Hugh Jackman aktore australiarrak Donostia Saria jaso zuen atzo, arratsaldean, Kursaal jauregian egindako ekitaldian. Berak, horren truke, lilura eta bere umore eta ironiaren printzak utzi zituen opari. Saria jaso aurretik, goizean, Prisoners Denis Villeneuvek zuzendutako thriller bikainaren emanaldi berezia eman zuten, eta, horren ostean, prentsaurrean azaldu zen.
Euskaraz ondo ahoskatutako «arratsaldeon» batekin agurtu zituen gainezka zegoen prentsa aretoan bildutakoak. Irribarrea galdu gabe eta umoretsu erantzun zituen galdera guztiak.
«Bart iritsi nintzenean, hiria ezagutzeko bizikletaz ibili nahi nuela esan nuen, eta berehala ez egitea gomendatu zidaten, jende askok geldituko ninduelako kalean. Baina gaur garaiz jaiki eta 8:30ean bizikleta hartu dudanean, ez zebilen jende asko. Beraz, hemen lasai egotea ez da hain zaila, garaiz jaiki besterik ez duzu egin behar», esan zuen txantxetan. Giro erosoa sortzen badaki aktore australiarrak.
Donostia Saria oso gustura jaso du Jackmanek. «Etxean bezala sentiarazi nauzue. Itzultzailea australiarra ere jarri didazue!», hasi zuen agerraldia. «Ohorea da prestigio handiko zinema jaialdi honek ni aukeratu izana. Sari hau bera jaso dutenen artean, aktore bikainak daude».
«Aktore gisa atzera begiratzeak arraro sentiarazi nau. Oraingoa bizi eta etorkizunari begira jartzea nahiago dut. Hala ere, sari honi esker, nire ibilbideaz hausnartu dut eta ohartu naiz zenbat zuzendari onekin lan egin dudan eta zenbat pertsonaia interesgarri interpretatzeko aukera izan dudan», gogorarazi zuen.
Sex symbol irudia galtzeko beldur den galdetuta, umoretsu erantzun zuen: «Ez dago eskubiderik. Zergatik ez zidaten sex symbol etiketa hori jarri 18 urte nituenean? Orduan neskek ihes egiten zidaten. Hamabost urte ezkonduta daramatzadanean jarri didate. Gainera, nire emazteak, etxera iristen naizenean, esaten dit: 'Zaborra atera al duzu?'. Orduan ez naiz batere sex symbol sentitzen».
Prisoners Zinemaldian aurkeztu duen pelikulari buruz ere hitz egin zuen, Villeneuve zuzendaria eta produktorea alboan zituela. Bi neskatilaren bahiketaren ostean, Poliziak ikerketa bat abiatzen du, baina aurrerapen gutxi egiten ari dela ikusita, bahitutako neska baten aitak —Jackman bera— arauak urratu eta bere kasa saiatuko da auzia argitzen. «Oso gai gogorra da. Pertsonaia prestatzeko horrelako gertaerak ikertu nituen, eta horiek nola eragiten duten gurasoengan, poliziarengan eta komunitate osoarengan. Erabat suntsitzailea da», esan zuen.
«Guraso gisa, hausnartzeko parada eman dit, baina ez dut nahi nire seme-alabak beldurrez bizitzea. Nahi dut, nik haien adinean egin nuen bezala, mundua esploratzeko aukera izatea. Kontuz, baina paranoiarik gabe», adierazi zuen.
Poliziako ikerketaren arduraduna Jake Gyllenhaal aktore estatubatuarra da. «Jake-ekin lan egitea gozagarria izan da. Haren lanaren zale amorratua naiz, eta filmazioan giro ederra eta konfiantza handia sortu zen gure artean».
Keller Doverren pertsonaiaren jarrera eztabaidagarria da, baina Jackmanek miretsi egiten du. «Bizitza gogorra duen pertsonaia da. Alkoholismoa gainditzen saiatzen ari da, eta sufrimendu handiz bizi da. Ni arruntagoa naiz, eta, horregatik, pertsonaia berezi horiek gustuko ditut».
Jackmanek jakinarazi zuenez, «proiektu honekin bat egitea erabaki nuen Denis Villeneuvek zuzenduko zuela jakin bezain laster. Banekien berak ondo jorratuko zuela gai gogor hori». Filmazioan, tentsio eta bortizkeria handiko eszenak azaltzen dira. «Nekagarria, baina, aldi berean, katartikoa izan zen».
Wolverine uzteko asmorik ez
Pertsonaia oso desberdinak interpretatu ditu Jackmanek zineman, eta musikalekin ere ausartu da, baina, dudarik gabe, X-Men sagako Wolverine superheroiaren interpretazioak eman dio ospea mundu zabalean. Pertsonaia noiz arte interpretatuko duen galdetu zioten. «Komikien pertsonaiarik handienetakoa da, eta, oraingoz, ez daukat uzteko asmorik. Egunen batean utzi beharko dut, jakina, baina pertsonaia handiak interpretatzen dituzten aktoreen gainean daude. Haiek beti bizirauten dute», iritzi zion.
Hainbat pertsonaia eta zinema zuzendarirekin lan egin du, baina aitortu zuen Peter Weir zuzendari australiarrarekin lan egitea gustatuko litzaiokeela. «Miresten dut, inspirazioa duenean soilik egiten dituelako pelikulak».
Donostiako 61. Zinemaldia. Donostia Saria
Hugh Jackman: «Zergatik ez zidaten 'sex symbol' etiketa 18 urterekin jarri?»
Hugh Jackman aktore australiarra umoretsu eta gustura azaldu da Donostia Saria jaso baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu