«Eskola talde bateko ume batek artelan bat jo eta ia bota du, baina hezitzaile batek azken unean hartu du; talde gatazkatsua ematen du». «Kargu hartu zaio gelakideen aurrean dantza egin eta buruz beherakoa egiten hasi den gazte bati». «Bisitari bat ezkutuan jaten ari da». «Huts egin du argazki saioak». Gertakarien zerrenda zabala pilatu du Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak 2002. urtean ateak ireki zituenetik. Bisitarien eta artelan zein museoaren arteko elkarreraginen isla dira ohar horiek guztiek. Onartuta ez dauden harremanenak, hain zuzen ere, eta horiei buruzko gogoeta plazaratu du Ez ukitu, arren erakusketan.
Jorge Luis Marzok koordinatu eta bederatzi artistaren lana biltzen dituen erakusketa atzo inauguratu zuten, Iñaki Larrinberen Feria-rekin batera. Artiumeko Iparran irailaren 1era arte egongo dira bi erakusketa horiek, eta bereizita dauden arren, hainbat ezaugarri dituzte komunean. Ikusleen eta artearen arteko harremanari buruzko gogoeta egiten dute biek, eta, aldi berean, «zorroztasuna eta ironia» erabiltzen dituzte hausnarketa horiek egiteko, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak azaldu bezala.
Artearen eta ikusleen arteko hausnarketaren zorroztasun eta ironia hori agerikoa da Ez ukitu, arren erakusketaren hasieratik. Joan Fontcubertak egindako marmolezko oroitarri bat dago Iparra aretoaren sarreran bertan. Honako hau dago idatzita bertan: «2008ko apirilaren 10ean, aretoko arduradunak segurtasun zerbitzura deitu du jakinarazteko burutik sano ez dagoen neska batek, asteazkenero doanak, artelan batzuk ukitu dituela». Fontcubertak azaldu du gertakariari arte forma eman diola gertakarien zerrendan jasotako esaldia oroitarrietan idatziz, eta gertatu ziren lekuan kokatuz: museoan, biltegietan...
Marzok azaldu du gertakarien zerrenda aparteko tresna dela jakiteko zer harremana duten biztanleek artearekin. «Hasteko, nola dakigu zerbait artea dela? Museo edo galeria batean ikusten dugulako da artea; kalean jarriko bagenitu, agian ez genuke jakingo artistikoak direla». Artearen kontsumoa kodetutako eremu batean gertatzen dela azaldu du Marzok, eta kontsumo hori jokabide batzuekin lotu direla gaineratu: ez ukitu, ez jan, kendu kapela... «Askotan ez da baloratzen lan bati darion artea, baizik eta artelana izendatu izana».
Joan Fontcuberta, Mireia c. Saladrigues, Andres Hispano, Felix Perez-Hita, Fito Rodriguez, Oier Gil, Sandra Amutxastegi eta Pau Figeresek gertaeren erregistroa oinarritzat hartu eta ikusle eta artearen arteko harremana lantzen dute. Museoetan dauden segurtasun neurriak ezbaian jarri dituzte, baita arteari egozten zaion iraunkortasuna ere. Artelanen jabetzari buruzko eztabaida ere landu dute, bai museo barruan bai kalean, kaletik borratutako grafitien bitartez.
Kultura turismoa
Marzok jakinarazi du egun hiritarren %8 doazela museoetara, hain zuzen ere artearekin nolabait lotutako pertsona kopurua. «Turistak kenduta, badakigu zein doan museoetara», adierazi du egoera muturrera eramanez. Ordea, Iñaki Larrinbek kultura turismoaren ideia berea egin eta hainbat arlotan garatu du Feria izeneko erakusketan. «Izena ez ezik aretoari darion usainak ere islatu nahi duenaren erakusgarri da», azaldu du Castillejok. Haren ustez, erakusketak kultura «kontsumo hutsaleko» gai bihurtu dela salatzen du, eta ezagutza tresna izatetik geroz eta gehiago urrundu dela.
Krispetekin betetako igerileku bat, kolorezko pilotekin betetakogaztelu puzgarri bat —Artiumen forma duena—, Gaudi edo Sauraren lanei begira dauden gimnasioetako makinak, hiriko artisten artelanetan bildutako boxeo zakuak... Lan horietako batzuetan hainbat artistak hartu dute parte. «Erakusketak geruza asko ditu, eta ikus daitezkeen lanen autoretza nahasten da».
Modu askotan irudikatzen du Larrinbek kultura kontsumoa, eta, ildo horretan sakontzeko, bisitariak lan bakoitzaren zirriborroa erosteko aukera ematen dion makina automatiko bat dago Feria-ren sarreran. Kreditu txartelarekin ordaintzeko aukera ere ematen du.
«Huts egin du argazki saioak»
Ikusleen eta artearen arteko harremana eta artea kontsumo gai gisa aztertu ditu Artiumek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu