Gertu zituen geografikoki, eta gertu sentitzen ditu artistikoki. Charlie Hebdo aldizkariko marrazkilarien aurkako erasoak oso gertu jo duela dio Juan Perez Agirregoikoa artistak (Donostia, 1963): «Nahikotxo eragin dit». Haien egoitza zegoen auzoan du bizitokia Parisen, eta horregatik gertutasun geografikoa. Umorea eta kritika dira, gainera, haren lanaren ezaugarrietariko batzuk, eta horregatik gertutasun artistikoa. «Umore basatiagatik», dio. Zaurira doaz maiz haren artelanetan ageri diren esloganak ere: Camaradas, ahora soy de derechas (Kamaradok, orain eskuindarra naiz), La cultura no te interesa (Kultura ez zaizu interesatzen), On préfere la jouissance a la verité en avant (Hemendik aurrera nahiago dugu plazera egia baino)... 2006an jaso zuen Gure Artea saria Agirregoikoak, badu oihartzuna nazioartean, eta Sao Pauloko biurtekoan izan da orain gutxi. The Culture Lovers eta Erased urmargoekin sortutako animaziozko film laburrak ditu orain Bilboko Carreras Mugica galerian ikusgai, eta argi ikusten da bertan sortzailearen eztena. Larunbat arte egongo dira lanak galerian.
«Skate-ak kapitalismoa zerbitzatzen du». The Culture Lovers piezan ageri da mezua, eta erakusten du nola irentsi duen merkatuak kontrakultura gisa sortu zen hura. Berdin gertatu zaio arteari?
Guztiarekin gertatzen da hori; sistema gai da aurrean jartzen zaion guztia fagozitatzeko. Ulergaitza egiten zaidana da jendea nola loriatzen den tribu horien parte izateaz eta nola aldarrikatzen dituen kulturatzat. Noski, artea ez da libratzen, baina artean zenbait une arraro eta sekuentzialetan zerbait gertatzen da; aurrera egitera garamatzan zerbait aurreikusezina eta ezberdina.
The Muntadas Syndrome pieza satira bat da, etengabe hemendik harako bidaian eta bere marka saltzen dabilen artista arrakastatsuaren figurari buruzkoa.
Muntadas sindromea deitu nuen ziur aski Antoni Muntadas izango delako artistarik nazioartekoena, baina benetan neure buruari egiten nion irri, eta baita gai politikoen inguruko nazioarteko erakusketa batzuetara gonbidatutako artista neofito gisa izan ditudan esperientzia batzuei ere. Bat-batean, ohartzen zara publikazioena itxurakeriazko mundu bat dela eta, kontu serioa izan beharrean, Hola! aldizkaria dirudiela. Zorionez, denak ez dira halakoak.
Irakurria dizut estilo edo marka bilakatzeari izkin egiten saiatzen zarela. Erresistentzia modu bat da?
Beti dut gogoan Jose Luis Morazak Arte Ederren Fakultatean esaten zigun esaldi bat: «Gogoratu transformazio bidez egiten ez den guztia estilo modura formalizatzen dela».
Maiz erabiltzen dituzu itxuraz atsegin diren euskarriak mezu deserosoak bidaltzeko. Hildako etorkinak ageri dituzten urmargoak; Marx I love U, will U marry me? mezua daramaten hegazkin txikiak; mendeku esloganak dituzten festetako banderatxoak... Ikusleak jasotzen duen kolpea bilatzen duzu?
Bai, gauzak dagokien lekutik kanpo daudenean bezala da.
Umorea ere oso presente dago zure lanetan. Zer eginkizun betetzen du zuretzat?
Bai, esan dezagun umoreaz baliatzen naizela eta etengabe ateratzen didaten gaia dela. Inoiz hartu izan dut fool-aren edo emakume histerikoaren posizioa zenbait gairi buruz hitz egiteko teknikatzat, baina, esateak barregura sortzen didan arren, serioa naiz.
Dekalogo bat sortu zenuen ¿Queréis un amo? Lo tendréis piezarako. Txakurrak eta gizakiak erretratatu zenituen obedientziari buruzko serie hartan. Bigarren puntuak zera aipatzen zuen: «Nola lortu diskurtsoa eta iraultza itxura soil ez izatea».
