«Oraingoz, azkena». Modu erlatibo horretan adierazi du Gontzal Bilbao Ama Sayko bateria jotzaileak taldearen agurra bihar izango dela, Azpeitiko Aitzealdenk jaialdian. Lisabo eta DJ Makala izango ditu oholtzakide. Gaur, Mobydick, Anai-arrebak eta Grises ariko dira jaialdiari hasiera emanez, Sanagustin kulturgunean. Azpeitikoaren ostean, Ama Say Bartzelonan ere ariko da hilaren 27an, Apolo aretoan —Lisaborekin orduan ere—. Eta kito: «Dena emango dugu; gogotsu gaude oso». DVD bat ere grabatuko dute azken kontzertuaren lekuko gisa.
Ama Sayren lehen etapak lauzpabost urte iraun zuen, 90eko lehen erdian, eta beste horrenbeste iraun du bigarren honek ere. Hori da talde baten iraungitze epe naturala?
Kasualitatea izan da, batez ere, baina pentsa liteke guretzat hori dela epe naturala. Printzipioz Azpeitikoa eta Bartzelonakoa izango dira azken kontzertuak, baina...
Baina ezin ziurtatu...
Ez. Auskalo. Agian urte bat barru edo bi urte barru egingo dugu kontzerturen bat. Edo inoiz ez. Ez dakigu. Guk horrela funtzionatzen dugu. Egoerek bereziak izan behar dute guk jo ahal izateko, eta, dena alde izanez gero, agian beste etapa bat irekiko dugu, baina, printzipioz, hauek dira azken kontzertuak.
Nekatu egin zarete? Eman beharrekoa eman duzuela iruditzen zaizue?
Ez, ez gaude nekatuta, energiaz beteta gaude. Eta asko daukagu emateko. Baina egoerak behartzen gaitu gehiago ez jotzera. Nire anaia Ibon [taldeko kantaria] Bartzelonan bizi da. Ni Muskizen bizi naiz, Gorka [Molero, gitarra], Elorrion eta Mikel [Gonzalez, baxua], Bilbon. Horri gehitu behar dizkiogu seme-alabak. Egoerak denborarekin aldatu egiten dira, eta orain, behintzat, zaila da denok elkartzea.
90eko hamarkada hasieran haize berria eta originaltasuna ekarri zenuten: noise popa, euskararen eta ingelesaren arteko jolasa eta abar. Musika publikoa asko zabaldu da orduz geroztik, ordea. Orain, zailagoa al da originala izatea?
Ez dakit originala izatea zailagoa den, baina gaur egun oso talde onak daude, sekulakoak. Gainera, jendeak kultura gehiago dauka, bai musikaren arloan baita orokorrean ere. Proposamen desberdinak ugari dira egun. Niri, behintzat, asko gustatzen zait Willis Drummond egiten ari dena, eta Lisabok eta Mursegok eta Borrokan-ek egiten dutena. Jende gazteak musika asko entzun dezake, eta entzuten du. Internetez aukera handia dauka musika desberdina entzuteko, eta hori islatzen da gero egiten den proposamenetan. Egun baliabideak egokiagoak dira norberaren proposamenak kaleratzeko.
Zuek hasi zinetenean ez zegoen hainbesteko irekitasunik musikari dagokionez, baina kontzertu asko, eta aretoak beteta. Egun, irekitasuna bai, baina kontzertu gutxiago, eta aretoak erdi hutsik.
Bai, egia da. Gaur egun, musika kultura handiagoa dago, baina kultura hori bideratu egin behar da. Ez bada ondo bideratzen, botereak nahi duen kultura gailentzen da. Eta zer nahi dute boterean daudenek? Jende guztia bide beretik ibiltzea. Horregatik behar da kultura, norberaren ikuspuntua islatzeko eta zerbait txarto ikusiz gero ozenki esateko. Ozenki edo nahi den bezala. Kultura handia dago, baina, zoritxarrez, jende gaztea kontzertuetara ez da joaten.
Zergatik ez da joaten?
Dena oso ondo bideratua dagoelako boterearen aldetik. Jende gaztea sofa batean botata egotea nahi du botereak, ez dezaten ikuspegi pertsonalik landu eta ez daitezen borrokatu. Horregatik da garrantzitsua kultura. Aurpegira esateko botereari zer ez dagoen ondo.
Zer ikasi du Ama Sayk bigarren aldi honetan eta duela bi urte kaleraturiko Ren Fan diskoaren harira?
Beste garai bat izan da, guztiz ezberdina guretzat. Helduagoak gara, eta gure jarrera desberdina da. Lasaiagoa da. Musika beste ikusmolde batetik sentitzen dugu, eta hori igartzen da azken diskoan baita agertoki gainean ere. Diskoak ez dauka lehenak zuen gaztaroko eferbeszentzia hori. Bestalde, esperientzia aldetik harreman oso bereziak landu ditugu. Jende oso berezia eta aberasgarria iritsi da guregana, eta hori sekulakoa da.
Zer jende?
Ba, Mikel Laboaren semea, esaterako, eta Lisaboko jendea, Bonbereneko jendea, Willis Drummond eta Borrokan taldekoak ere hor egon dira... Hori oso aberatsa da guretzat.
Esateko gauzak zenituztelako itzuli zinetela esan zenuten. Oraindik energia duzuela diozu zuk. Ama Say ez badago, nola bideratuko duzue indar eta gogo hori?
Nik musikaritzat dut neure burua, baina zerbait egiteko proposamen berezia izan behar du, nire gustukoa... Kepa beste anaiarekin osaturiko Zein taldea ere geldi dago oraingoz... Ikusiko da.
Gontzal Bilbao. Ama Say taldeko bateria jotzailea
«Horregatik behar da kultura, zerbait txarto ikusiz gero ozenki esateko»
Ahots berritzaileetako bat izan zen Ama Say 90eko hamarkadaren lehen erdian. Urteetan geldi edo beste proiektu batzuetan ibili ostean, kideak 2008an batu ziren berriz. Badoaz, ordea, berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu