Nerea Mujika. Gerediaga elkarteko lehendakaria

«Honek aukera eman digu, nahitaez, bide berriak probatzeko»

Lehendakaritzan diharduen hamasei urteetan eraldatzen ikusi du Durangoko Azoka Mujikak, baina sekula ez aurten bezainbeste. Onartu duenez, ilusioz eta beldurrez dago etziko irekiera heltzeko.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez da egin nahi zuten azoka. Argi. Salmahairik gabe, ia bisitaririk gabe, eta erlojupean. Udaberrian koronabirusaren krisia piztu zenetik, hamaika aldiz egokitu behar izan dute buruan zerabilten plana unean uneko osasun egoeraren arabera, eta, azkenean, mahai gainean izan dituzten azoka posible guztietan digitalarenak bakarrik egin ahal izan du aurrera. Produktu biltoki bilakatuko dute orain arte jende bilgune izandako Landako gunea, denda digital batek ordezkatuko ditu bertatik bertarako salerosketak, eta kulturazaleek streaming bidez bakarrik ikusi eta entzun ahalko dute ehun emanaldi inguruko programa, Durangoko eta inguruetako biztanle ez badira behintzat. Ostiralean hasi eta hurrengo asteartera arte egingo dute 55. Durangoko Azoka. «Martxan hasten denean jakingo dugu benetan zer izango den». Egun gutxi batzuen faltan, eta, oraindik, lanbro artean soilik ikusten du azokaren figura Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak (Durango, Bizkaia, 1960). Hasieratik igartzen zaio nekea, baina, hizketaldiak aurrera egin ahala, ia begiz ere ikusteko modukoa da ziurgabetasun zurrun hori guztia diskurtso baikor baterantz makurtzeko egiten duen ahalegina.

Aldaketa handiko urtea izan da. Azokaren atarira helduta, nola zaudete?

Momentu honetan, gainezka. Errutinak ematen du lasaitasun bat, eta gu, aldiz, aldaketaz aldaketa gabiltza martxo edo apirilaz geroztik, eta gogorra izan da. Gaurko egunean lasaiago gaude, planifikazio hori amaituta dagoelako: zati batean, behintzat, ze beste zati batean ez da egin ahal izango azoka hasi arte. Adibide bat jartzearren: Landako gunera iritsiko diren milaka produktu horiek guztiak nola antolatuko ditugu? Alfabetikoki? Argitaletxearen arabera? Horrelakoetan ibili da lantaldea. Bestalde, hedabideek bozgorailu lana bete duzue, baina ondo egin dugun jakingo dugu benetan zenbat erosi eta zenbat saltzen den ikusten dugunean. Ikusi egin beharko dugu kulturazaleak prest dauden horrela erosteko. Ni neu ez naiz halakoen batere zalea, ez dut sekula erosi horrela, baina azokan erosteko beste aukerarik ez badago, militantziaz egingo dut erosketa.

Aurrez aurrekorik gabeko erosketak izango dira.

Hori da daukagun ahuleziarik garrantzitsuena. Eta egia da, azoka abenduan egingo dugunez, neurri batean ohituta iritsi garela puntu honetara; eduki dugulako denbora bat halako neurrietara eta proposamenetara ohitzeko, eta egoera ez da hain berria.

Kolpe gogorra izango da azokaren bilakaerarentzat. Urteekin, saltoki izateaz gainera, kontzertu areto, sortzaileentzako bilgune, antzeztoki eta beste hamaika funtzio ere bereganatu ditu, eta, aurten, kontrako norabidean asko saiatuta ere, berriz ere, nagusiki saltoki bat izango da Durangoko Azoka.

Ehun emanaldi inguruko programa bat prestatu dugu. Jakina, konparatzen badugu hori lehen gune guztietan egun guztietan egiten zen programazioarekin, ez dauka kolorerik ere. Hori horrela da. Horregatik, ez bakarrik horregatik, baina horregatik pentsatu dugu bestelako zabalkunde bide batzuk ere probatzea.

Durangoko Azoka amaitu ostean Euskal Herriko zortzi herritan antolatu duzuen Zu non, han DA! kontzertu zikloaz ari zara?

Bai, baina aurrerago aurkeztuko ditugun beste proiektu batzuk ere baditugu.

Euskal Herri osoko jendea bildu izan du azokak, eta aurten Durangoko eta inguruetako herritarrak bakarrik joan ahalko dira bertara. Nazionala zena, ezinbestean, lokala izango da aurten.

