Homerok ez du bolizko dorrerik (I)

Balea Zuriak Homeroren 'Odisea' euskaraz kaleratuko duen honetan, abagune aproposa da Homeroren egiletza aztertzeko, oraindik ebatzi gabeko auzia baita. Bitxikeria hutsetik harago, hari erreparatzeak asko esaten du egun literatura irakurtzen den moduaz.

Homero poeta klasikoa irudikatzen duen marmolezko eskultura bat. BERRIA
Homero poeta klasikoa irudikatzen duen marmolezko eskultura bat. BERRIA
2024ko azaroaren 10a
05:05
Entzun

Inork galdetzen dizuenean
«Neskak, nor da zuentzat kantari guztien artean eztiena,
gehien gozarazten dizuena?”
Zuek, denak batera, esan halaxe:
«Bada gizon itsu bat, Kios uharte arrokatsuan bizi dena.
Haren kantuak dira, orain eta betiko, onenak!»

1911. urteko Troiaren erortzea filma eszena gogoangarri batekin abiatzen da. Hasierako kredituei segitzen dien plano orokorrak gizon bizardun bat erakusten du, itsua, zitara eskuan duela, greziarren eta troiarren balentriak errezitatzen inguruan bildu zaion jendetzari, zine mutuan izaten zuten antzezmolde hanpatu eta erretorikoan. Homero da, Iliada eta Odisea-ren ustezko egilea, Mendebaldeak betidanik imajinatu duen bardo itsua. Kontalari horiei aedo esaten zieten Antzinako Grezian («kantatu» esan nahi du aeidoo aditzak), eta hara eta hona ibiltzen ziren beren poesia epikoa herriaren ahoari debalde ematen.

Iliada eta Odisea-ren egilea Antzinaroko aedo baten gisara imajinatzeak gehiago du mitotik egitatetik baino, ezen jakin, ezer gutxi dakigu gaur egun Homerori buruz. Mendebaldeko literaturaren lehen zutarritzat jotzen den egileak ia hutsik du biografia: ez dago jakiterik noiz bizi izan zen, ez nongoa zen, ezta benetan existitu zen ere. Izatez, Iliada eta Odisea egile berarenak diren ere ez dago garbi. Bardo itsuaren mito zaharrak Apolori eskainitako himno homerikoan du jatorria, hain zuzen: Tuzidides historialari klasikoak Homerorekin identifikatu zuen himnoan bertan agertzen den poeta («bada gizon itsu bat...»), eta lotura horren oihartzuna menderen mendetan hedatu da, nahiz eta gaur egun oinarri eskasekotzat jotzen den.

Egiletzaren auzian sartuta, interesgarriena zera da, imajinatzea nolako rola izan zezakeen balizko Homero horrek Iliada eta Odisea-ren eraketan. Jakina da poema epikook ahozko tradizio luze batetik datozela, eta idatziz jarri zirela antzinate ilunaren istant ezezagunen batean, beranduenik ere Alexandriako liburutegiaren garairako. Bide luze horretan, non dago Homero? Irene Vallejok honela dio Infinitua ihi batean saiakeran: «Ikertzaile bakoitzak Homero bat irudikatzen du, berea: garai urrunetako bardo analfabetoa; Iliada-ren eta Odisea-ren behin betiko bertsioaren arduraduna; bi liburuei azken ukitua eman zien poeta; eskuizkribua bere izenarekin sinatu zuen kopista saiatua [...]».

Pixkanaka egiletza kolektiboaren ideia indartuz joan zen: haren arabera, egile ugari izan dira mendeetan barrena, eta ahozko tradizio bizi baten barrenean eratu dira 'Iliada' eta 'Odisea'. Izan da, noski, egiletza kolektiboaren ideia horri buru egin dionik ere

