Hozitzea

Anna Gas Serra (Bartzelona, 1996) Literatura Ikasketetan graduatua da Bartzelonako Unibertsitatean; egun, Psikologia ikasten ari da unibertsitate berean. Idazle gazteentzako Joan Duch poesia sariari esker argitaratu zuen bere lehen olerki liburua, Crossa d'aigua (Editorial Fonoll, 2017). Bigarrena, Llengua d'àntrax (Edicions del Buc), 2019an kaleratu zuen, eta, harekin, 2020ko Josep Maria Llompart poesia saria eskuratu zuen, AELC Idazle Katalanen Elkarteak urtero antolatzen duen Cavall Verd sariketan. 2018az geroztik, hainbat olerki antologiatan parte hartu du, eta haren lanak ingelesera, gaztelaniara, italierara eta galegora itzuli dituzte. 2020an Merce Rodoreda ipuin eta narrazio saria irabazirik, El pendòl (Edicions Proa) kaleratu du aurten, bere lehen ipuin bilduma.

TERE GUIX.
Anna Gas Serra.
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Tomatearen zikloak 90 eta 150 egun bitartean irauten du, ereiten denetik biltzen den arte. Urtarril erditsuan, bi hazi erein zenituen loreontzi batean, eta, orain, martxo hasmentan, etsipenez begiratzen diozu loreontziari, ez baititu eman espero zenituen fruituak. Lehen zurtoinak kaskoa ateratzen hasia beharko zukeen lehenbiziko bortz-zazpi egunetan, eta, hala ere, lur etzea bertzerik ez duzu aurkitzen ontzia aztertzen duzun bakoitzean. Haziak zentimetro erdiko sakoneran sartu zenituen, argibideek ziotenari jarraikiz; loreontzia, berriz, etxeko txoko argitsu batean paratu zenuen hamabi gradutik beheitiko tenperaturarik jasan ez zezan, eta beti ahalegindu zara lurra heze egon zedin, baina ito gabe. Hazi bat hozitzen ez zaizun laugarren aldia da, eta pentsatzen hasia zara beharbada ez zaudela egina horretarako. Aitatxi, oraindik hemen balitz, tomate landare bilaka litekeen hori gainbegiratzera etorriko litzateke, eta, pentsakor, biboteari zimiko egin bitartean, argituko luke zergatik ez den sekula jaiotzen ereiten duzun deus. Bera baratze batez arduratu zen bizi guzian, eta zu neska txikia zinelarik baizik ez zinen bizi izan hartan. Gustura luzatuko zenituzkeen letxugen eta zerben bilketa, elkarri eskutik helduta kalabaza loreen artean emandako paseoak, bai eta, paseoa bukatutakoan, baratzean barna lasterka zenbiltzala, ureztatzeko mahukarekin bustitzen zintuzten aldi haiek ere. Mirari begetal bat gertatzeko aukerari atxikirik, ureztagailua hartu duzu, eta, loreontzira ur pixka bat bota duzularik, besoak huts egin dizu. Ahuleria gisako bat sigi-saga doakizu bularretik gorputz adarretaraino, bihotzean sortu eta modu mingarrian periferiarantz doan kilika temati bat balitz bezala. Ureztagailua leiho bazterrean utzi, sudurretik hats hartu, aireari segundo batzuez barren-barrenean eutsi, eta ahotik bota duzu.

Ariketa hori egin behar izan duzun azken aldiaz oroitu zara: gaur arratsaldean izan da, lanean. Ustekabean, ohartu zara eskolako komunak blaitzen dituen pixa usaina irensten ari zinela. Ez duzu astirik izan irakasleen komunera ailegatzeko, eta, beraz, aurkitu duzun lehenbiziko atearen gibelean ezkutatu zara, haur hezkuntzakoen neurriko komunaren ondoan. Izeba Laura, izeba Laura: hitz horiek durundi egiten zizuten buru barrenean, etenik gabe botatzen eta itzultzen duten teniseko pilota bat balira bezala. Zurtoin bat irudikatzen zenuen zure birikei oldartzen, birika parea airerik gabe utzi arte estutzeko borrokan. Izeba Laura, izeba Laura. Gaur, eskolak bukatu direnean, Janen aitak —zeina gizon zinez erakargarria baita— kontatu dizu semeak gauza zoragarriak erraten dituela bere irakasleaz eskolatik itzultzean; are, hainbertze estimatzen zaitu, ezen «izeba Laura» deitzen baitizu.

Balkoi txikiaren erdian dagoen aulkian jarri zara. Orain, Gemmari deituko zenioke, eta kontatuko zenioke Jan eta Ona jostetan aritu direla gaur, akuarelen ur zikina elkarri burutik beheiti botatzen. Arropa aldatu nahi izan diezula, eta haserretu egin zarela Onaren gurasoek sekula ez dutelako tenorez itzultzen arropa garbiaren poltsatxoa, zer gerta ere beti prest eduki behar duzuen hori. Ohar bat idatzi duzula Onaren agendan, haren etxekoei zurekin biltzeko eskatuz, aski delako. Neska gaixoa. Eta, orduan, Gemmari proposatuko zenioke elkarrekin garagardoak hartzera joateko ramblako ostatura; pintxoak eskatuta garagardoak luzatu eginen lirateke, eta, pintxoen ondotik, gin-tonicak etorriko lirateke, eta, gin-tonicen ondotik, zigarroak zure lagunaren etxeko terrazan.

Gemmari deituko zenioke oraintxe, baina esperoan gelditu zara, geroxeago hark deituko zaituelakoan; bien bitartean, bularreko dardarizoa ziztada bihurtzen ari da. Tomate landarearen lehenbiziko hostoa irudikatu duzu zure bi bularren artetik sortzen, burua mundura lehenbiziko aldiz ateratzen duen jaioberri bat balitz bezala. Orain, Gemma ostatuan izanen da, jangelan harekin lan egiten duten bertze begiraleekin. Zenbaitetan, haiekin joatera gonbidatzen zaitu, baina ahantzi egiten zaio maiz. Gemma hagitz despistatua izan da beti. Halakoa izan da eskolara elkarrekin joaten zineten garaitik: zure ogitartekoa eman behar izaten zenion orduan, berea galtzen zuelako. Eta berdin segitu zuen unibertsitatean hasitakoan ere: zuk amaitu eta zuzentzen zenizkion lanak, epea bukatu baino bi minutu lehenago aurkez zitzan.

Telefonoa joka hasi da etxe barrenean. Ziztuan altxatu, eta telefonoa hartu duzu, Gemmaren ahotsa aditzeko desiratzen. Baina Aina da. Laura, eder hori, zer moduz? Begira, gaur afaritxo bat eginen dugu Charorekin, Eliarekin eta gizonekin. Eta Cescen anaia ere etorriko da... Zer, gurekin afaldu nahi duzu? Hara, eskerrik asko, erantzun diozu, baina gaur ezin dut; arratsaldean haur bat zaintzeko eskatu didate, eta gauean berandu arte egon beharko dut harekin. Eskerrik asko. Bertze egun batean joanen naiz, seguru. Eta eskegi egin duzu, eta pentsatu duzu erraten ahal zeniola ama bisitatzera joatekoa zinela ere, edo ugalkortasun klinikan ordua zenuela. Garondoa izerditan duzu, eta izerdia berde-berdea da, saihetsen inguruan kiribildurik dituzun zurtoina eta hostoak bezalaxe. Zergatik tematzen dira zure landareak lur azpian gelditzen? Arreta ezin handiagoz, erabateko debozioz eta maitasun izugarriz zaindu dituzu. Pentsa zein dotorea izan zitekeen ez-landare hori, kolore gorri biziko zenbat fruituz erditu zitekeen. Eta, hala ere, deus ez. Loreontzia etxeko tokirik argitsuenean dago, ezin hobekiago zaindurik, goibelki hilik. Bularraldea meandro berdekaraz eta sustrai geldigaitzez osaturiko uhar bihurtu zaizu, eta irudi du hats hartzen duzunean barrenerantz zurrunga egiten duzula. Bularraldea zanpatu duzu esku ahurrekin, eta indarra egin duzu beheiti aldera, eta, ogia egiteko orea lantzen duenaren pare, itotzen zaituen hots errepika zorrotza zilborraren azpiraino jaitsarazi duzu poliki-poliki, iraitzi beharreko materia bihurtu eta kanporatzeko. Mina zilborretik hedatzen da orain.

Larrialdietara joan zara, gero eta hats gutxiago hartzen baituzu, hainbertze korapilorekin. Hitz baino keinu gehiagorekin, harrera mahaiko erizainari azaldu diozu bularraldean kilikak sumatzen hasi zarela, kilika horiek ziztada bilakatu direla, ziztadak uzkurraldi, eta uzkurraldiak, berriz, goragalea eragiten zizuten sabeleko kontrakzio. Itxarongelan, izerdi berdea botatzen ari zara oraindik, eta mukizapi pakete erdia erabili duzu hura idortzeko. Gemmari deitu izan bazenio, orain ez zinateke hemen egonen. Ramblako ostatuan egonen zinateke, edo haren terrazan, edo haren magalean, babesturik. Baina Gemmak sermoia egin zizunetik, eskura dugun denbora mugatua dela erranez, betebeharrak eta helduaroko askatasuna eta norberaren espazioa aipatuz, ez duzu harengana hurbiltzea ekar lezakeen ekintzarik egiten. Esperoan zaude. Medikuarekin ere berdin: haren esperoan zaude.

Azkenean, kontsultara deitu dizu, eta, labur-labur galdekatu ondotik, ekografia bat eginen dizula erabaki du. Zuretzat baso bat ilunpean alderik alde gurutzatzearen parekoa izan den tarte labur batez ibili zarete gela batera ailegatu arte, eta, han, etzateko, galtzak askatzeko eta kamiseta altxatzeko eskatu dizu medikuak. Sabela gelez estali dizu, eta zu aztertzen hasi da transduktorearekin: iraulka hasi zara tresnak eragindako presioagatik, zure barrenean labankada besta bat hazten ari baita.

—Dena behar bezala dago. Begira, haurdun zaude. Ikusten duzu horko hori? Ehun baskularra da. Ura eta elikagaiak garraiatu, eta gorputz adar guzietara banatzen ditu. Eta hor goitikoa? Bada, arantzak dira: ederki jakinen duzunez, hosto eraldatuak dira. Eguzkitik eta eraso diezaioketen harrapariengandik babestuko dute, eta idortu dadin eragotzi. Zorionak. Zenbait hilabeteren buruan, kaktus zinez osasuntsu bat izanen duzu!

Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.