Eskerrak streaming-ari. Ekitaldiak Durangoko Azokaren webgunean emango dira, eta ikusi egin beharko da zer eragin duen horrek. Ametsetan ibiltzea librea da, baina azoka amaitzen denean jakingo dugu ea benetan zelakoa izan den harrera. Baina, esan bezala, planifikazioa badago, eta, orain, kasua aztertzea izango da. Niretzat, aurten, inoiz baino gehiago, balorazioa izango da ondo egin beharko duguna. Honek duen alde ona ere hori da. Gure burutik ez zen pasatu ere egingo halako saltoki digital bat martxan jartzea, beldurragatik segur aski, eta honek aukera eman digu, nahitaez, bide berriak probatzeko. Nik hamasei urte daroatzat hemen, eta ikusi ahal izan dut arrazoi ezberdinengatik zelan moldatu dugun azoka. Jakina, orain arte neurri baterainokoa izan da moldaketa hori, eta oraingoa, berriz, erabatekoa. Balorazioa egin ondoren ere erabaki beharko dira gauza batzuk, seguru.

Gerediagaren momentu goxoan heldu da krisia, edonola ere. Duela ez hainbeste urte erakunde publikoekin tirabirak izan ziren, adibidez, finantzaketaren harira, eta, urte batzuk lehenago, tentsio uneak izan ziren azoka antolatzen duzuenen lantaldearen barruan. Etxeko lanak eginda harrapatu zaituzte koronabirusak.

Erakundeen eskutik erabateko laguntza jaso dugu oraingoan; inortxok ere ez du atzera egin.

Eta barne harremanak? Bihurgune handia eman du azokak aurten, eta talkak sor ditzake horrek.

Koordinazio mahai bat badu azokak, eta bertan daudenek eduki ditzakete iritzi ezberdinak, eta normala da, baina orokorrean ondo joan dela esango nuke. Niri asko balio dit gai berari buruz beste norbaitek beste begirada batekin ematen duen iritzia, agian ez kasu egiteko, baina bai jakiteko: horri esker, badakit ikuspuntu hori badagoela. Begi desberdinekin, adin desberdinekin, ibilbide desberdinekin gauza bera ezberdin nola ikusten dugun konturatzea oso inportantea da. Prozedura ez da bakarrik etxe barrukoa izan, beraz, eta horrek asko lasaitzen nau; bai koordinazio mahaiak eta bai eduki ditugun elkarrizketek ematen didate lasaitasun handia.

Eta saltzaileek nola hartu dute proposamena?

Hasieran ez genituen salmahaiak erretiratu, eta beste aukera batzuk izan genituen mahai gainean, eurek ere onartutakoak, baina egoerak txarrera egindakoan eurek ere esan zuten ezetz. Hainbat elkarrizketa eta galdetegi egin ditugu. Ia maila akademikoan aztertu behar dugu dena. Nire obsesioetako bat da. Argi dago azokak hainbat kultur arlo laguntzen dituela dirutan, eta ez bakarrik bost egun horietan, baita gero ere. Hori jakinda, garbi eduki dute beti azoka mantendu egin behar zela. Nik neuk baino argiago ikusi dute batzuetan hori. Orain ikusiko dena da datorren egunetan benetan zer izango ote den azoka; hori da, alde batetik ilusioz, eta, beste alde batetik, beldurrez ikusi nahi duguna.

Durangoko Azokak nabarmen eragiten du euskal kulturaren ikusgarritasunean ere. Normalean euskarazko produktuei arretarik jartzen ez dieten hedabideek ere, esaterako, erreportajeak egiten dituzte azoka egunetan. Horri nola eutsiko zaio?

Ez dakit, ze hori ez dago gure esku. Nik neuk, bai, igarri dut asko hazi dela sasoi honetan izan ohi dudan elkarrizketen agenda.

Zein dira, beraz, aurtengo itxaropenak? Zer joko zenukete arrakastatzat aurten?

Streaming bidez egiten diren emanaldietan zehatz jakingo dugu zenbat jendek ikusi dituen, eta nahi genuke zenbaki handiak izatea. Zabaldu dela jakiteak poza emango digu, baina, batez ere, ikusi behar dugu ea liburuak eta diskoak saltzen diren. Jakina, hau egiten badugu da pentsatzen dugulako saldu egingo dela, espero dugu baietz.

Azoka egunetan kultura erosteko deia egin zenuen denda digitalaren aurkezpen egunean, baina ez bakarrik Durangoko Azokagatik, baizik eta, esan zenuenez, euskal kulturagatik. Zer pisu du azokak argazki zabalago horretan?

Badirudi handia dela, eta Siadeco etxearekin egindako ikerketak ere baieztatu zuen hori. [Azterketa haren arabera, azokan egoten diren saltzaileentzat batez beste urteko fakturazioaren %22a suposatzen du Durangok]. Orain ere, denda digitalean erosketak egiteko prozedura erraza da, eta espero dezagun jendeak erantzutea. Nire beldurra da webgunea eroriko ote den, martxan jarri genuen lehen momentuan erori zen bezala, jende askok bisitatu zuelako. Ez dakigu zer istripu egon daitezkeen. Baina nik uste dut askok eta askok dugula argi euskal kulturak behar duela saltzea, eta bertan erosita ez diogula kalte egingo ez azokari, ezta sortzaileei eta kultur enpresei ere. Baina momentuz amesketa bat da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.