Glamourrik gabeko motel bat, eta Hollywoodeko kartela urrunean. Oholtza gainean terrazadun logela bat, besaulki eta ohe txiki bana dituena. Gaur banatuko dira Oscar sariak Los Angelesen, baina hiri kanpoaldeko motelak parez pare jarriko ditu elegantzia eta zoramena. Oscar Manzano zinema zuzendari gaztea film labur onenaren sailean izendatu dute saria irabazteko hautagai, eta zakurra eta katua bezala ibiltzen diren bi politikari izango ditu bidelagun: Irene Navarro Ogasun sailburua eta Guillermo Barrientos Kultura sailburua. Bi politikariek ezin dute elkar ikusi ere egin, matrakan dihardute etengabe, Oscarren kalterako, eta zeremonia hasteko ordu gutxi falta direla hori da panorama. Manzanok ustekabeko bisita bat ere izango du; Pauline izeneko escort girl misteriotsu batena. Horiek eta beste askok ardazten dute Txalo konpainiaren Oscarra Oscarrentzat obra. Hain justu, bihar taularatuko dute estreinakoz, Urnietan (Gipuzkoa).
Jon Plazaolak antzeztuko du zinema zuzendari gaztearen rola; eta politikarienak, berriz, Ane Gabarainek eta Mikel Laskurainek antzeztuko dituzte; Navarrorena eta Barrientosena, hurrenez hurren. «Hiru pertsonaia hauek Oscarra Oscarrentzat antzezlanean azalduko dute nola iritsi diren honaino, eta bidean zer utzi behar izan duten albo batera», adierazi du Plazaolak. Ezustean agertuko den emakume misteriotsua Oihana Maritorena izango da. «Gutxi esan daiteke nire pertsonaiaren inguruan, antzezlanean bertan ikusten baita bilakaera. Pertsonaia guztien artean zintzoena da, politikak oraindik ez baitu kutsatu», adierazi du aktoreak. Lantaldeak ziurtatu du ikuslea identifikatua sentituko dela antzezlaneko pertsonaiekin zein egoerekin.
Umorea ardatz izanik, antzezlanean klase politikoaren inguruko satira eta kritika dira nagusi. «Argi ikusten da Irene eta Guillermo, Oscar laguntzera baino gehiago, beren buruak nabarmentzera joan direla Los Angelesera», azaldu du Plazaolak. Momentu jakin batzuetan herritarren eta politikarien arteko dikotomiarekin jolas egingo dute; zinema zuzendariak herria ordezkatuko du; politikariek, beren zilborrari begiratzen dion klase politikoa. Gabarainek gehitu du hausnarketarako obra dela, eta kultura eta politika parez pare jarriko dituztela. «Azken finean, komedia soziala da antzezlan hau, eta kulturaren eta politikaren unibertsoen arteko eztabaida umorearekin egingo da».
Lau aktoreek Mario Hernandezen zuzendaritzapean egin dute lan, eta obra Martin Agirrek euskaratu du. Txalo Produkzioak La Mandanga Produkzioekin batera ekoitzi du, eta horretan ere ibili da Jon Plazaola. «Oscarra Oscarrentzat antzezlana euskaratzea ez da lan makala izan, gag eta kolpe guztiek euskaraz zentzua izan behar zuten-eta», azaldu du. Antzezlana entseatzen ibili dira azken asteetan Txalo konpainiaren egoitzan eta Sarobe antzokian, obra estreinatuko duten tokian. Antzezlana prestatzeko denbora gutxi izan duten arren, «aktore apartei esker», erritmo biziagoan prestatu dute.
Bi obrek bat
Konfinamenduan Hernandezek hainbat galdera zituen buruan bueltaka: behin ametsak betetzen direnean, zer gertatzen da? Zer dago? Merezi du ametsak betetzea? Galdera horiek guztiak oinarri hartuta idatzi zuen zuzendariak antzezlana. «Antzezlanaren gai nagusia zera da: zer egiteko prest gaude gure ametsak egia bihurtzeko?», argitu du Plazaolak, eta, nolabait, alderaketa egin du iaz berak estreinatutako Irabazi antzezlanarekin. Pandemia garaian izan zituen hausnarketen emaitza izan baitzen hori ere. «Hernandezen antzezlana aurkeztu zidatenean, eta hausnarketak berdinak zirela ohartu nintzenean, neure buruari galdetu nion: 'Zer gertatu zen pandemian denok berdin pentsatzeko?'». Oscarra Oscarrentzat obra ekoiztea onartu eta gero aktoreak bilatzea erraza egin zitzaion, aurretik batera lan egin zutelako eta eszenatokian ongi ulertzen dutelako elkar.
«Antzezlanaren gai nagusia zera da: zer egiteko prest gaude gure ametsak egia bihurtzeko?»
JON PLAZAOLAAktorea eta ekoizlea
Urnietako Sarobe antzokian izango da estreinaldia, bihar, 18:30ean; eta lantaldea gogotsu agertu da. Ostegunetik igandera, berriz, Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira, 20:00etan. Hiriko Aste Nagusian eta Antzoki Zaharrean antzeztea «pribilegio» bat dela esan dute, eta Maritorenak esan du Antzoki Zaharrean euskaraz antzeztea berezia dela. Plazaolarentzat, gainera, leku kuttuna da hori. «Antzoki Zaharrean antzeztu nuen lehen aldiz, eta asko maite dut». Aste Nagusirako plan «itzela» dela ziurtatu dute, eta ikusleek hausnartzeko eta hunkitzeko momentuak biziko dituztela.