«Kostatu zait onartzea, baina onartua dut jadanik. Pintoretzat nauka jendeak, baina ez dut hainbeste pintatzen; eraiki egiten dut. Batzuetan ohartzen naiz hilabete baino gehiago daramadala pintzelik hartu gabe, baita lanean buru-belarri aritu banaiz ere». Hala aritzen da Javier Balda artista lanean (Iruñea, 1958). Beti egin ditu collage itxurako lanak, baina urrunago jo du orain. Urrundu egin du pintura hormatik. New Yorkeko Pollock-Krasner Foundation bekarekin aritu da lanean azken bi urteetan, eta denbora horretan sortutako lanak jarri ditu orain Iruñeko Moises Perez Albeniz galerian ikusgai. Bertan egingo duten azken erakusketa izango da Baldarena, hogei urteko ibilbidearen ostean, Madrilera joatea erabaki baitu galeristak.
Bere kasa ikasitakoa da Balda, eta urteekin pintura zabaltzen eta hedatzen joan zaiola azaltzen du. Dioenez, galerian jarri dituen muralak dira prozesu horren azken muturra. «Pintura hormaz independizatzen hasi da, eta baita arkitektura bere baitan hartzen eta harekin jolasten ere». Pinturaren eta eskulturaren bidegurutzean daude, izan ere, haren lanetariko batzuk. Badira erabat koadro direnak, baina baita kasik eskultura diren batzuk ere: muralak, adibidez. Handiak dira lanak, eta nabarmena da haien presentzia aretoan. Pintura pieza batzuen batuketa bat dira, funtsean, eta burdinazko estruktura batzuen bidez ia metro bete ere urruntzen ditu hormatik zati horietariko batzuk artistak.
Deigarria da hormarekiko distantzia jolas hori zenbait lanetan. Artora sartzean bisitariak aurrez aurre topatzen duenarenean, esaterako. Mailaka eraiki du pieza artistak. Pintura eta paretaren arteko distantziarekin jolastean. Horman margotutako lerro bat lehenik, lona fin batean egindako margolana gorago, taula baten gaineko irudia ondoren, are taula sendoago baten gainean egindakoa, eta hormatik erabat aldendutako puska batzuk, azkenik. Argi azaltzen du artistak bere asmoa: «Saiatu pinturaren esentzia den itxura, eta eskulturaren bolumetria».
Ez da arraildurarik gabeko ezkontza, ordea. Lerro zuzenen kasuan, adibidez, argi ikusten da hori. Piezen eskultorikotasunak eten egiten du maiz lerro zuzenen jarraikortasuna, eta ikuslearen kokalekuaren arabera ere, puskatu egiten dira irudiak. Lanari aurrez aurre begiratuz gero, zirrikiturik gabekoa irudituko zaio pieza bisitariari, baina ezkerretara bi urrats egin, eta fragmentu pilaketa bat bilakatuko da lehen osotasun gisa ikusitakoa.
Xumetasun kromatikoa
Azken bi urteetan material xume eta txiroetara jo duela dio Baldak. Birziklatutako modulu eta lonak erabili ditu arte lanetariko batzuetan, eta oso kolore gutxi erabili ditu lan guztietan: laranja, berdea, urdina eta beltza. Puruak dira guztiak, orban handirik gabeak, eta plano pilaketa bidez osatu ditu koadroak. «Oinarri zinematografiko edo fotografikoa dute beti nire irudiek». Egunkari txatal batzuen arrastoa ere ikus daiteke koadro batzuetan.
Arnasa eman nahi izan diote erakusketari artistak eta Moises Perez Albeniz galeristak. Horregatik, aretoak askoz gehiago har zitzakeen arren, bederatzi lan baino ez dituzte hautatu jendeari erakusteko. Hori izan da Baldaren azken egunetako lana: eraikitakoaren artetik bazterrean zer utzi erabakitzea. Ez omen da erraza izan. «Erakutsitakoa baino askoz ere material gehiago daukat prestatuta, baina hautatu egin behar izan dut espazio honetara zer ekarri. Nahikoa egun nahasiak izan dira azken hauek».
Erakusketari buruz egindako bideoa ikusteko, bisitatu webgune hau: www.berria.info
Hormatik urruntzen den pintura
Javier Balda artistak azken bi urteetan sortutako lanak bildu dituzte Iruñeko Moises Perez Albeniz galerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu