Literatura

Hondamendia hasi zen urtea

1970eko urteetan Kanbodian Khmer Gorriek eragindako izua azaltzen du Tian Veasnaren 'L'année du lièvre' nobela grafikoak, familia bereko hainbat kideren bizipenen bitartez.

Tian Veasnaren L'année du lièvre nobela grafikoko hainbat irudi. TIAN VEASNA.
estibalitz ezkerra vegas
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Iragarpen guztien kontra, 1975eko apirilaren 15ean, hainbat soldadu gazte Phnom Penhnen sartu ziren, estatubatuarren kontrako gerran garaipena lortu izana ospatuz. Beltzez jantzita zihoazen denak, krama gorriak lepoan, AK47z eta tankez lagunduta. Gizarte berri bat eraikitzeko asmoz heldu ziren Kanbodiako hiriburura, kapitalismotik eta atzerritarren esku hartzetik aske. Kasualitatez, zero urtearen hasiera markatu zuen egunak —angkar edo erakundeak Frantziako Iraultzatik harturiko ideia izan zen hori— egutegi tradizionalaren araberako urte berriaren hasierarekin bat egin zuen. Untxiaren urtearekin, alegia. Hiru urte geroago, Txan jaio zen.

Tian Veasnaren (Kanbodia, 1975) L'année du lièvre (Untxiaren urtea, 2012) nobela grafikoa abiatzen denerako, Txanen aita bihurtzekoa dena, Khim medikua, ospitaleko gelak arakatzen topatuko dugu, umea jaiotzeko beharrezkoak diren gauzak biltzen. Kalean, jende saldo handia soldaduen aldeko kantak abesten ari da. Ospatzeko gutxi du mediku gazteak, ordea, semea iristear den honetan. Agintera heldu berri diren Khmer Gorrien aginduei jarraituz, landa eremuan dagoen Ta Prom herrixkara abiatu beharko dute Khimek, haren emazte Linak eta Txan jaioberriak. Estatubatuarren bonbardaketetatik babesteko dela diote. «Ez kezkatu. Hiru egun barru itzuliko gara», esaten dio senide batek beste bati. Baina angkar-aren gezurretako bat besterik ez da. Landa eremuan berriro heziak izateko aukera izango dute Khimen familia bezala egoera ekonomiko onean bizi izan direnek, hots, herritar guztiak baserritar txikien mailan jarri nahi dituen erregimenaren etsai bihurtu diren horiek. Baserritar berriek, hiritik landara heldutakoek, aurrera ateratzeko baliabiderik ez dute. Thailandiara ihes egiten saiatuko dira Khim eta bere familia, baina harrapatu egingo dituzte, eta lan esparru batera bidali.

Lan esparruetan dihardutenen bizi baldintzak xehetasunez dokumentatu ditu L'année du lièvre-k. Janaria ez dago sobera, eta indarkeria edozein unetan lehertzeko zorian da. Bizirik irauteko zailtasunak irudikatu ahala, egunerokoaren parte bihurtu den tiraniaren erretratua eskainiko digu nobela grafikoak. Elementu oro gobernuaren kontrolpean dago: janzkera (arropa beltzak bakarrik eraman daitezke), ezkontzeko aukera, zer medikamentu har daitezkeen gaixo egonez gero... Herritarrek elkar espiatzen dute —umeek, gurasoak; senarrak, emaztea—, sarituak izateko aukeraz profitatu nahian. Bozgorailuen bidez propaganda lurralde osora zabalduko du angkar-ak, eta gobernuaren agenteek trikimailuak erabiliko dituzte etsaiak desmozorrotzeko asmoz. Une batean, Khmer Gorriak Phnom Penhera itzultzera gonbidatuko ditu medikuak eta aurreko gobernuan administrazio postuetan aritutako horiek, gobernu erregimen berriaren parte izango direla promes eginda. Baina hala egiten duten horiek taldean exekutatuko dituzte. Beste pasarte batean, lan esparruko buruzagiek alde egingo dute halako batean, eta haien ordez gizon batzuk helduko dira, beren buruak Khmer Gorrien kontra borrokan ari diren matxino moduan aurkeztuko dituztenak. Tranpa bat da, ordea, presoen leialtasuna neurtzeko.

Iraultza aurretik, eskola garaietatik edo lanetik ezagutzen zuen jendearekin topo egingo du, etengabe, Khimen familiak. Erregimenak bata bestearen arerio edo, behintzat, susmagarri bihurtu baditu ere, elkarri lagunduko diote ahal dutenean. Izan ere, ahaidetasun harreman tradizionalek iraun egingo dute izugarrikeriaren erdian. Ahaztu ezin dutenen erresistentzia mekanismoa da; azken batean, familia guztiek galdu dute norbait Khmer Gorrien ondorioz.

Memoria galtzearen beldur

L'année du lièvre ez da Khmer Gorrien garaiko memoria berreskuratzen duen lehen lana. Aurretik beste hainbat liburu gauza bera egiten saiatu dira, besteak beste Loung Ungen First They Killed My Father (Lehenengo aita hil zuten, 2000) kronika. Ungen lanak tragediaren gaineko ikuspuntu pertsonala eskaintzen du, eta L'année du lièvre-k, ostera, familia bereko hainbat kideren bizipenak aintzat hartzen ditu, narratzaile orojakile batek gidatuta.

Rithy Panhek —zeinak L'année du lièvre-ri hitzaurrea idatzi dion eta bere bizitzaren parte handi bat Khmer Gorriek eginiko genozidioaren oroimena zabaltzen jardun duen— «ezinezko doluaz» hitz egiten du Kanbodian gertatu zena deskribatzeko. Ezinezko dolua deritzo gertaerari, ez delako erraza halako horrorea azaltzea. Kalkulatu dute 1975. eta 1979. urte bitartean Khmer Gorrien eskuetan populazioaren laurdena hil zela. Veasnaren nobela grafikoan azaldu dute 2007an 19.733 hilobi komun zenbatu zituztela. Ordutik, ia urtero beste 150 hilobi inguru aurkitzen dituzte.

Gaur egungo Kanbodia ustelkerian hondoratuta dagoen diktadura baten pean da —herrialdeko lehen ministroak Khmer Gorrietan parte hartze zuzena izan zuen—, baina aurreko gobernuak genozidioaren eragileetako batzuk epaitu zituen. Nuon Txea, Anaia Bi Zenbakia esaten zitzaiona, 93 urte zituela hil zen, 2019ko abuztuan. Gizateriaren kontrako krimenengatik epaitu zuten 2014an, eta genozidioagatik 2018an. Aurreko epaiketetan bere krimenengatik damua agertu zuen, baina ukatu ere egin zituen berak eginiko zenbait ekintza. Belaunaldi nagusietako asko beldur dira Khmer Gorriek eragindako sarraskiaren memoria galduko ote den, Kanbodiak aldaketa sozioekonomiko handia jasan baitu azken hogei urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.