Antolatzaileek gaur jakinarazi dute hemeretzi filmek osatuko dutela 75. Berlingo zinema jaialdiaren lehia ofiziala. 26 herrialdetako ordezkariek parte hartuko dute jaialdian, otsailaren 13tik 23ra bitartean.
Horietatik hamazazpi mundu mailako estreinaldiak dira: Ari (Leonor Serraille), Blue Moon (Richard Linklater), La cache (Lionel Baier), Drømmer (Dag Johan Haugerud), Hot milk —opera prima— (Rebecca Lenkiewicz), Kontinental ‘25 (Radu Jude), Mother’s Baby (Johanna Mode), Reflet dans un diamant mort (Hélène Cattet eta Bruno Forzani), Sheng xi zhi di (Huo Meng), Strichka chasu —dokumentala— (Kateryna Gornostai), La Tour de Glace (Lucile Hadžihalilović), O último azul (Gabriel Mascaro), Was Marielle weiß (Frédéric Hambalek), Xiang fei de nv hai (Vivian Qu) eta Yunan (Ameer Fakher Eldin). Horiez gain, beste film hauek osatzen dute zerrenda: Dreams (Michel Franco), Geu jayeoni nege mworago hani (Hong Sangsoo), If I Had Legs I'd Kick You (Mary Bronstein) eta El mensaje (Iván Fund).
Pelikula horien guztien artetik batek jasoko du Urrezko Hartza, eta beste batek Zilarrezkoa. Epaimahaiaren eginkizuna izango da filmak hautatzea, eta Todd Haynes zinema zuzendaria izango da horren gidari. Bestalde, Tilda Swinton aktoreak jasoko du Ohorezko Urrezko Hartza, egindako ibilbidearen omenez.
Tuttle zuzendari berria
Tricia Tuttlek lehen aldiz zuzenduko du Berlinale. Iazko apirilean hasi zen lanean, bost urtez Londresko zinema jaialdiko zuzendari izan ostean. Erresuma Batuko Zinema eta Telebista Eskola Nazionalean ere aritu da fikziozko zuzendaritza lanetan. Harrotasunez hitz egin du aurkeztu diren pelikulen inguruan. Haren aburuz, zinemaren aniztasuna erakusteaz gain, hainbat bizitza eta tokiren ikuspegiak erakusten dituzte hautagaiek. «Badira drama intimoak, gure giza ahultasunak eta indarguneak ulertzeko eskatzen digutenak; badira komedia leunak, baina baita satira zorrotz eta beltzenak ere; badira zinemako handiei omenaldia egiten dieten filmak, eta badira forma artistikoaren mihise osoena erabiltzen dutenak ere. Lan berezi horietako bakoitzak lanbidearen gailurrean dauden zinemagileak erakusten ditu».