenak «ETAren aldeko taldeak» zirela argudiatuta. Zentsura salatu zuen taldeak orduan.

2006



SA taldearen aurkako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Beren abestietan «terrorismoa goratzea» eta «biktimak iraintzea» egotzi zioten taldeari. Fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zizkion taldekide bakoitzari eta taldeko managerrari. Epaileak absolbitu egin zuen taldea, eta epaiari jarri zioten helegiteak ere ez zuen aurrera egin.

2007



Clemente Bernad argazkilariak erakusketa bat jarri zuen Bilboko Guggenheim museoan, euskal gatazkari loturiko argazkiekin. Iragana desitxuratzen zutela argudiatuz, irudi haiek erretiratzeko eskatu zuten PP alderdiak,ETAren biktimak batzen dituen AVT elkarteak eta Miguel Angel Blanco fundazioak. Biktimenganako «iraina» iruditzen zitzaien Bernaden erakusketa. Eutsi egin zioten artistak eta museoak presioei, baina Miguel Angel Blancoren kaskezurraren erradiografia agertzen zuen argazki bat zintzilikatzeari uko egin zion artistak, familiari gogorregia iruditzen zitzaiolako. «Biktimekiko errespetua dago lehenik», argudiatu zuen argazkilariak.

2008



Bilboko Rekalde aretotik Khuruts Begoña artistaren bideo lan bat zentsuratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Biktimen aurkako iraina ikusi, eta kendu egin zuen Begoñaren lana Ertibil 08 erakusketatik. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren atzealdean grabatu zuen lana, eta Guardia Zibilen jeep bat erakusten zuen Vicente Larrearen eskultura baten ondoan. Mira bat ere ageri zen. Mira hura «arma moderno batena» zen, aldundiaren hitzetan; «kamerarena», berriz, artistarenean.

2008



Espainiako Erregearen aurkako irain larriak egitearen akusaziopean, epaiketa izan zuten Jose Antonio Rodriguez Gonzalez, Javier Luis Ripa Jimenez eta Nicolas Juan Lococo Cobo umoregileek. Errusian hartz ehizan zebilela Juan Carlos erregea mozkortuta zegoela iradokitzen zuten umoregileen bromek. Deia egunkarian argitaratu zuten txistea, eta baita Gara egunkarian ere haren parte bat. Fiskalak 10.000 eurotik gora eskatzen zizkion bakoitzari, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen ikusi delitu zantzurik. Errugabetzat jo zituen Jose Maria Vazquez Honrubi epaileak, baina, haren hitzetan, «oso gutxigatik».

2008



Eleberri bat kaleratu zuen Luis Beroiz idazleak. Ertzaintzak torturatu zuen semearen bizipenak zituen oinarri Entre ceja y ceja liburuan sortutako fikzioak, eta Txalaparta argitaletxeak argitaratu zuen. Bartzelonan aurkezpena egiten saiatu ziren argitaletxekoak, baina atzera bota zieten eskaria, liburua «erosoa ez zela» argudiatuta.

2010



Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak A Serbian Film pelikularen proiekzioa bertan behera utzi zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean. Filmak askatasun sexualaren aurkako delitua egiten zuen argitu artean lana ez proiektatzeko eskatu zuten. «Pederastia» eta «sexu delituen goratzea» egiten ote zen ikertzea zen epailearen asmoa, eta badaezpadako neurri gisa kendu zuen programatik filma Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. Errespetatu egin zuen epailearen erabakia, baina esan zuen bera ez zegoela ados erabakiarekin.

2011



If Matxikote margolariaren Arrak eta garrak erakusketa kendu zuen hormatik Baionako Kalostrape jatetxeak. Azaroan paratu zituzten irudiak han, eta, bezero batzuen presioaren ostean, kendu egin zituzten, gizon biluziak agertzen zirela argudiatuz.

2012



Jean-François Simon artistaren margolan bat kendu zuten Baionako elizatik. San Miguel goiaingeru erdi biluzi baten irudi bat zuen margolanak, eta 1992an eman zion elizari, horman mantenduko zuten baldintzapean. Kendu egin zuten hormatik, ordea, azalpenik eman gabe, eta nahi zuenean berreskuratu zezakeela esan zion Francois de Mesmay apezak. Goiaingeruaren biluztasunak eragindako erreparoa izan zitekeela pentsatu zuen artistak.