[Jacques] Lacanen [psikoanalistaren] esaldi bat da. 1968aren ostean Vincennesera gonbidatu zuten lau eskola eskaintzera, 1968 osteko giro hartan, eta ikasleei esan zien esaldi hori. Bero joan ziren eztabaidak Lacan atzerakoitzat duten ikasleen artean, eta amaitzeko esaldi hori bota zien hark: «Jabe bat izatera heltzea da iraultzaile ororen ametsa, eta zuek jabe bat nahi duzue; izango duzue!». Iraultzen arazo handia da formalizatu egiten direla azkenerako. Zorionez, Sylvain Lazarusek esaten duen modura, jendeak pentsatu egiten du, eta pentsamendu hori erreala denaren alboan dago.
Sorkuntza prozesua amaitzean sortutakoarekiko interesa galtzen duzula diozu. Zergatik?
Problemak konponduz joatea da niretzat sorkuntza prozesua, kezkatzen nauten eta ikertzen saiatzen naizen gauzen inguruko problemak konponduz joatea. Digestio luze batekin konpara liteke. Problema konpontzen denean, gorozkiak, hondarrak dira prozesuaz geratzen dena, gorputzaz askatzen dena, besteek arte deitzen duten hori. Beraz, kontua ez da interesa galtzen dudala, baizik eta kito dela, beste kontu batekin hasten naiz.
«Besteek artea deitzen dutena». Mesfidati dirudizu arte hitzari buruz ere.
Gaur bertan bidali dit lagun batek Sao Pauloko biurtekorako sortu dudan filma aurkezteko gonbidapena, eta artista eta filosofo modura aurkezten ninduen. Nahiko erridikulua iruditzen zait artista naizenik esatea ere, eta, beraz, filosofo izatearena... Ikasketak hasi nituen, baina filosofo izatera helduko ez nintzela ohartzean, interesgarri iruditzen zitzaizkidan irakasleen eskoletara bakarrik joaten hasi nintzen. Alain Badiouren eskoletan izateko zortea izan nuen, adibidez, oraindik oso ezaguna ez zenean. Normalean, irakasle naizela esaten diot jendeari, azalpenik ematen ibili behar ez izateko. Kasu honetan gonbidapena bidali zidan lagunak ere irri egin zuen, baina nahiko kontu formala zen, eta egun unibertsitatean zenbait gairi buruz aritzeko nahikoa errezelo dagoenez, horregatik egin du aurkezpen hori. El evangelio según San Mateo da piezaren izena [Ebanjelioa, San Mateoren arabera], eta kapitalismoaren aurrekari modura aurkezten dut kristautasuna. Frantzian egoera dagoenetan egonik, ongi justifikatu behar dira halakoak. Errespetu eta kontu handiz dabiltza erlijioen kontuarekin.
Arteaz ez duzula ezer espero esan izan duzu. Mendeku poetikoa kaltegabea da?
Ez dut ezer espero ezertaz; ez dut helbururik, eta, hala, ez dut desilusiorik hartzen; nahiko zoriontsua naiz. Niretzat aritzen naiz. Charlie Hebdo-ko marrazkilariekin pasatu denaren ostean, uste dut marrazkia eta hitza etorkizunez kargatutako arma bat direla. Materialista naizen neurrian, esango nuke munduaren problema nagusia espiritua dela.
Platonen Errepublika lanaren inguruan zabiltza orain lanean.
Kezkagarri zait nola gobernatzen gaituzten, nahiz eta ez dudan horretarako inor legitimatzeko ohiturarik. Errepublika hezkuntzaz eta gobernuaz mintzo da, antolaketaz; itxi gabeko gaia da niretzat, eta beti datorkit bueltan. Ez dakit ez noiz ez nola formalizatuko den.
Juan Perez Agirregoikoa. Artista
«Hondarrak dira besteek arte deitzen dutena»
Euskarri atseginetan ezkutatzen du eztena Juan Perez Agirregoikoa artistak bere lanetariko askotan. Eta hori da Bilboko Carreras Mugica galerian jarri dituen urmargoez sortutako bi film laburren kasua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu