Bihar hasiko da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. aldia. Guztira 94 lan aurkeztu ziren, eta horietatik 29 aukeratu ditu antolakuntzak bihar eta ostirala bitartean erakusteko. Hiru sailetan egongo dira banaturik film horiek: Sail Ofizialean, Ikasle Sailean eta Bideoklip Sailean. MU Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak antolatzen du jaialdia, eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe aretoan proiektatuko dituzte film guztiak. Andrak Erramutan dokumentalaren proiekzioarekin abiatuko dira emanaldiak, eta sari banaketak emango die amaiera, ostiralean. Hala ere, proiekzioez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hala nola bi solasaldi, eskola magistral bat eta kontzertu bat.
Ikasleek antolatzen dute Huhezinema jaialdia, eta «sortzaileen lan berriez eta sortzaile berrien lanez» gozatzeko aukera egongo dela adierazi dute. Hala, eskarmentu handia daukaten sortzaileen lanak eta hasiberrienak bilduko ditu festibalak. Era berean, finalari begira egin beharreko aukeraketaren zailtasuna nabarmendu du programazio taldeak. Izan ere, aurkeztu ziren 94 lanen artetik —horietako %61 izan ziren euskarazkoak, eta %43 emakume zuzendarienak— 29 hautatu behar izan dituzte, jakinda espazioa eta egitaraua mugatuak direla: «Horrek erabakiak hartzera eraman gaitu. Hala ere, gustura gaude egindako aukeraketarekin».
Egitarau zabala
Egitarauari dagokionez, egun banatan proiektatuko dira sail bakoitzeko lanak; asteazkenean Bideoklip Sailekoak, ostegunean Ikasle Sailekoak, eta ostiralean Sail Ofizialekoak. Azken horretan zortzi film lehiatuko dira: Komando Marmitako (Uxue Botas eta Ane Nafarrate), Plazer bat (Sonia Estevez Fernandez), Hor konpon (Jone Arriola), Utlandsk (Alba Lozano), 29 de febrero (Diego Fandos), Gure oilarra kanpoan da (Carlota Galilea), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezkano) eta Bidean (Imanol G. Gurrutxaga). Ostiralean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, 19:30ean, sariak banatzeko ekitaldian.
Bestalde, aurkezle eta epaimahai lanak nork beteko dituen ere jakinarazi du antolakuntza taldeak. Lau aurkezle izango ditu jaialdiak: Ana Goitia (Sail Ofiziala) Jon Castañeda (Bideoklip Saila), eta Xuban Garmendia eta Oier Gastesi ikasleak (Ikasle Saila). Epaimahaikideak, berriz, hiru izango dira: Aitor Oñederra, Maitane Carballo eta Katty Pochelu.
Lehiatik kanpoko hainbat jarduera ere antolatu dituzte aurten, egitaraua osatze aldera. Horietako bat da Lemak taldearen kontzertua. Bideoklip Sailean parte hartuko dute, eta asteazkeneko proiekzioen ostean igoko dira oholtzara. Egun berean, Andrak erramutan dokumentalaren emanaldiaren ostean, solasaldi bat egingo dute. Eta ostegunean beste hitzaldi bat izango da: Jone Arriolak, Alba Lozanok eta Uxue Botasek egingo dute, «ikusleei ikasketa berri bat» eskaintzeko asmoz. Halaber, Aitzol Saratxagak klase magistral bat emango du ostegunean, eta zineman izandako ibilbidea azalduko du.
BERRIA saria
Aurten, lehen aldiz, BERRIA saria emango dute Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdian. Huhezinemara aurkeztutako film laburren artean emakumeen presentzia hobekien islatzen duen lana sarituko du sari horrek. Alegia, emakume zuzendari batek eginikoa dena edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duena; betiere, euskaraz.
Sariaren helburua zera da: euskal kultura eta hizkuntza sustatzea, eta aldi berean, feminismoarekin eta ingurunearen zaintzarekin loturiko balioak plazaratzea. Sari horren irabazleak 350 euro eskuratuko ditu. Baita sei hilabeteko harpidetza eta BERRIA produktuen sorta jaso ere. Sari hori ere gainerako sariekin batera banatuko da, ostiralean.