hostoak
'Ostera'
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Estudioko azken lan luzea argitaratu eta bederatzi urtera kanta berriak grabatu ditu Hostoak taldeak, nahiz eta tartean Live in Iturriotz diskoa argitaratu zuten. Laukote formatuarekin itzuli dira, eta partaide aldaketak egon diren arren, Olmo Cascallarrek (gitarra jolea eta liderra) eta Ekaitz Bravo abeslariak hor jarraitzen dute. Esperimentatzeko gogoa ez dute galdu; gauzak horrela, progresibotik ere badaukate kanta berriek, batez ere Maskara eta Trabajadoriak piezetan. Aitzitik, metal progresiboa baino gehiago, groove metal pisutsua eta djent estiloa dira nagusi, hala nola Airean eta gitarra riff monolitikoa duten Azken oztopoa, Desazkundea eta Txalo pin txalo brutaletan. Zortzi sokako gitarraren loditasunak ere atentzioa ematen du Aurkia ala ifrentzua, Geldo edo Zu gabe astun eta pisutsuetan. Hamabi abestitatik, Txerrimuñon zuzenean berriz grabatutako zazpi kanta dauzka diskoak. Zazpi kanta horiek, gainera, Zigor Garrok egindako bideoklipak dauzkate.