Hoztasunaren bidez harrera beroa jaso duen egilea

Agota Kristof hungariar idazlea hil da, 'Koaderno handia' nobelaren sortzaileaHaurtzaroan ezagututako giro latza islatu zuen, sentimentalismoaren antipodetara eramandako kontamoldea erabiliz

Juan Luis Zabala
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Sentimenduak adierazten dituzten hitzak lausoak dira oso. Hobe da horrelakoen erabilera saihestea eta gauzak, gizakiak eta norbera deskribatzera mugatzea; hau da, gertaeren azalpen hutsera». Hitz horiekin zuritzen dute Koaderno handia nobelako anaia bikiek gertaerak kontatzeko hautatu duten modua, berriketarik gabekoa, sentimentalismoaren antipodetara eramana. Kontaketaren hoztasun hori da, paradoxikoki, Koaderno handia-k Europa osoan izan duen —eta duen— harrera beroaren giltza. 33 hizkuntzatara itzulia dago, euskara tartean delarik; eta euskarara itzulitako nobelen artean, oso gutxik izan dute Koaderno handia-k adinako laudoriorik kritikaren aldetik eta arrakastarik irakurleen aldetik. Atzo goizaldean hil zen Koaderno handia-ren egilea, Agota Kristof, Neuchatelgo (Suitza) bere etxean, 75 urte zituela, eta haren heriotzaren albiste hotzari haren nobelari buruzko goraipamen beroek jarraitu zioten.

Gerratik ihesi, amak amonaren etxera eraman ditu Koaderno handia nobelako bi anaia bikiak, Claus eta Lucas. Ez dute amona maite, eta amonak ez ditu maite. Amonaren herrian aurkituko duten errealitate gordin eta latzak berriketarik gabeko biziraupenera bideratuko ditu, eta baita biziraupen horren berriketarik gabeko kontaketara ere.

1984 eta 1986 artean idatzi zuen Kristofek (Csikvand, Hungaria, 1935) Le Grand Cahier, Hungarian emandako haurtzaroan ezagututako errealitate gordinean oinarrituta. Frantsesez idazten zuen ordurako, ia hiru hamarkada zeramalako Suitzan bizitzen, senarrak Hungariako gobernu komunistaren aurkako borroketan parte hartu zuelako erbesteratuta. 1986an argitaratu zuen Seuil argitaletxeak Le Grand Cahier, eta ostatuetan baizik estreinatzen ez ziren antzerki obrak ontzen zituen idazlea izatetik, frantsesezko literaturako erreferentzia garrantzitsu izatera pasatu zen, oso denbora gutxian, idazlea. Frantsesezko Literaturako Europako Saria eman zioten, besteak beste, lan harengatik. Euskarazko itzulpena, Eskarne Mujikak egina, 1997an eman zuen argitara Alberdania argitaletxeak.

La Preuve (1988) eta Le Troisième Mensonge (1991) nobeletan eman zien jarraipena Le Grand Cahier-en hasitako Claus eta Lucasen kontaketei. Nobela horiek ez daude euskarara itzulita. Bai, ordea, Hier nobela laburra (1995) eta C'est égal ipuin bilduma (2005), horiek ere Eskarne Mujikak euskaratu eta Alberdaniak argitaratuak, Atzo eta Berdin dio izenburuekin hurrenez hurren. L'Analphabète (2004) kontaketa autobiografikoa da Kristofen gainerako lanen artean ezagunena.

Idazteari utzia

Azken urteetan idazteari erabat utzita zegoen, aurretik idatzia zuenaren pareko ezer ez zuela idatziko uste zuelako. AEBetako ekoiztetxe batek erosiak ditu Le Grand Cahier nobela zinemara egokitzeko eskubideak, baina proiektua geldirik dago. Thomas Vintenberg zen hasieran filma zuzentzekoa, baina ekoizleek zuzendaria aldatzea erabaki zuten gero, nahiz eta huraxe izan filma zuzentzeko egokiena Kristofen iritziz. Zinemarekin izan dituen harremanak ez dira oso pozgarriak gertatu Kristofentzat. Silvio Soldini italiar zinemagileak Hier nobela egokitu zuen Pane e tulipano filmean, baina emaitza ez zen idazlearen gustukoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.