2012



BARRURA BEGIRATZEKO LEIHOAK filmaren laguntzek polemika piztu zuten. Euskal presoen egoera zuen ardatz lan horrek, eta polemika piztu zen. Espainiako Barne Ministerioaren presioagatik, egileek uko egin zioten hainbat diru laguntzari. Zinemaldian ez zuten estreinatu gero, eta presio horren itzala igarri zuten egileek. Ukatu egin zuten Zinemaldiko arduradunek. Auzitegi Konstituzionalak ere kopia bat eskatu zuen, baina azkenean ez zen egon epaiketarik. Gerora, ETBn emandakoan ere polemika izan zen.

2015



Madrilgo Gobernuak eragotzi egin zion SA taldeari Vista Alegre zezen plazan Flitter taldearekin batera jotzekoa zen kontzertua ematea. Emanaldia baino astebete lehenago heldu zitzaien abisua, eta Madrilgo udaltzaingoak egindako txosten bat zuen oinarri. Bertan, 2006an egin zitzaizkien akusazioetako batzuk ageri ziren berriro, nahiz eta epaitegiek akusazio haiek bertan behera utzi.

2015



Berri Txarrak taldeak Zaragozan eskaini behar zuen kontzertua bertan behera uzten saiatu zen PP alderdia. «Terrorismoa goraipatzea eta ETAko presoei babesa ematea» egotzi zioten taldeari. Taldeak adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo zuen zentsura saiakera. NATOren aurkakoa zen kontzertua, eta eutsi egin zioten deialdiari antolatzaileek.

2015



Abel Azkona artistak erakusketa bat zabaldu zuen Iruñeko Erorien Monumentuko arte aretoan, eta protestak piztu zituen ostia kontsakratuz pederastia hitza idazten zuen piezak. Salaketa egin zuten artistaren aurka, eta auzitegietatik ere pasatu behar izan zuen. 2017an eman zuten itxitzat auzia, eta ez zuten ikusi debekurako motiborik.

2016



Wismichu youtuberraren emanaldia bertan behera utzi zuten Bilboko Campos antzokian. Bilboko Udalarena da eraikina, eta SGAE fundazioak kudeatzen zuen orduan. Ikuskizunak «emakumeak iraindu» eta pederastia «goratzen» zuelakoan eskatu zion EH Bilduk udalari saioa bertan behera uzteko. Emanaldia bertan behera uzteko eskaria «azkarregi» egin zutela aitortu zuen gero koalizioak. Edonola ere, emanaldiak lege arazoak sor zitzakeela esaten zuen eskutitz bat bidali zien udalak antzokiaren arduradunei, eta bertan behera geratu zen saioa.

2016



Nafarroako Komiki Azokak H28 aldizkari satiriko digitalaren bi irudi zentsuratu zituen. Azokak egin zien beren lanak erakusteko eskaintza aldizkariko marrazkilariei, baina, bidali zituzten lanak ikusitakoan, Opus Dei talde kristaua eta pederastia aipatzen zituen marrazki bat eta Guardia Zibila eta tortura aipatzen zituen beste bat kentzeko eskaria egin zieten. «Gehiegizkoak» iruditu zitzaizkien irudiak antolatzaileei, eta etorkizuneko azoketan babesle pribatuak galtzeko arriskua ere aipatu zuten. Iruñeko Udalak azoka babesten zuen, eta adierazpen askatasunaren eta artisten «autoerregulazio-gaitasunaren» arteko «oreka» aurkitu beharra aipatu zuen.

2016



Donostia 2016 egitasmoak bi sortzaileren lanak zentsuratu zituen Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketan. Espetxe eta zentro psikiatrikoetan zeuden pertsona batzuek egindako lanak biltzen zituen erakusketak, eta euskal presoek egindako lanak kendu zituen antolakuntzak, biktimak min zitzakeela argudiatuta.

2017



Bilboko Aste Nagusian Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa erretiratu zuen Poliziak. Kristoren gorputza zatika saltzen zuen harategi bat irudikatzen zuten marrazkiak zeuden tartean. Gotzaingoak «biraozko» edukiak zeudela argudiatu, eta Ertzaintzak erretiratu egin zuen dekorazioa.

2018



Zumaiako horma irudiaren kasua. Nola ezabatzen duen aldiro udalak, eta nola margotzen duten aldiro berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.