Idazle eta itzultzaileak

Helen Dimos eta William Rowe: «Honelako lankidetzak lausotu egiten du banakotasuna»

Cesar Vallejoren lanik ilunenetako bat da 'Trilce' poema bilduma, eta, hain zuzen ere, eskatzen duen arretaren garrantzia nabarmendu dute Dimosek eta Rowek. Elkarrekin itzuli dute ingelesera.

Helen Dimos eta William Rowe idazle eta itzultzaileak, 2019an, Txilen, elkarrekin irakurtzen. BERRIA
Helen Dimos eta William Rowe idazle eta itzultzaileak, 2019an, Txilen, elkarrekin irakurtzen. BERRIA
2025eko martxoaren 2a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Cesar Vallejoren (Santiago de Chuco, Peru, 1982 – Paris, 1938) Harri beltza harri zuriaren gainean (Poema humanoak, 1939) da euskarara gehien itzuli den poema. Bost bertsio ditu. Bere heriotza iragartzen du poetak bertan: «Parisen hilko naiz euripean/ Jada oroitzen dudan egunean» (Sarrionandiaren itzulpenean). Vallejok etorkizunaren oroimena idazteak berebiziko indarra ematen dio poemari, irakurleak badaki-eta poeta 46 urterekin hil zela, Parisen. Antzeko molde batez, Gabriel Arestik bere heriotza irudikatzen du Nire izena poeman, izanetik izenera igarotzen denean Bilbon, irakurlerik ez duen etorkizunean. Bertan hil zen, 41 urterekin. Bietan subjektibitatea igurikimen horizontearekin gurutzatzen da, ez da min pertsonala soilik.

Hizkuntzaren tolesdurek eta bihurguneek harilkatzen dute Trilce poema bilduma, Vallejoren lanik ilunena. Eta, beste abangoardia artefaktu asko ez bezala, oraindik arras erradikala da. Testuan dena konprenitzen bada, hitzek irakurlea otzantzen dute eta hori ez da kalitatezko literaturaren xedea. Iazko abenduan hildako Beatriz Sarlo kritikari argentinarrak ulertzen ez zituen testuek harrapatu zutelako eutsi zien literatur ikasketei.

Mundu anglo-saxoian William Rowe da Vallejoren poesiari buruzko aditu garrantzitsuenetarikoa. Ikertzailea izateaz gain, poeta eta itzultzailea ere bada. Helen Dimos poeta eta itzultzailearekin batera, Trilce-ren itzulpena argitaratu zuen Veer eta Crater argitaletxeen edizio ederrean, poemei buruzko glosa eta guzti, eta gaztelaniatik ingelesera egindako itzulpenik onenaren Valle Inclan saria irabazi zuten 2023an. Dimosek eta Rowek posta elektronikoz erantzun diete galderei, eta elkarrekin idatzi dituzte euren elkarlanaren berri ematen duten eta Trilce-ren garrantziaz mintzo diren mezuak.

Nola hasi zineten elkarrekin lanean? Idazle orok idazten du beste idazleen ahotsekin, baina ez da ohikoa bi itzultzailek elkarrekin itzuli eta glosak ahots bakar gisa idaztea.

Vallejoren poesiaren berezitasunaren ikuspegi bera genuen biok, batik bat Trilce-rena, gehien eskatzen duen eta formaren aldetik zailen den testuarena, eta hori izan zen gure egitasmoaren bulkada. 2014an ezagutu genuen elkar, Atenasen, Parospoesia eta itzulpen jardunaldietan. Gutako bat [Helen] antolaketa taldean zebilen, eta besteak [Williamek] Trilce-ri buruzko hastapenetako lana aurkeztu zuen, eta hura izan zen gure elkarlanaren hasiera. Ordutik Trilce-ren itzulpenak eta horren inguruko glosak partekatzen hasi ginen. 2021ean liburua elkarrekin egitea erabaki genuen, eta fase berri horretan erabat berregin genituen itzulpen eta glosa guztiak.

Glosetan, poemei buruz galderak egitea proposatzen duzue, poemei arretaz entzutea. Nolakoa izan zen lan egiteko modua?

Biok sentitzen genuen itzultzea eta glosak idaztea ezinbestekoa zela Trilce denboran eta espazioan eta bere sakontasun eta zabaltasunean irakurri ahal izateko, gure ustez horrela irakurri behar baita poema, eta bi jarduerak ia bat bihurtu ziren. Itzulpenetan lan egiteak poemen ulermena aldatu zigun; beraz, glosak ere aldatu zituen horrek, eta haiek berriz ere itzulpenak aldatu zituzten, eta bukle hori honela baino ez zen egonkortzen: poema-itzulpen-glosa triptiko bakoitzak pentsamendu eskaintza eta aire zein espazio uztartze egokia lortzen zuenean, zeinak aukera ematen baitzion irakurleen pentsamenduari poeman sartu eta gauzak behar bezala mugitzeko.

