KRITIKA. Musika

Hondarrezko zingirak

Izukari taldearen 'Ikari Lehena' diskoaren azala.
Izukari taldearen 'Ikari Lehena' diskoaren azala.
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Izukari

'Ikari Lehena'

 Diskoetxea: Hagina Diskak.

Beran eratutako SextySexers rock taldean aritutako bi musikarik abiatutako egitasmoa da Izukari berri hau: Joseba Baleztena (Bera, Nafarroa, 1984) gitarra-jotzaile eta ekoizleak, eta Mikel Larratxe (Irun, Gipuzkoa, 1982) musikari eta diseinatzaileak. Lehenengoa hamaika saltsatan dabil aspalditik; besteak beste, Mice taldean eta Gakobeltz Hit Faktoria estudioa zuzentzen. Bigarrena, berriz, ez da lehenengoa beste azaltzen agertokietan, Tzar izeneko proiektu metalzalean parte hartu izanagatik ere. Horretaz gainera, diseinatzaile ere aritzen da, orriotara ekarritako soinu-proposamenaren marka berarekin.

Bada, pandemia garaian erein omen zuen bikoteak Izukariren hazia, eta, azkenik, aurtengo urrian loratu da fruitua, bost kantu biltzen dituen binilozko diskoa, non Larratxe nagusiki ahotsaz arduratu den, eta Baleztena gitarraz, sintetizadoreez eta mellotroiaz. Horretaz gainera, lagun talde zabala izan dute ondoan, hala nola Carlos Noain (piano eta organoak), Iñigo Telletxea (baxua), Felix Buff (bateria) eta Xiker Salaberria (tronpeta). Grabazioa Baleztenak zuzendu du, eta Will Borzak masterizatu AEBetan.

Edukiari dagokionez, bost kantuak giro bare, siku eta itzaltsuetan arrastatzen dira, basamortuan, ezkutuki, sigi-saga dabiltzan sugeen antzera. Mikelen ahotsaren eta Josebaren gitarren inguruan ardazten badira ere, gainerako musikarien ekarpena azpimarratzekoa da, eta tarteka eta sotilki bada ere, tronpetek, pianoek nahiz koruek xehetasunez betetzen dituzte narrastion larruazalak.

Kantuen bizkarrezurra eraikitzerakoan, baina, Larratxek eta Baleztenak AEBetako sustraidun rockean eta Australiako rock zingiratsuan jarri dituzten begiak, beren eraginen artean Jeffrey Lee Pierce (The Gun Club) eta Rowland S. Howard (The Boys Next Door, The Birthday Party, Crime and The City Solution, These Immortal Souls) daudela aitortu baitute. Halaber, 16 Horsepower eta Wovenhand ere aipatuko nituzke, post-punka eta countrya edo folka uztartzeko nahia ere erakusten baitu Izukarik. Folkerako joera horren harira, Mikelen ahotsa ere nabarmenduko nuke, Xabier Montoiak bere azken proiektuetan agertutako manerekin lotzen baitut.

Influentziak gorabehera, Izukari rock egitasmo interesgarria da, zama handiko eta ondo identifikatutako musikarien eraginez osatua, baina, era berean, bide berriak ere bilatzen dituena, dela folkaren bidetik, dela post-punk giroen sakontasunetik. Kantuak askotarikoak dira, baina gitarretako eta eztarrietako soken bidez, batasun sendoa lortu dute bi lagunek, eta hori guztia lehendabiziko lan batean dotoreziaz biltzea ez da kontu erraza.

Finean, lan erakargarria eta iradokitzailea margotu dute Mikelek eta Josebak, eta emaitza honetara iristeko lan handia egin dutela esango nuke, desertu asko zeharkatu dituztela, azkenik, ur tanta batzuk lortzeko. Diskoa ixten duen Mendaro entzutea baino ez dago: kasik bederatzi minutu luzetan, doinuak dunetan gora eta behera darama entzulea, gitarra zirimolen bitartez. Hurrengo ahaleginean, ur xortak baino gehiago, ozeanoak espero ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.