Bertsolaritza

Hutsunearentzako aringarria

Bertso udalekuak bertan behera geratu dira aurten. Ondorioz, Edurne Azkaratek eta beste bi begiralek 'Wifiak bidali du' egitasmoa antolatu dute sare sozialetan.

Egitasmoaren sare sozialean aurki daitezkeen irudietako bat, bertsolari ezagunen karikaturekin. WIFIAK BIDALI DU.
amaia igartua aristondo
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Birusak erabat aldatu zuen udaberria ezustean; orainezagunagoa izanda ere, uda haren moldeetara egokitu behar izan da, eta, azkenean ekitaldi batzuk libratu diren arren, kulturak ezin izan diolehorteari guztiz ihes egin. Bertso udalekuak daude bertan behera geratu direnen artean atzera-bueltarik gabe. Uda-udako ohitura izan da aurreko urteetan, baina aurten, nostalgiaz gogoratu eta datorren urtekoaren zain egotea beste erremediorik ez dago.

Hainbat bertso udalekutan begirale moduan aritu izan da Edurne Azkarate (Oion, Araba, 1993), eta udalekuek betetzen duten «transmisio lana» azpimarratu du. Alde batetik, ikasturteen arteko zubiak dira, udako oporretan bertsotan «trebatzeko» aukera ematen dutenak; baina «sorkuntza» dutenak langai, oro har. «Bertsoa da ardatza, baina interes asko biltzen dituzte. Askok bertso idatziak ere egiten dituzte; beraz, ez da bakarrik bat-batekotasunari bideratutako proiektu bat». Profilak askotarikoak dira, baita adinari dagokionez ere, umetatik hasi eta 18 urtera arteko bertsozaleak joaten baitira bertso udalekuetara; eta ertz horietara guztietara moldatzen dira, bertso ariketa klasikoetatik harago dauden ekintzak ere antolatuz. «Duela urte dezente, beste diziplina batzuei zabaltzen hasi ginen, diziplinek elkar elikatzen baitute. Kantugintza eta idazketa tailerrak ere egiten ditugu, adibidez».

Ikuspegi «ludikoa» dute udalekuok, eta horrek bertso eskola klasikoetatik aldentzen ditu, hein handi batean. «Bertso eskolan bezala landu beharrean, jolasen bitartez lantzen dugu bertsoa, mahai baten bueltan». Hala, ikasgela bateko betiko irudiei honako hauek kontrajartzen zaizkie: hitzarekin zerikusia duten jolasak, zapiaren jolasa errimekin uztartua, edo hondartzako egun bat. «Dinamika askotarikoak izaten dira, baina beti dago sorkuntzarekin zerikusia duen zerbait». Eta, sorkuntza lan horri bultzada emateko, ibilbide luzea duten bertsolariak entzuteko aukera ere izaten dute, baita haiekin kantatzekoa ere; Euskal Herriko haur eta gazte andanaren lehen bertsoak, besteak beste, Maialen Lujanbioren, Miren Amurizaren edo Odei Barrosoren sorkuntza trebeekin uztartzen dira bertso saio edo afarietan.

Ahal bezala egokitzen

Aurten, ordea, bertan behera geratu dira Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso udalekuak. «Udalekuek ezin dute ezarritako baldintza piloa bete», azaldu du Azkaratek. Horregatik erabaki zuen Wifiak bidali du sortzea, Jone Larrinagarekin eta Itxaso Paiarekin batera. Hiru begiraleek beren kabuz aurrera eramandako egitasmoa izan da: «Konfinamendu garaian pentsatu genuen ideia, eta gerora erabaki genuen uztailean abiatzea, udalekuek izan behar zuten datetan, hain justu». Hutsunea arintzeko egitasmoa sare sozialen bidez egin dute, haiei esker gazte askorengana hel daitekeelako. Haiek izan omen dira kaltetuenak, Azkarateren hitzei erreparatuta: «Gazteentzat oso traumatikoa izan daiteke urtebetez bertso udalekurik gabe geratzea. 15 urte ingurukoentzat eta aurten azken urtea zutenentzat tragikoa izan da».

«Saretzen jarraitzea eta komunitatea ez galtzea». Horiek lirateke, Azkaratek dioenez, egitasmoaren helbururik behinenak. Horretan jardun dute astebetez, uztailaren 24tik 31ra. Egun bakoitzean, erronka bat bota dute; haietariko batzuk, bertso udalekuetan egin ohi diren ariketen egokitzapenak. Mahaiburua izenekoa, kasurako: «Otordu bakoitzean, zozketaz aukeratutako mahaiko kideetako batek bertsoa bota behar du». Halere, «modu anonimoan» parte hartzeko aukera ematen duten ariketek izan dute parte hartzaile gehien, hala nola quizz-ak eta tribialak. Bi horietarako, sare sozialek duten inkestak egiteko tresnaz baliatu dira; hori izan da euskarri hori aukeratzeko beste arrazoietako bat.

Behin egitasmoa bukatuta, balorazioetarako momentua heldu da, eta Azkaratek argi du Wifiak bidali du «oso positiboa» izan dela. Aurreikuspen jakinik ere ez zuten. «Ez da enkargu bat izan; beraz, guk nahi izan dugun moldea eman diogu». Parte hartzaile aktiboei dagokienez —hau da, irudia eta ahotsa jarri duten horiek—, 19 eta 21 urte bitartekoak izan dira nagusi. Pasiboak ere «nahikotxo» izan dira, alegia, entzuleak. «Bideo bakoitzak 200 ikustaldi baino gehiago izan ditu. Bertso saioetan bezala, oso garrantzitsua da entzuleak izatea».

Etorkizunerako eredua?

Itxialdiarekin, hezkuntzak baliabide digitaletara jo zuen eskolak guztiz eten ez zitezen, oro har.Bertso eskoletan ere beste horrenbeste gertatu zen. Wifiak bidali du joera horren beste pauso bat izango litzateke, eta ez bertso udalekuak osoki ordezkatzera bideratutako egitasmo bat, ezpada «adabakia». Lan presentziala ezin dela «inondik inora ere ordezkatu» argi baitu Azkaratek. «Bateragarriak izan daitezkeen arren, lan hori ezin da beste era batera egin. Bertso udalekuak ez lirateke posible izango aurrez aurre egon gabe, ikasketa prozesuak eta elkarbizitzak dakartzatenak bizi gabe».

Hala, egoera «lehen baino lehen konpontzeko itxaropena» du, eta Internetek eskaintzen dituen baliabideak berriro ere «lagungarriak» izatea espero du; haren ustez, «tranpa egitea» litzatekeelako bata bestearekinordezkatzea. «Digitalak ez du presentzialaren tokia hartu behar. Sinistu nahi dut inori ez zaiola okurrituko hori egitea, baina, horrela balitz, ez nintzateke batere ados egongo».

Ez dirudi Wifiak bidali du egitasmoak, behintzat, iraun duen astebetea baino bide luzeagoa egingo duenik. Behin aurreikusitako epea igarota, Azkaratek aitortu du ez dakitela profilarekin zer egin. «Ez dakigu nola eta nortzuk kudeatuko dugun, ezta modu librean jarraipena izango duen ere. Agian, partekatutako gauzek oroitzapen gisa jarraituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.