Badira antzoki ederrak Euskal Herrian zehar, baina oholtza bilakatzen diren naturaguneek ez dute lehiakiderik. Iazko azaroan hasi zuen Jon Maiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) Kantu berri bat gara disko-liburuaren aurkezpen bira. Hirurogei kontzertu baino gehiago eman ditu hartatik, Euskal Herri osoan barna, baina larunbatean eskainiko du harentzat ikuskizun bereziena dena. Bere herrian, bere inspirazio iturri izan den lekuan: Itzurun hondartzan (Zumaia, Gipuzkoa).
Euskal Herriko dozenaka tokitan egon ondoren, Kantu berri bat gara zure herrian aurkezteko aukera duzu orain.
Hala da. Fantasia bat da Kantu berri bat gara horrelako espazio batean egin ahal izatea. Garbi daukadana da parte hartuko dugunok ez garela ikuskizuneko protagonistak izango. Itzurun, Algorriko labarrak, Talaimendi eta San Telmo ermita izango dira larunbateko protagonistak, itsasoaz gain, noski. Inguruko harrien atzean zer dagoen erakutsi nahi dut, hau da, herri bat, identitate bat, izateko era bat... Omenaldi bat da, harrien atzean dagoen herria omenduko dugu larunbatean.
Zure inspiraziorako iturri handia izan da Itzurun?
Erabat. Itsasertzean eta haitzetan asko ibili izan naiz txikitatik, eta nire kantu asko hortik sortu dira. Kepa Junkerari egindako Mareak Zumaian, Ken Zazpiri egindako Itsasoa gara edo Benito Lertxundiri idatzitako Itsasoari begira kanta, beste hainbaten artean. Horregatik, kanta horiek sortu diren tokian jotzea omenaldi bat da niretzat, zirkulu baten itxiera.
Zer-nolako lan karga du horrelako kontzertu batek?
Esan bezala, leku paregabea da, antzoki oso berezia, baina horrek lan asko eskatzen du. Geoparkearen parte den lekua da, eremu babestua beraz. Teknikoki oso zaila da honelako leku batean horrelako ikuskizun handi bat egitea. Otsailean hasi ginen dena prestatzen, baimenak eskatzen, eta orain, irailean, jaso dugu baiezkoa. Zumaiako Udalaren eta EITBren laguntza ezinbestekoa izan da prozesu honetan. Hau ez da areto batera ordu batzuk lehenago iristea, muntatzea eta jotzea; hemen atzetik lan ikaragarria dago.
Baldintza jakin batzuk behar dituzue kontzertua egiteko, ezta?
Gauez egin behar den ikuskizuna da, proiekzioak eta argiak ongi ikusteko; larunbat gau batean zehazki. Gero, oso garrantzitsua da marea behean egotea, hondartza urik gabe egoteko, jendea eser dadin. Bagenekien aste honetan marea biziak daudela, eta horregatik ezarri genuen egun hau urte hasieratik. Oso ikusgarria da nola gelditzen den Itzurun marea biziekin. Azkenik, eguraldiak errespetatu beharko digu hori; haren menpe gaude. Karta bakarrera jokatu dugu dena, eta orain, eguraldiak erabakiko du ikuskizuna egingo den ala ez. Bihar emango dugu erabakiaren berri, aurreikuspenak ez dira batere onak eta. Hala ere, eskerrak eguraldiaren kontrolik ez dugun; bestela, aberatsen menpe egongo zen eta.
Turismo masifikatuaren ondorioak pairatzen ditu Itzurunek, eta beharrezkoa al da horrelako leku batean euskal kulturaren presentzia eta aldarrikapena?
Turismoaren fenomenoaren aurrean herri baten identitatea zaintzea erabat beharrezko ikusten dut. Ez da bakarrik Zumaiari eragiten dion zerbait, Euskal Herri osoan hedatu den zerbait da. Turismoak eragin asko ditu. Folklorizatu egiten gaitu, estereotipatu, eta, datozenek euskara hitz egiten ez dutenez, herria kanpoko hizkuntzez betetzen zaigu. Nik uste horrelako fenomeno baten aurrean oso garrantzitsua dela zer garen elikatzea eta gogoraraztea, ez bakarrik bisitariari begira, barrura begira ere bai. Uste dut kulturak bereziki bete dezakeela funtzio artistiko eta soziala horri begira.
«Turismo fenomenoaren aurrean herri baten identitatea zaintzea erabat beharrezkoa ikusten dut. Uste dut kulturak bereziki funtzio artistiko eta soziala bete dezakeela horri begira»
JON MAIAMusikari eta bertsolaria
Nola ulertzen duzu zuk Kantu berri bat gara?
Niretzat proiektu hau Euskal Herriaren proposamen bat da. Bitarteko bat bezala ulertu dut beti, bizi naizen herrian eragiteko erabili ahal dudan bitarteko baten modura. Izaera artistikotik haratago ere esanahi handia duen proiektua da hau. Formula irekia du, eta joaten naizen lekuetan beti saiatzen naiz bertako eragileen parte hartzea sustatzen. Hau ez da kontzertu soil bat, eta, horregatik, sortzen den giroa polita eta hunkigarria izaten da. Elkarbizitza, immigrazioa, sexu identitateak, maitasuna, euskaldun izaera ezberdinak... ugariak dira ukitzen ditugun gaiak.
Bizilagunak izango dituzu inguruan larunbatean, baita oholtzan ere.
Beste herrietan bezala, hemen ere planteamendua herriko jendeak parte hartzea da. Astindu dantza taldeko kideak izango dira gurekin, adibidez. Zumaiako joaldunak eta adarjoleak ere bertan egongo dira. Sambou Diaby aktorearen, Eva Franco argazkilariaren eta Lucia Lakarra eta Matthew Golding ballet dantzarien laguntza ere edukiko dugu. Denei egiten digu ilusio handia Itzurunen hau egiteak. Ehun pertsona baino gehiagok parte hartuko dugu.
Euskal Herri osora zabaldu nahi duzu bertaratzeko deia?
Hala da. Deialdi nazional bat da larunbateko kontzertukoa. Nik uste jendea kontziente dela horrelako ikuskizun bat horrelako leku batean ia inoiz ikusi ezingo den zerbait dela, eta, horregatik, Euskal Herri osotik iristen zaizkigu mezuak, bertaratuko direla esanez. Ez da kontzertu soil bat izango, ikuskizun errepikaezin bat izango da. Musika, hitza, irudia, kolorea, dantza eta eremu naturala uztartuko dira larunbatean, eta dena mezuz beteta egongo da.