Hogei filmekin irudikatutako biografia

Donostiako 67. Zinemaldiak Roberto Gavaldon zinemagile mexikarraren hogei film erakutsiko ditu, hari eskainitako atzera begirako zikloan

Roberto Gavaldon zinemagilearen Macariolanaren fotograma (1960). DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Lehen aldia zuen Donostiako Zinemaldiak 1953an, Roberto Gavaldon zinemagile mexikarrak (1909-1986) Acuérdate de vivir filma aurkeztu zuen hartan. Mexikoko zinemaren ordezkaria zen Gavaldon orduan, eta nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan erakusten zituen lanak, baita Donostiako Zinemaldia Nazioarteko Zinema Aste gisa egin zen lehen urte hartan ere. 66 urteren ondoren, berriz erakutsiko dute haren lana, zuzendari mexikarraren atzera begirako zikloa egingo baitu Zinemaldiak irailaren 20tik 28ra. Gavaldonek 1945 eta 1974 bitartean zuzendu zituen hogei film erakutsiko dituzte orotara; tartean, 1953ko jaialdian aurkeztutakoa. Espainiako Zinematekarekin elkarlanean antolatu dute zikloa, eta, horrekin batera, zinemagileari buruzko monografiko bat ere argitaratuko dute. Quim Casas eta Ana Cristina Iriartek koordinatuko dute lana, eta hainbat adituren artikulu sorta bilduko dute liburuan. Aurreratu dutenez, haren seme Roberto Gavaldon ere izango da aurkezpenean.

Gaur egun, inor gutxik jartzen du zalantzan Gavaldonek zinemagintzan egindako ekarpena, baina ez zuen zorte bera izan ekoizpen lanetan zebilen garaietan, Mexikoko kritikak zinema nazionalaren ardatz akademizistarekin lotzen baitzituen haren filmak. Azken hamarkadetan, baina, haren filmografia berreskuratzeko saiakeran dabiltza hainbat eragile, eta Donostiako Zinemaldian erakutsiko dituzten hainbat film dira horren adibide. Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, Mexikoko Zinemateka Nazionalak eta UNAM Mexikoko Unibertsitateko Filmotekak zaharberritu dituzten filmak dira erakutsiko diren lanetako batzuk. Estra, aktore, zuzendari laguntzaile eta gidoilari lanak egin zituen Gavaldonek, eta, haiek denak aintzat hartuz gero, 103 filmeko zerrenda du zinemagileak.

Galbahea pasatu du Donostiako Zinemaldiak, eta guztien artetik hogei aukeratu ditu ziklorako: La barraca (1945); La otra (1946); Rayando el sol (1946); La diosa arrodillada (1947); Rosauro Castro (1950); En la palma de tu mano (1951): El rebozo de Soledad (1952); La noche avanza (1952); Acuérdate de vivir (1953); Camelia (1954); Sombra verde (1954); Aquí está Heraclio Bernal (1958); Miércoles de ceniza (1958); Flor de Mayo (1959); Macario (1960); Días de otoño (1963); El gallo de oro (1964); Rosa Blanca (1972); Don Quijote cabalga de nuevo (1973); eta, azkenik, La madrastra (1974).

Auzi sozialak ardatz

La barraca filma izan zen Gavaldonek zuzendu zuen lehen lana. Vicente Blasco Ibañez idazle espainiarraren izen bereko nobela egokitu zuen zinemagileak, eta 1936ko gerraren ondorioz Mexikon erbesteratu ziren Espainiako hainbat teknikarik parte hartu zuten ekoizpenean. Filmak arrakasta handia lortu zuen, eta irabazle nagusia izan zen Mexikon urte hartan bertan martxan jarritako Ariel sarietan. Lehen film hartan ezaugarritu zuen gerora marka bihurtu zitzaiona: melodrama izan baitzuen bere ibilbidearen ardatz nagusia. La barraca aukeratu du Donostiako Zinemaldiak zikloa zabaltzeko, eta hurrengo urtean filmatutako La otra lanak jarraituko dio. Krimen bati buruzko drama ondu zuen Gavaldonek, eta Hollywoodek bertsio berritu bat egin zuen 1964an, Dean Ringer izenekoa, Bette Davis aktorearekin.

1950eko hamarkadan ondutakoak dira erakutsiko dituzten film gehienak, baina 1960ko hamarkadan mugarri izan ziren beste hainbat ere jarriko dituzte ikusgai. Gavaldon aldatu egin zen orduan: melodrama alboratu, eta gai sozial eta politikoak lantzen hasi zen. Rosa blanca filma da adibiderik nabarmenena: Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruzkoa da lana, eta 1972. urtera arte debekatuta egon zen.

Auzi sozialei tiraka jarraitu zuen Días de otoño, Macario eta El gallo de oro filmekin. Azken lan horren gidoia Gabriel Garcia Marquez eta Carlos Fuentes idazleekin osatu zuen: borroka oilar bati buruzko parabola bat da, Juan Rulforen istorio batean oinarritutakoa. Edonola ere, guztien artean, Macario da, askoren iritziz, mexikarraren filmik garrantzitsuena. Ben Traven eleberri egilearen kontakizun bat oinarri hartuta osatu zuen, eta Cannesko zinema jaialdian izan zen lehian. Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarirako hautagaitza ere eman zion Macario lanak.

1970eko hamarkadan, bere ibilbidearen bukaeran, Espainian ekoitzi zituen bi filmekin emango diote amaiera zikloari: Quijote cabalga de nuevo eta La madrastra lanekin, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.