Literatura. 'DEKAMERON, HAMAR IPUIN'

Hogeita bost dagoeneko

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Egilea: Giovanni Boccaccio.
Itzultzailea: Matias Mujika.
Argitaletxea: Igela.


Giovanni Boccaccio XIV. mendeko idazlea italieraz egindako literaturaren aitzindarietako bat da, Dante eta Petrarcarekin batera. Dekameron obra da bere lan nagusia, maitasunaz, zuhurtziaz eta fortunaz diharduena. Obra osoa 100 ipuinez osatutako liburua da, eta Mila eta bat gauak-en gertatzen den bezala, marko lana egiten duen istorio nagusi baten barruan kontatzen dira ipuinak. Hain zuzen ere, izurri beltza dela-eta hiritik alde egin behar duten zazpi neska eta hiru mutil gazte dira istorio nagusiaren protagonistak. Elkarri ipuinak kontatuko dizkiote kanpoan egiten dituzten egunetan; haietako bat izango da errege edo erregina egun bakoitzean, eta kontatuko dituzten ipuinen gaia aukeratuko du. Gazte horrek aukeratutako gaiaren gainean, bakoitzak bere ipuina azalduko du, nork bere hamarrak kontatuta ehunak osatu arte. Igelak argitaratutako edizioan, hamar ipuin bildu dituzte ehun horietatik, Matias Mujikak itzulitakoak, oso ondo itzulitakoak gainera. Ez dira hauek euskaraz argitaratu diren Dekameron-eko aurreneko ipuinak, Gabriel Arestik hamabost itzuli baitzituen, Boccaccioren Dekamerone tipi bat izeneko lanean —Susak argitaratutako Itzulpenak-2 bilduman irakur ditzake hala nahi duen irakurleak—.

Lehen, bigarren, hirugarren eta bosgarren eguneko bina ipuin eta laugarren eta hamargarreneko bana bildu dituzte Igelaren edizioan. Lehen egunean proposatutako gaia librea bada ere, Elizari eta lukurreriari egindako kritikez osatuta dago, eta ontasuna eta zintzotasuna goresten duten hamargarren eguneko istorioei kontrajartzen zaizkie. Beraz, logikoa dirudi egun bietako istorioak bildu izana, liburuak egiten duen bidea nolabait jasotzeko. Gainontzekoetan, ezbeharrak izan ostean ondo bukatzen diren istorioak, gogo biziz nahi zuten zerbait lortu zuten pertsonen istorioak, edo zerbait galdu eta berriz eskuratu zutenenak eta zoriontasunetik zoritxarrera edo zoritxarretik zorionera pasatzen diren maitasun istorioak dira bildutakoak. Kanpoan geratu dira hiru egunetako gaiak, baina kontuan hartu behar da lehenagotik ere bazirela zenbait ipuin itzuliak. Gai nagusi horien bidez, kritika egiten zaio erlijioari, maitasuna goratzen da sentipen nagusi gisa, sexuari ere leku eginez —eta ez gutxi—, eta zuhurtasuna nahiz buru-argitasuna goraipatzen dira, ironia handiarekin.

Dirudienez, irakasleek eskatuta argitaratu ditu ipuinok Igelak, eskoletan lantzeko, eta, hori dela eta, liburuak dituen zenbait ohar —bereziki euskarazko hitzen itzulpenak— soberan zaizkio euskarazko irakurle helduari, baina, txikikeria hori alde batera utzita, helduok oparitzat hartzekoa da itzulpen hau. Harrigarria da gazteei zuzendutako sail batean argitaratu izana, eta ez gazteentzat egokia ez delako, baizik eta hain ohituak baikaude helduentzako sailetan gazteentzako literatura irakurtzera, ezen harrigarri egiten baitzaigu harrigarri behar ez lukeena: gazte eta ume bereiztea.

Sasoi bateko liburu bat hartzen dugunean, normala da geure buruari galdetzea ea liburu horrek oraindik zerbait eskaintzen dion gaur egungo irakurleari, irakurketa elitista eta erudituetatik kanpo. Euskal argitaletxeek ezetz pentsatzen dutela esango nuke, are Literatura Unibertsala bildumak ere, argitalpen mendeetan atzera egin ahala zailagoa baita literatura unibertsaleko lan handiak euskaraz irakurtzea. Baina kasu honetan, nik, behintzat, ipuinak gustura asko irakurri ditut, testuinguru nagusitik kanpo ere, eta esango nuke irakurleek gozatzeko modukoa dela egindako bilduma, Boccaccioren ironiari esker bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.