Guk geuk hala landu ostean, besteekin partekatu nahi izan genuen liburua, baina ez bide orri posible bakar moduan, baizik eta gure irakurketa bateratuen lekukotza eskaintzen zuen trazu moduan. Itzulpen/glosetan daude gure elkarrizketen arrastoak, konbergentziak eta dibergentziak barne. Gu —beste askorekin batera!— ohartu gara honelako lankidetzak banakotasuna lausotzen duela. Laneko unerik bizienetan nork zer idatzi zuen ahaztu egiten da, eta baita horren arrastoari jarraitzeko gogoa ere. Horrela, erresistentzia ezarri nahi izan diegu historikoki determinaturiko gure ni-etara itzularaziko gintuzketen gaiei.

«Egungo adierazpen poetikoaren eta hondamendi politiko eta ekologikoaren arteko disjuntzioak sortzen dituen zailtasunekin elkarrizketan ari da Trilce»

Nola eragin dizue itzulpenak?

Trilce itzuli ondoren, bakoitza bere kabuz ondorio berera iritsi gara: poesia irakurle hobeak bihurtu gaitu. Zergatik? Bada, poema bakoitzean kanpoaldera irekita dagoen ulermen asoziatiboa eta bere barne mugimenduen esanahi autorreferentziala sortzearen arteko oreka zailak irakurleari ulermen kontraesankorra eskatzen diolako, zeina ezin baita ebazpen edo ulermenean oinarritu, ez eta erabateko zehaztugabetasunean ere. Deserosotasun horri eutsiz, deserosotasun hori sostengatuz, indartu egin daiteke beste poesia moldeek egiten dutena ulertzeko gaitasuna.

Hizkuntzarekiko dugun harremana da idazle gisa dugun izaeraren eta egitasmo honen arteko lotura nagusia; idazle gisa, hizkuntzari ni bat adierazteko gaitasuna aitortzen diogu —subjektua—, nahiz eta, aldi berean, denbora fisiko-politikoa eta lekuek ere zeharkatzen duten (ikus Trilce II).

Vallejoren epigrafe batekin hasten da Denbora ama bat da, traumari buruz hain fin idazten duen Ocean Vuong idazle estatubatuarraren poema liburua (2022). Rowe, zuk ikuspegi kultural eta linguistikotik aztertu duzu mina Vallejoren lanean. Nola egin duzue itzulpena, zauri horiek itxi gabe?

Minaren zentzua ulertzen ez duten itzulpenek —zeina ez baita sufrimenduaren zentzua— ahuldu egingo dute poemaren indarra. Sufrimendu hitzarekin, beraz, hemen sufrimenduari buruzko diskurtsoan hartzen duen parteari egin nahi diogu aipamena, eta ez sufrimenduari berari: alegia, sufritzearen errepresentazioaren eta minaren gertaeraren beraren arteko ezberdintasunari, hizkuntzan. Minaren zentzua sufrimendutzat itzuliz gero, zauria ixteko arriskua egongo da. Mina dago hizkuntza, esanahia den neurrian, presiopean dagoen tokian. Trilce LVI poemaren azken bi estrofek gorpuzten dute hori.

1918-1922 bitartean idatzita dago Trilce, eta 1916 osteko forma politiko eta estetikoen suntsipenean sortu zen. Zergatik da garrantzitsua Trilce —ez soilik garrantzitsua, baizik eta beharrezkoa— gaur egun? Analogia historikoetan erori gabe, gaur egungo adierazpen poetikoaren eta hondamendi politiko eta ekologikoaren arteko disjuntzioak sortzen dituen zailtasunekin elkarrizketan ari da Trilce. Trilce-ren poemek sutura hizkuntza bat osatzen dute, zeinak politikoa dena, norberaren bizitza eta poetikoa dena behartzen baititu euren arteko muga faltsuak baztertzera. Plastikotasun izugarria du Trilce-k: forma poetiko berriak sortzeko ahalmena eta, beraz, pentsatzeko, bizitzeko, existentzia modu berriak sortzeko gaitasuna. Trilce modu horretan irakurtzeak denbora luzea eta espazio zabala behar dituen arreta mota bat eskatzen du. Ahalmen hori beti lapurtzen digutenez, gure glosekin zantzu batzuk eskaintzen saiatzen gara nabarmentzeko arruntzat dauzkagun gure gizarteetako estereopatiak —Guattariren hitza mailegatuz— ez direla ez finkoak, ez unibertsalak, ez betikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.