Hotsa eta lurra batzeko puntua

Etzi abiatuko dute Dantz Point, Lasarte-Orian, eta sei emanaldi egingo dituzte, aurrez aurre

Paolo Solo, Furonia, Harkaitz Millan, Mertxe Urteaga eta Jokin Telleria, atzo, aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Andoni Imaz
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Musika emanaldiek eta paisaiak bat egiten duten puntua, horixe da Dantz Point. Musika elektronikoko eta abangoardiako musikako zuzeneko saioak egiten dituzte Gipuzkoan zehar, ondareari lotutako lekuetan. Azken bi urteetan, saioak grabatu eta sarera igo dituzte, baina ez da zuzeneko entzulerik izan. Aurten, ordea, aurrez aurreko sei emanaldi antolatu dituzte.

Atzo aurkeztu zuten aurtengo egitaraua Jokin Telleria Dantz Pointeko arduradunak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Mertxe Urteaga aldundiko Kultura Departamentuko teknikari arkeologoak eta Iker Furones Paolo Solo eta Paula Cornejo Furonia DJ lasartearrek. Izan ere, haiek abiatuko dute aurtengo topaketa, Lasarte-Orian.

Etzi egingo dute lehen emanaldia, hilaren 30ean, 19:00etan, Brigiden komentuan. Horren ondoren esango dute noiz egingo dituzten hurrengoak, eta zein artista ariko den horietan musika jartzen. Oraingoz, lekuen berri eman dute: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak eta Donostiako Kursaaleko terrazak; Hondarribian eta Irunen ere egingo dituzte ekitaldiak. Guneak ez dituzte zehaztu oraindik.

Hain zuzen, Arditurriko meategiak izango dira aurtengo jaialdiko gunerik enblematikoena, aldundiak nabarmendu duenez. «Kontzerturako aukeratu den lekuak aparteko baldintzak ditu», Urteagaren hitzetan. Aiako Harriaren magalean dago, eta beruna, zilarra, kobrea eta burdina ustiatu izan dituzte handik erromatarren garaiaz geroztik. Ibilaldiak antolatzen dituzte meazuloetan barrena.

Proiektua, hazten

«Ezkutuan diren hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu», esan du Millanek. Programaren moldatzeko erraztasuna eta irekiera nabarmendu ditu.

Dantz proiektua 2017an sortu zen, eta, haren atzetik, 2019an, Dantz Point. Telleriak adierazi du jaialdiak oihartzuna izan duela nazioartean: Dance Televisionek sari bat eman zion, eta programa diruz lagunduko dute Europako funtsen bidez, proiektua bost herrialdetan sustatzeko amoz, «kultur ondarea belaunaldi berriei forma eta eduki berritzaileen bidez transmititzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.