Iraila agurtzeko, poesiari eskainitako asteburu bat antolatu du estreinakoz Euskaltzaindiak. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dute, Lekeition (Bizkaia), eta Irailekoak izena jarri diote. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, «Euskaltzaindiak literaturari dion atxikimendua adierazteko» helburuarekin antolatu dute jaialdia, eta euskal poeten lana gizarteratzea izango da asmo nagusia. Alabaina, beste hizkuntza batzuetako egileen lanek ere izango dute tokia, hala nola autore katalanenak.
Euskal Herri osoarentzat izango da jaialdia, eta Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatuko duela zehaztu du Miren Agur Meabe idazleak: «Poesiak bere toki-denborak izan ditzan, bestelako ekintzekin lehian sartu gabe».
Euskal poeten lana ezagutarazi nahi dute jaialdiaren bitartez, eta askotariko hitzaldien, irakurraldien eta errezitalen bidez egingo dute hori. Hala ere, bestelako helburu batzuk ere izango ditu egitasmoak. Esate baterako, azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz hausnartuko dute Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldian. Iratxe Retolaza EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea arituko da hizlari.
Poesiarekin batera, beste arte mota batzuk ere uztartuko dituzte. Musika eta artelanak, esate baterako. Lekeitioko hormak eta erakusleihoak askotariko egileen bertso lerroz jantzi dituzte jada. Horrez gainera, Iraileko paperak izeneko aldizkaria argitaratuko dute, jaialdiaren lekukotza jasotzeko asmoz. «Oroigarri intelektual-poetiko bat izango da», zehaztu du Meabek.
Euskaltzaindiak Lekeitioko Udalaren babesarekin antolatu du jaialdia, baina herriko beste eragile batzuen laguntza ere izan dute. Tartean, Kitto merkatarien elkartearena, Sociedad Recreativarena eta Lekitto musika bandarena. Aurrerantzean, Irailekoak jaialdia «ohiturazko» izatea espero dute antolatzaileek. Lekua, baina, zehazteko dagoela adierazi du Meabek: «Aurten, Lekeition izango da; hurrengoetan, ikusiko da».
Jarraian, egunez eguneko egitaraua:
Irailak 30, larunbata
11:00. Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldia, Iratxe Retolazaren eskutik, Sociedad Recreativan.
13:00. Errezitala: Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Ditxarri eta Inun musikaria, San Juan Talakon.
18:00. Poeta gazte horiek errezitala kalerik kale: Beatriz Txibite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur.
22:00. Maite Larbururen kontzertua, San Jose elizan.
Urriak 1, igandea
11:00. Antonia Vicensen eta Iñigo Astizen arteko solasaldia, Sociedad Recreativan. Hamabost minutuko atsedenaldiaren ondoren, Mireia Calafellen eta Itxaro Bordaren arteko solasaldia.