Hollywoodeko grebaren itzalpean hasiko da Veneziako Zinemaldia

Jaialdia gaur abiatuko da, Edoardo de Angelisen 'Comandante' filmarekin. Larrain, Coppola eta Fincherren lanak sari nagusia lortzeko lehiatuko dira

Edoardo de Angelisen Comandante-rekin hasiko da Veneziako Zinemaldia. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Estatu Batuetako zinemak Veneziako Zinemaldia izan du denboraldiko bere film inportanteenetako batzuk Europan aurkezteko plaza nagusia. Udazkenean estreinatu ohi dira hurrengo urteko Oscar sarietan lehiatu nahi diren pelikula nagusiak, eta Veneziakoa pisuzko aurkezpena izaten da bide horretan. Aurten ere ez dira faltako ekoizpen indartsuak, baina azken hilabeteetan Hollywoodeko gidoilariak eta batez ere aktoreak aurrera eramaten ari diren grebak eragin zuzena izango du, batik bat izar askok ez dutelako baieztatu jaialdian izango diren. Gaur hasiko da Veneziako 80. Zinemaldia, eta irailaren 9an amaituko.

Hollywoodeko grebaren eragina lehenengo egunetik nabarituko da. Izan ere, Luca Guadagnino italiarraren Challengers filmak ireki behar zuen zinemaldia, baina, AEBetako grebaren ondorioz, atzeratu egin behar izan dute estreinaldia. Ondorioz, Edoardo de Angelisen Comandante-ri egokituko zaio jaialdia zabaltzea.

Aurrez iragarritako programaziotik eroritako film bakarra da Guadagninorena, eta AEBetako gainerako ekoizpenak normaltasunez estreinatuko dituzte, nahiz eta film horietan parte hartu duten aktore gehienek —besteak beste, Carey Mulligan, Michael Fassbender, Tilda Swinton, Emma Stone, Mark Ruffalo, Benedict Cumberbatch eta Penelope Cruzek— ez duten baieztatu Venezian izango diren. Alberto Barbera jaialdiko zuzendariak, nolanahi ere, jakinarazi du aktore ezagun batzuk izango direla festibalean; hala nola Adam Diver—Michael Mannen Ferrari filmarekin— eta Jessica Chastain —Michel Francok zuzendutako Memory aurkeztuko du—.

Izen ezagunak lehian

Zuzendari entzutetsuen filmak izango ditu Veneziako Zinemaldiak aurtengo sail ofizialean. Esaterako, Sofia Coppolak Priscilla aurkeztuko du, Elvis Presleyren emazteari buruzko filma —Cailee Spaeny protagonista duena—; David Fincherrek, The Killer —Michael Fassbenderrekin—; eta Mannek, Ferrari, automobil taldearen sortzaile Enzo Ferraren bizitza jasotzen duena. Bradley Cooper aktoreak, berriz, Maestro erakutsiko du, zuzendu duen bigarren pelikula, zeina Leonard Berstein musikariaren eta Felicia Montealegre haren emaztearen arteko harremanean zentratzen den.

Pablo Larrain txiletarrak, berriz, El conde estreinatuko du Veneziako sail ofizialean, Augusto Pinochet diktadorea banpiro baten moduan aurkezten duen filma, eta Yorgos Lanthimos greziarrak, berriz, Poor Things, Emma Stone aktorearekin batera egin duen hirugarren filma. Ryusuke Hamaguchi japoniarra, berriz, Drive My Car laudatuarekin mundu osoan hamaika sari jaso ostean, Evil Does Not Exist-ekin lehiatuko da jaialdian.

Film hauek osatuko dute Urrezko Lehoia lortzeko lehian izango diren lanen zerrenda: Bastarden (Niolaj Arcel), Dogman (Luc Besson), La Bete (Bertrand Bonello), Hors-Saison (Stephane Brize), Enea (Pietro Castellitto), Finalmente l'alba (Saerio Costanzo), Lubo (Giorgio Diritti), Origin (Ava Duvernay), Io capitano (Matteo Garrone), The Green Border (Agnieszka Holland), Die theorie von allem (Timm Kroger), Adagio (Stefano Sollima), Woman of (Malgorzata Szumowska eta Michael Englert) eta Holly (Fien Troch).

Lehiaz kanpo emango dituzte, besteak beste, Woody Allenen Coup de chance, Harmony Korineren Aggro Dr1ft eta Richard Linklaterren Hit Man.

Bestalde, Liliana Cavani zinemagile italiarrak eta Tony Leung Chiu-wai aktore txinatarrak ohorezko Urrezko Lehoi bana jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.