Hormetan barrena ibiltzea

Ixone Sadaba artistaren 'Toki honetan 138 aldiz' erakusketa dago ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. Sortzaileak piezei bezainbesteko garrantzia eman dio espazioari berari

Ixone Sadabaren bideoak, argazkiak eta eskulturak daude ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Adiskideok! Hau ez da aukeran duzuen kontua! Ez dago mugitzeko beste modurik! Orain artean errepide eta espaloietan zehar ibili bazarete ere, akabo! Aurrerantzean ez da halakorik izango, hormetan barrena ibiliko gara». Israelgo armadako Aviv Kochavi jeneral brigadierrak 2002an Nablus hiri okupatuan operazio militar bat hasi aurretik esandako hitzak berreskuratu ditu, Bilboko Rekalde aretoan zabaldu duen erakusketarako, Ixone Sadaba artistak (Bilbo, 1977). «Ikusezin den bortizkeria oso presente dago nire lanean», azaldu du; «eta gorputzei eragiten zaien bortizkeria da gehien interesatzen zaidana». Rekalde aretoko arkitektura baliatu du horretarako orain honetan: bistara jarri ditu arkitekturaren tripak, lurrera bota ditu hormak, eta, ondorioz, literalki hormetan barrena ibiltzera gonbidatu du bisitaria. «Gorputz bat balitz bezala landu dugu aretoaren egitura». Toki honetan, 138 aldiz deitu du erakusketa, eta urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik.

Erabat eraldatu du Sadabak erakusketa aretoaren ohiko ibilbidea. Atea gurutzatu eta eskuinera jotzen du normalean jendeak aretoan erakusketak ikusteko, baina, oraingo honetan, lurrera botatako horma batek etengo dio bidea bisitariari. Artistak erakusketaren parte bilakatu ditu erakusketaren hormak, eta, dioenez, horregatik erabaki du pieza «gutxi» biltzea: aretoari hitz egiten uzteko. «Aretoa beste pieza bat izango balitz bezala da», esan du.

«Aztarnategi garaikide moduko bat» da Bilbon zabaldu duen erakusketa, artistaren hitzetan. Eta, hain zuzen ere, erakusketako pieza askok daukate museo arkeologikoetan bitrina atzean gordetzen diren piezen kutsua. Izenburutik beretik igar daiteke Sadabaren asmoa; hain zuzen ere, Rekalde aretoa zabaldu zenetik orain arte egin diren 137 erakusketei egiten die erreferentzia. Guztira, 138, harena ere kontuan hartuz. Eta horregatik izenburua: Toki honetan, 138 aldiz.

Erakusketa areto horretan gertatu den guztiaren memoria gordetzea izan da haren asmoa. «Aurreko erakusketa horiek guztiak presente daude honetan». Eta ez da hori erakusketan memoria gordetzeari buruz ikus daitekeen gisa horretako keinu bakarra.

Ibilbideko lehen aretoan, adibidez, artistaren iraganeko lanak biltzen dituen areto batean sartuko da bisitaria. Bata bestearen gainean pilatuta topatuko ditu bertan Sadabaren lan zaharrak erakusten dituzten tamaina handiko argazkiak. Arkeologiaren logikari keinu eginez, lan horiek «geruzaz geruza» antolatuta daudela zehaztu du artistak, eta haien gainean kokatu du gero Catherine Foulkrod idazleak erakusketarako beren beregi sortutako testua: «Ez sartu betiko moduan».

Adibide gehiago.

Giza eskuen markak gordetzen dituzten paper pastazko pieza sorta bat ere jarri du ikusgai, esaterako, beste areto bateko bitrina batean. Eta arkeologia museoetan egin ohi den bezala, azalpen testu labur bana txertatu dio bakoitzari. Piezan ikus daitezkeen markak zehazki eskuaren zer hezurrenak diren azaltzen dute ohar batzuek, baina badira kutsu poetikoagoa eta biografikoagoa duten oharrak ere: «Mendian, gauez, errauts bustiaren usaina».

Behin eta berriz erabili du egunkarien papera artistak erakusketarako sortu dituen piezetan. Artistak dioenez, eskulturarako lehengai gisa darabil masa informazioa. Eta lotuta doa hori kasu batzuetan bere ibilbidean maiz lantzen duen ikusezin den bortizkeriaren ideiarekin. Areto batean, esaterako, egunez egun antolatuta eta bata bestearen gainean pilatuta bildu baititu legez kanpokotzat jotako hainbat egunkariren aleak.

Fikzioaren egiak

Errealitatearen eta fikzioren arteko hartu-emana ere interesatzen zaio Sadabari. Eta bada hori argi azaltzen duen bideo bat ere erakusketan. Mexikoko hiriburuan egindako manifestazio bat erakusten dute irudiek, eta mutil gazte bat nabarmentzen da bertan lehen planoan. Manifestazioko kideak heldu arte berak aukeratutako hainbat eleberritako esaldiak irakurtzen dizkio kamerari gazteak, baina manifestazioko kideak ingurura heltzen zaizkionean, haiekin egiten du bat, eta haiekin batera oihukatzen ditu manifestazioko proklamak. «Va a caer, va a caer, Peña Nieto va a caer» (Eroriko da, eroriko da, Peña Nieto eroriko da). Manifestazioa albotik pasatzen zaionean, ordea, berriz ere eleberrien pasarteak irakurtzen jarraituko du gazteak.

«Ez dira gauza bera errealitatea faltsutu nahi duen kontaketa eta fikzioa erabiliz errealitate hori argitu nahi duen kontaketa. Fikzioa ez da gezurra, ez baitu inor engainatzeko asmorik», azaldu du Sadabak.

Eta fikzioari eta errealitateari buruzko gogoeta horiekin lotuta dago erakusketako aretoetako batean ikusi daitekeen zuzeneko bideoa ere. Irakeko hiri bateko aldirietako kale arrunt bat ikus daiteke irudietan, streaming bidez. Autoak pasatzen bertan. Jendea oinez batetik bestera. Leiho batzuk zabalik. Ezer gertatzen ez denean gertatzen den hori guztia. «Teknologia berriei buruz errealitate puska bat ekarri ahal izan dut erakusketara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.