Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Hurrena literatura gisa

2024ko martxoaren 10a
05:15
Entzun

Manifestu bat daukagu esku artean —gauza bat a priori serioa, hotza, zurruna; labur, anti-literatura—. Inoizko manifesturik ezagunena, hedatuena, irakurriena hori bai —eta pentsa zenbat manifestu idatzi diren historian, luze gabe Euskal Herrian—. Alderdi konkretu baten —komunista! Irain gisa, ia— programa teoriko zein praktiko zehatza ezagutaraziko duena. Karl Marxek idatzia funtsean, hala aitortzen du Friedrich Engelsek berak —nahiz egozten zaion esku sartzeren bat edo beste Jenny von Westphaleni—. Langileriaren antolaera eta gatazka sozialaren teorizazioa ekarriko dituena —baina ez, testuak berak iragartzen duen bezala, kapitalismoaren erorikoa—. Dokumentu historikoa, Bibliarekin batera irakurrienetakoa, gure mundu demonio hau ulertzeko ideia gako batzuk ematen dituena —Azurmendi, Lopez Petit, Zizek eta konpainiaren arabera—.

Ondo. Umberto Ecok, ordea, gomendatzen digu bere kalitate literarioagatik irakurtzea, edo, gutxienez, bere aparteko egitura erretoriko-argumentatiboagatik. A, ze gauza sujerentea. Manifestua hasten baita, nola ahaztu, alegia-eleberri gogoangarrienaren gisara: «Iratxo bat dabil Europan zehar: komunismoaren iratxoa» —eta iratxo dioen lekuan, jarri mamu, fantasma, inguruko hizkuntzetan itzuli izan duten bezala—. Ez daude hain urrun Mary Shelley eta bere munstroa, garai erromantikoa deitu izan dena. Baina hasiera baino ez da: jarraian datorrena dugu hatzak zupatzekoa. Egiten baita ordura arteko gizarteen historiaren errepasoa, klase arteko borrokaren arabera —beste esaldi gogoangarri bat: «Orain arteko gizarte osoaren historia klase arteko borrokaren historia besterik ez da izan»—. Eta lehenik burgesiaz hitz egiten bada ondo, are lilura puntu batekin –«Burgesiak historian zeregin iraultzaile nagusi bat izan du»—, halako batean lehertzen da, ezker-eskuin, Clint Eastwood saloon-ean agertu balitz bezala, anaforikoki, klase dominantea jomuga: «Burgesiak feudalismoa eraisteko erabili zituen armak berak orain burgesia beraren aurka bihurtzen dira». Tartean, gainera, ze gaurkoa den errepasoa, etengabeko garapena, merkatu globala, pentsa, literaturaz ere ari da: «Literatura nazional eta lokal guztietatik literatura unibertsala ari da sortzen» —Goetheren bidetik, bistan da–. Halako sententzia batekin borobiltzeko guztia: «Gobernu modernoa burges klasearen arazo orokorren administrazio-batzordea besterik ez da».

Umberto Ecok gomendatzen digu bere kalitate literarioagatik irakurtzea, edo, gutxienez, bere aparteko egitura erretoriko-argumentatiboagatik.

Kontakizunak, puntu honetan, giro dramatiko bat dagi: burgesiak, berari herioa ekarriko dioten armak egin ez ezik, arma hauek erabiliko dituzten gizonak (sic) ere sortu baititu, hots, langile modernoak, a.k.a. proletarioak. Eta proletarioak antolatu eta mugiarazi nahi dituzten komunistak (komunistak! Irain gisa, ia). Testuaren beste gailurretako batera iristen gara hala, burgesek komunistei aurpegiratzen dizkieten gauzak, banan-banan, maisuki, ezeztatzen hasten baita, argudio-kontrargudio, dema dialektikorako tresnak eskuratu nahi dituenarentzat eredugarri. Adibide bakar bat, ilustragai: «Gurasoek beren haurrak esplotatzea abolitu nahi dugula aurpegiratzen diguzue? Hutsegite hori behintzat aitortzen dugu». Programa politiko argia planteatuz, azkenerako: «Proletargoa klase gisa eratzea, burgesen nagusigoa birrintzea, proletargoak botere politikoa konkistatzea}. Hondar zatia da akaso dogmatikoena, eta, ondorioz, aspergarriena. Baina bukaera berriz ere dauka apoteosikoa: «Ikara bitez klase nagusiak iraultza komunistaren aurrean! Proletarioek ez dute hor galtzeko ezer, beren kateak izan ezik. Irabazteko, mundu osoa dute}. Eta, errematerako, sententzia hau, edozein irakurle, baita neoliberalena ere, dagoen lekutik altxa eta oihu eginarazi beharko lukeena: «Herrialde guztietako proletariook, elkar zaitezte!».

Laburbilduz, Umberto Ecok dioena: literatura testu ederra dela, tonu apokaliptikoa eta ironia tartekatzen dituena, lelo eraginkorrak eta azalpen argiak, ez bakarrik metafora gogoangarriak sortzeko gaitasun poetikoa daukana; oratoria politikoaren obra gailena ere badela, eskoletan erakutsi beharko litzatekeena, Zizeronen Katilinariak edota Zesarren hilotzaren aurrean Marco Antoniok jaulki zuen diskurtsoaren ondoan. Manifestu bat izateko, langileen artean masiboki zabaldua izatea helburu duena, kontzeptualki exijentea da, baina Marxen prosa pasionatuak konpentsatzen du nolabait. Gehiagotan egin zuen, oroi Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia, historiako gertakariak aurrena tragedia gisa eta hurrena fartsa gisa jazo ohi direla dioena. Lehen bokazioa idazlearena izan baitzen, literatura idazlearena: poema kaxkarrak idazten omen zizkion Jennyry, diosku Lefebvrek. Esku artean daukagun testua ere, aurrena manifestu gisa eta hurrena literatura gisa irakurriko bagenu, ez dakit kapitalismoarekin bukatu, baina seguru plazer amiñi bat gehiago behintzat hartuko genukeela.

'Alderdi komunistaren manifestua'

Idazlea: Karl Marx eta Friedrich Engels. Generoa: Saiakera. Euskaratzailea: Xabier Kintana. Argitaldaria: Jakin. Urtea: 1998.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.