Hondamendien gailurra

Axut eta Artedrama konpainien 'Hondamendia' obrak pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama ditu mintzagai. Historiatik istorioa idatzi du Harkaitz Canok, eta Ximun Fuchsek du zuzendu

Ander Lipus eta Manex Fuchs aktore lanetan Hondamendia obran. Harkaitz Canok du idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Basauritik bueltan ginen, 2020ko otsailean, Zaldi urdina antzezlana eman berritan, eta bidean ikusi genuen mendia eroria, zientzia fikzioa ematen zuen. Gauza asko gertatu dira: gure mundua irauli da, Zaldibarko [Bizkaia] luizia katastrofe izugarria izan da, mendi bat erori zaigu gainera, kakaz betea, zaborrez betea, bi langile erraustuak eta lurperatuak izan dira... Zaborrak heldu ziren beharbada Alemaniatik, Bordeletik, ematen zuen azken zabortegia ginela Afrika baino lehen, holako itsuskeria bat. Baina kaka hori guzia guk ereiten dugu, kontsumo gizarteak, ongizatearen izenean». Luiziarekin aski ez, eta hilabete geroago jin zen pandemia: «Alimaleko sarraskia hau ere». Ximun Fuchs obraren zuzendariak kokatu du Hondamendia antzezlanaren testuingurua. Axut eta Artedrama antzerki konpainiek estreinatuko dute lan berria hilaren 14an, Luhuson (Lapurdi).

2022ko otsailean hesten dira taula gaineko oihal beltzak, errealitateak eragindako zauriei oraino zornea darie, arraposturik gabeko galto franko baita. Aktoreen elkarrizketek, erantzunak baino gehiago, kontakizun neutral eta objektibo bat baino gehiago, errealitatetik partitutako istorioa kontatzen dute, dudak barreiatuz. Finean, historiari galderak pausatzen dizkion istorioa asmatu dute. Otsaila ihauteri sasoia izan ohi da, trapu zaharrak inarrosteko parada. Antzerkiak berak ere betetzen duen rola, erresilientzia egiten lagundu dezakeen akuilua: «Hilak eta biziak batzen dira ihauteriz, artea dela medio, gure zauriak berriz josi eta kaka azaleratzen dugu, eta pertsonei eta komunitateari gure udaberria ereiteko aukera ematen diegu», erran du Fuchsek.

Autobidean zuzenean bizi izan zutena Harkaitz Cano idazleari kontatzea eskatu zioten, hala erran du Fuchsek: «Animalekoa da Cano, ezaguna, gaitasun handikoa, eta baita hurbila ere. Joan-etorri anitz izan dira; artisautza lana izan da. Antzerki bat biziki arkaikoa da; ez da misterio handirik: saiatu, eta pixkanaka liliak edo porruak ateratzen dira».

Taula gainean anitz saiatutako aktoreak eta eszenografia erakutsi dituzte; hondamendi batek irentsi du publikoa, eta hainbertzekoak dira estimuluak non ez baitaki zeri so egon: argi eta soinu efektuek xurgatu dute ikuslea. Adibidez, su mendizko zabortegiaren erupzioak, zeina irudikatu baitute ehunka arropa airera jaurtikiz. Eskuan eramandako argi zuriak ospitaleko hotza edo mendi zulo bateko argiena islatuko ditu. Teknologiaren gailurreko gailuez ilundu dute panorama, baina baita denik eta objektu sinpleenaren bidez ere; adibidez, tenporizadore bat, zeinak kontatuko baitu zenbat denbora ments den luizia gertatzeko. «Eskura ditugun gailu eta gaitasun guziak baliatu ditugu: egiazko plastikotasuna baliatu dugu», ohartarazi du zuzendariak. Taula gainean ari da tai gabe Maialen Belaustegi pantaila eta soinuak doitzen, doi-doietarik ikusten dela.

Luizia eta pandemia bizitzeko manera errotik ezberdinak islatzeko rol andana bat ezarri dute jokoan: langileak, langile hilen senideak, erizainak, enpresariak, ospitale burua, kazetariak, prentsa arduradunak, politikariak... Horretarako, bilaketa lana egin dute, konparazione, Zaldibarko zabortegian zendutakoen senideengana joan baitira.

Pertsonaia horien guzien biziarazteko Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimera, Jon Ander Urresti, Maite Larburu, Manex Fuchs eta Eneko Gil aktoreak ari dira. Saguesek antzerkiaren erraiak ongi ezagutzen ditu, ttipitatik edan baitu arte horretatik, gurasoena baita Atikus antzerki konpainia, Iruñean.

Hondamendia obran, bi pertsonaiaren baitan sartzen da: alde batetik, Zaldibarko zabortegian berriki lanean hasi den langile gaztea da; bertzetik, erizaina ere bada. Aitortu du ez duela gehiago bere burua aktore gisa sentitzen, baizik eta Patricia edo Maite gisa: «Maite Robertori lan txanda aldatzearen ondorioz ez da hil. Erruduntasunak bultzatzen du gertatutakoaz ikertzera. Egiazko gaia da; gustatzen zaidana da nire aktore pentsamenduak ditudalarik pentsatzea ni baino handiagoa dela gaia. Atsegina da benetako gauza bat kontatzea».

Ari izan

Maite pertsonaia ez ezik, Sagues ere ari da historiatik ikasten, orain arte ez zekizkienak jakin baititu. Bertzetik ere, orain arte hainbertze ezagutzen ez zuen unibertsoan murgildu du esperientzia honek: «Euskal kulturaren barnean ere ikasten ari naiz konpainia honen barruan, gero eta murgilduagoa naiz».

Obra «hutsunez» ere bete dute, pandemiaren «espezialista» edonor baita. Preseski, historiaren istorioari tiraka aritzen utziko diete 120 ikasleri, Kanboko (Lapurdi) Xalbador eta Hendaiako Irandatz ikastetxeetakoak dira. Arantxa Hirigoienek txosten pedagogiko sendoa eraiki du, ikasturtean haiekin landuko baitu obra eta obraren periferia guzia, 50 orenez: «Antzerkia estakuru biziki baliagarria da: zerbait kontatzen da, baina helburua da ikustea nolakoak diren norbanakoaren iritziak, emozioak, bizipenak; ikustea zer landu daitekeen, kolektiboki ere bai. Balio digu gogoetatzeko, eztabaidatzeko, barneko mamu horiek ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.