Itxi dute Durangoko Azokako denda digitala, baina isats luzea utziko du oraindik ere Landako gunean. Oraindik lanez lepo jarraitzen dute Gerediaga elkarteko langileek eraikin barruan azoka egunetan jasotako eskari guztiei erantzuteko. «Egun batzuetarako lana dugu oraindik hemen». Ehunka paketeko metak ikus daitezke bazterretan; mahairik mahai dabil jendea liburu eta disko bila, eta etenik gabea da zinta itsasgarriaren hotsa; neke aurpegi nabarmenak, baita lasaitasun aire bat ere. Funtzionatu du aurtengo ereduak. Aurreikuspenak «bete» eta, are, «gainditu» ere egin dituela esan dute antolatzaileek. 7.800 erosketa egin direla zehaztu dute Gerediaga elkarteko ordezkariek, eta 27.758 produktu saldu direla, guztira. Igandera arte bidalketak egiten jarraituko dutela aurreikusi dute horregatik. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak bihurtu ditu sentsazio datu horiek guztiak. «Hunkituta gaude kulturazaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin; ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa».
Erosketa guztiak digitalak izan dira aurten, eta horrek aukera eman die antolatzaileei datu guztiak zehatz eman ahal izateko. Erosleen jatorria, erosketa gehien noiz egin den, erosketaren zenbatekoak... 27.758 produktu horien artean, esaterako, liburuak izan dira 15.577, diskoak 7.036, eta bestelako 5.145. Euskal Herrikoak izan dira erosle gehienak, eta batez beste 53 euro gastatu ditu haietako bakoitzak, 3,5 produktu erosteko. Abenduaren 8an izan zen salmenta gehien, azokako azken egunean zehazki.
Programak ere harrera ona
Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan du bikoiztu egin behar izan dituztela erosketak bideratzeko aurreikusitako langileen txandak, eta baita kutxa gehiago eskatu eta garraiolarien bidaiak areagotu behar izan dituztela ere. «Asko izan dira egun hauetan agortu diren produktuak eta hainbat sortzaile, argitaletxe eta diskoetxe etorri behar izan dira produktu gehiago ekartzera».
Azoka egunetarako antolatutako kultur egitarauak izandako harrera ona ere nabarmendu dute; bai aurrez aurre izan den ikusle kopuruagatik, bai streaming bidez izan dituenengatik ere. Guztira, 5.800 pertsona izan dira Durangon eta Euskal Herriko zortzi herritara eraman duten Zu non, han DA! programan antolatutako kontzertuetan, eta, guztira, 43.500 ikusle izan ditu sarean egitarauak. Euskal Herrikoak izan dira ikusle gehienak, baina izan dira Mexikon, AEBetan eta Argentinan konektatu diren ikusleak ere. Bertatik bertara izandako ikusleak eta sarean izandako jarraitzaileak batuz, beraz, 50.000 zale batu ditu programak, Atutxak zehaztu duenez.
Ez dago aurreko urteetan izandako salmentekin alderatu ahal izateko daturik. Izan ere, saltzaileek kudeatu izan dituzte erosketei buruzko zenbakiak orain arte, eta ez Gerediaga elkarteak. Elkarteko kudeatzaileak gogoratu duenez, ordea, Durangora joandako 100.000 bisitarietako bakoitzak 48 euroko gastua egiten zuela zehaztu zuen Siadeco etxeak duela hiru urte egindako ikerketa batean. Aurten, berriz, 53 euro izan da batezbestekoa, webgunea baliatu duten 7.800 erosleen kasuan.
Azoka fisikora itzultzea
Tentsio handiko hilabete batzuen ostean, Mujikaren kortesiazko agur hitzetatik hasita igarri zaie lasaitua gaurko prentsaurrekoan, eta sinbolikoa izan da datuak aurkezteko aukeratu duten lekua. Saiakerak funtzionatu egin duela esan du Mujikak. «Zalantzaz betetako urte honetan, oso ondo ez genekien egiten ari ginen lan honek guztiak zerbaitetarako balioko ote zuen, azoka egoera honetan egingarria ote zen eta jendeak erantzungo ote zuen; baina esfortzu honek guztiak merezi izan duela frogatu duzue». Azokako lehenengo biltegi lanak egin zituen eta Hitz liburu denda izandako etxabean egin dute balorazio prentsaurrekoa. «Azoka bertan behera utzi edo murriztu beharrean, moldatu, berritu eta zabaltzea erabaki dugu. Erronka handia izan da hau guztia antolatzea. Lehen aldiz sortu dugu euskal kulturaren online denda erraldoia, bere konplexutasun guztiarekin. Horregatik, eskertu nahi izan dugu erosleak zenbait arazo teknikoren aurrean zein ulerberak izan diren».
Azoka fisikora bueltatzea da plana, halere. Argi eman du erantzuna Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Ez dugu ezkutatu behar guztiok, geuk barne, aurrez aurreko azoka faltan sumatu dugula. Horrek ez du kentzen oso pozik gaudela egin den lanarekin eta lortu dugunarekin. Orain aztertu beharko ditugu ondo arlo guztiak, eta ikusi beharko dugu nola goazen 2021. urtean, eta ikusiko dugu zer modutako azoka egin ahalko dugun».
Liburu dendetara
Durangoko Azoka amaitu ondoren ere euskal kultura kontsumitzen jarraitzeko deia egin die herritarrei Mujikak. Hain zuzen, jarraipen hori irudikatzeko atxikimendu kanpaina antolatu dute Euskal Herriok 141 liburu dendarekin. Gaurtik hasi eta urtarrilaren 8ra bitartean Durangoko Azokaren produktuak bertan salgai jarraitzen dutela adierazi dute Gerediaga elkarteko kideek. «Online dendan erosi ez duzuenok aukera daukazue zuen herri edo hiriko liburu dendetan azokako produktuak eskuratzeko». Webgunean dator egitasmoarekin bat egin duen saltokien zerrenda, baina, zehaztu dutenez, Araban hamahiru liburu denda bildu ditu kanpainak, Bizkaian 59, Gipuzkoan 49, Lapurdin bat, eta Nafarroan hemeretzi.