Matematikaria, meteorologoa, idazlea eta pentsalaria ez ezik, gizarte hobe baten aldeko ekintzaile bakezale bezain tinkoa izan zen Karlos Santamaria, munduaren nahiz Euskal Herriaren etorkizunaz arduratua, hezkuntza gaietan aditu informatu eta zorrotza, jarreraz euskararen aldekoa beti. Humanista ekintzaile eta euskaltzale bat funtsean. Eragin handia izan zuen bere garaiko idazle eta pentsalari askorengan, Jakin Taldeko kideengan eta Rikardo Arregirengan batik bat. Euskal Herriko Unibertsitateak, Jakin Taldearen laguntzaz, Karlos Santamaria eta haren idazlanak proiektua osatzen duten hiru liburuak eta webgunea jarri ditu orain jendearen eskura. Proiektu guztiaren koordinazio lanaz Gidor Bilbao EHUko Euskara Errektoreordea arduratu da, eta webgunearen lan teknikoaz Dijitalidadea enpresa.
Paperezko hiru liburuetako batek Santamariak euskaraz idatzitako lan guztiak biltzen ditu, Euskarazko idazlanak izenburupean. Beste biak ez dira Santamariak idatziak, bestek hari buruz onduak baizik: Karlos Santamariaren pentsamendua, Joxe Azurmendik idatzia; eta Karlos Santamaria gaiez gai, Paulo Agirrebaltzategik, Xabier Apaolazak, Joan Mari Torrealdaik, Xabier Eizagirrek, Andoni Ibarrak eta Joseba Intxaustik taxutua.
Webguneak (www.karlossantamaria.com helbidean) Santamariaren idazlan guztiak biltzen ditu, mila guztira: 966 artikulu (lan periodistikoak, saioak, komunikazioak eta elkarlanean egindakoak), 30 elkarrizketa eta lau liburu; idazlan guztien %15 euskarazkoa da, %85 gaztelaniazkoa (horien artean lau liburuak). Horrez gain, Santamariari buruzko testuak ere jasotzen ditu, hainbat elementu osagarrirekin batera, hala nola Karlos Santamariaren biografia —berak lehen pertsonan idatzia—,aurkibide tematikoa, aurkibide onomastikoa eta Santamariaren argazki bilduma dokumentatua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Jakin Taldeari eman zion 1991 eta 1994ra bitartean Santamariaren obra eta pentsamendua bildu, sistematizatu eta aztertzeko enkargua. Orain, urrats bat gehiago eginez, EHUk webgunearen eta liburuen edizioaren bidez, haren lana eta pentsamendua, berritua eta osatua, ezagunago egin nahi du. Joan Mari Torrealdai Jakin Taldeko arduradunaren ustez, liburuak eta webgunea zerbitzu onak izango dira Santamariaren lana aztertu eta ikertu nahi dutenentzat; eta ziur dago izango direla gaiaren inguruan interesatutako ikerlariak.
Jakin Taldeak Karlos Santamariarekiko «maitasuna eta miresmena» izan dituela beti azaldu du Torrealdaik, eta «zorrak kitatzeko une egokia» dela. «Laguna izan zen, lankidea, liderra, eta maisu ere bai. Harekin lan egin izana ohore bat da».
Mirespena eta maitasuna
«Ezaugarri bat nabaritu dut Jakin Taldekoek gure aitari buruz idatzitako testuetan: maitasuna», azaldu zuen, hunkituta, Antton Santamaria EHUko irakasle eta Karlos Santamaria zenaren semeak liburuen eta webgunearen aurkezpenean. «Joxek [Azurmendi], Joan Marik [Torrealdai], Paulok [Agirrebaltzategi] eta gainerakoek idatzitako artikuluei maitasuna darie. Nik uste dut Jakinekoek Karlos Santamaria maite zutela».
Torrealdairen hitz batzuk ekarri zituen gogora Antton Santamariak bere iritzia bermatzeko: «Lan isila, ideiak proposatuz, alternatibak sortuz, behar diren laguntzak bilatuz eta eskatuz, bide berrietara gazte jendea bultzatuz». Torrealdaik Karlos Santamariaz idatzitako hitzak dira, baina Antton Santamariaren ustez besterik ere izan zitezkeen, aldaketa handirik gabe: «Nik uste dut gure aitak ez lituzkeela oso hitz ezberdinak erabiliko Joan Mari eta besteekiko. Kidetza, maitasuna askotan mirespenean oinarritzen da, eta hor elkarrengana mirespen bat bazegoela uste dut».
«Unibertsitatea, EuskalHerria eta euskara trinomioaz Karlos Santamariak eginiko gogoeta azpimarra daiteke», Ana Arrieta EHUren Gipuzkoako campuseko errektoreordearen iritziz. «Trinomio horretako hiru elementuak lotzea izan baitzen Karlos Santamariaren kezka nagusietako bat. Gaur oraindik eztabaidagai ditugun hainbat arazori buruzko ideia interesgarriak aurkituko ditu irakurleak haren lanetan».
Nolanahi ere, pentsamenduarekin batera, «ekimena» izan zuen ezaugarri nagusien artean Karlos Santamariak bere intereseko arlo guztietan, Arrietaren ustez. Horien artean, 23 urte zituela egindakoa ekarri zuen gogora: «Jose Oñaterekin batera, Donostiako Zientzia Ikasketen Egoitzasortzea sustatu zuen 1932an, zientzia eta zientzia aplikatua lotzeko asmoarekin, euskal unibertsitaterako bidean eta inguruko industriari laguntzeko gogoz».
Karlos Santamaria eta haren idazlanak proiektuak bi onura nagusi ekarriko ditu, Cristina UriarteEusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren ustez: «Karlos Santamariaren obraren zabalkundea batetik, eta Gipuzkoako campusaren alde lan bikaina egindako pertsonaren aitortza bestetik».
Humanista ekintzaile baten aztarnak
Karlos Santamaria zientzialari eta idazlearen obra osoa bildu du EHUk, Jakin Taldearen laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu