Dantza garaikideko Dantzaz konpainiak Hona lana estreinatuko du bihar Gasteizen. Polonian estreinatu zuten Fernando Saenz de Ugarte zuzendari nagusiaren gidaritzapean ondutako lana, eta bihar Euskal Herrian taularatuko dute aurrenekoz. Gasteizko Felix Petite antzokian ikusi ahalko da dantza ikuskizuna, 19:30ean.
Nortasun eta ikuspegi artistiko propioak dituzten bi piezako sormen proiektua da Hona ikuskizuna: Paolo Mohovich koreografo italiarrak zuzendutako Hondo lanak eta Jacek Przybylowicz poloniarrak gidatutako Aire sakona obrak osatzen dute proiektua. Dantzaz konpainiak eskatuta sortu dituzte ikuskizunok bi koreografoek, eta konpainiako dantzariak zein nazioartekoak aritu dira oholtza gainean. Hamar dantzarik parte hartzen dute Hondo ikuskizunean, eta bederatzik Aire sakona izenekoan.
Formatu «berritzailea» du proiektuak: elkarren artean lotura izanik ere, zeharo ezberdinak dira bi ikuskizunak. Lan bakoitzak esperientzia «berezi» bat eskaintzen dio ikusleari, koreografo bakoitzaren ikuspegi eta sormena oinarri dituelako eta «sakontasun handiko gaiak» lantzen dituztelako. Bi obrek gaurkotasuna dantzaren bidez aztertzeko helburua dute, baita hemen eta orain kontzeptuak aztertzekoa ere, Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendariak azaldu duenez. Hain justu, gaur aurkeztu du proiektu berria Gasteizen, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Kultura zinegotziarekin batera. Zuzendariak azpimarratu duenez, obra biek «bidaia emozional eta bisual» bat egiteko aukera ematen dute, eta, dantza bidaide hartuta, inguruarekiko harreman «harmoniatsua» lortzea dute xede.
Itsasoa eta isiltasuna
Dantzaz eta Palcoscenico Danza Torino konpainien arteko lankidetzari esker ondu du Hondo pieza Paolo Mohovichek. Itsasoaren handitasuna hartu du inspirazio iturri, eta dantzaren bitartez «amildegia, misterioa eta denbora» kontzeptuak aztertu ditu, besteak beste. «Lan plastiko honek emozioak eta misterioa transmititu nahi ditu»; Saenz de Ugarteren hitzetan: «Akuario bat bisitatzea bezalakoa da, itsasoan eta haren sakontasuneko mugimenduetan murgiltzeko modua ematen du».
Euskal Herriaren eta Poloniaren arteko lankidetzaren emaitza da, berriz, Aire sakona. Przybylowicz koreografoak eta Adam Walicki musikagileak lau asteko egonaldia egin zuten iazko ekainean Dantzazek Errenterian (Gipuzkoan) duen zentroan, eta euren sorkuntzarako erabili zituzten denbora tarte horretan ezagutu zituzten Euskal Herriko hainbat elementu eta sinbolo; besteak beste, bertsolaritzakoak eta estropadetakoak.
Eduardo Txillidaren obran eta Jorge Guillenen Lo profundo es el aire poeman oinarrituta ondu du lana Przybylowiczek, eta «esaten eta ikusten ez denaren» inguruan gogoeta egiteko aukera eskaintzen dio ikusleari. Saenz de Ugarte: «Piezak arlo fisikoa gainditzea proposatzen du, isiltasuna eta hutsuneak arakatzea, sarritan egunerokoak ezkutatzen duenarekin konekta dezagun».