Halatan, egiletzaren auziak dikotomia interesgarri bat dakar berekin: inor izatekotan, nor litzateke poemen egilea? Aedo analfabetoa ala poeta idazlea? Non dago egiletza, ahozko tradizioan ala idatzian? Poema homerikoak berraurkitu eta irakurtzen hasi zirenean, Errenazimentu garaiko humanistek idazle imajinatzen zuten Homero, duda-mudarik gabe; «Virgilio eta Dante ere idazle ziren modu berean», Emily Wilson adituak dioenez (gaur egun ere badago horretarako joera filologia espezializatutik kanpo Homeroz hitz egiten denean). Denborarekin, baina, Homeroren aztertzaileak ahozkotasunaren garrantziaz jabetuz joan ziren, batez ere ikusirik zein desberdinak ziren Homeroren testuetako hizkuntza eta Aro Klasikoko beste idazleena. Homero ezin zen Platon, Herodoto eta beste idazle klasikoen zaku berean sartu; antzinago behar zuen, baina iraganean urrutiegi jotzeak auzitan jar zezakeen Homero idazlearen mitoa, ez baitago jakiterik aspaldi horietan (K.a. 1000. urtea ere izan zitekeen, zenbaiten arabera) idazkera noraino zegoen zabalduta.

Hala, pixkanaka egiletza kolektiboaren ideia indartuz joan zen: haren arabera, egile ugari izan dira mendeetan barrena, eta ahozko tradizio bizi baten barrenean eratu dira bi poemak, denboraren joanean sortuz, ugalduz, zatikatuz, osatuz, laburtuz, harik eta kopistaren batek noizbait idatziz jarri arte. Izan da, noski, egiletza kolektiboaren ideia horri buru egin dionik ere, argudiatuz ezen Iliada eta Odisea batasunez eta koherentziaz egindako lanak direla, haien egituraketa eta intentzioa idatziz bakarrik direla posible, eta funtsean badagoela, olerkion bizitza luzean nonbait, jenio sortzaile (idazle) bat: Homero, alegia.

Poeta eta musa

Jenio sortzailearen figura aspaldiko kontua da artearen historian; Europa Erdi Arotik atera ahala, artea eta artista egiletza indibidualarekin lotuz joan ziren. Artistaren indibidualtasuna goretsirik, artelana norbanako horren proiekziotzat jotzen zen, ia haren luzapena balitz bezala. Asko sinplifikatuz, esan liteke harrezkeroztik norbanako horren intentzioa asmatzea izan dela irakurlearen helburua, eta intentzio hori behar bezala ulertu behar dela egileak obrarekin zer esan nahi duen asmatzeko. Literaturaren esparruan, zenbait korronte kritikok buru egin diote literatura eta artea ulertzeko modu horri (tartean Roland Barthes eta haren Egilearen heriotza ospetsua, baita New Criticism eskola ere, besteak beste), baina, haien arrakasta zalantzazkoa gorabehera, oraindik ere erabat da ohikoa, irakurle gisa, egilea eta haren intentzioa lehenestea literatura irakurtzeko garaian.

Oraindik ere erabat da ohikoa, irakurle gisa, egilea eta haren intentzioa lehenestea literatura irakurtzeko garaian

Bada, Iliada eta Odisea irakurtzeak erabat gainazpikatzen du irakurtzeko manera tradizional hori: ezen noren intentzioa bilatu behar da testuan, baldin ez badago jakiterik nor dagoen lan horren atzean? Noren jenio sortzailea aurkitu behar du irakurleak, baldin ez badago garbi Homero idazle izan zen ere? Homero idazletzat jota, hain zuzen, gaur egungo ulerkera inposatzen diogu bi mila urtetik gorako tradizioa duen testu bati, zeinak bestela irakurtzeko eskatzen baitu ezinbestez.

Nola, ordea? Horretan, antzera hasten dira Iliada eta Odisea: poetak (gaur egun narratzailea esango geniokeenak) musari dei egiten dio, inspirazio eske: «Kantatu, o, jainkosa, Akilesen amorruaren berri», dio Iliada-ren hasierak, eta, inbokazio horren ondoretan, musak inspirazioa ematen dio poetari, bitartekari lanak egin diezazkion. Ekintza performatibo bat da musei hots egitea, kasik aedoen garaiko kanta-kontaketa antzeratzen duena. Poesia epikoa jainkoen baratzetik baitator; horra hor benetako jenio sortzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.