Hogei film labur lehiatuko dira Euskal Zine Bileraren Sail Ofizialean

Gaur hasiko da, 'Paperezko hegoak'-en emanaldi batekin. Laburrak sarean ere emango dituzte

Ruben Cresporen Aterpean ateri film laburreko irudi bat. EUSKAL ZINE BILERA.
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Zine Bilerak bi agertoki nagusi izango ditu aurten: Lekeitioko (Bizkaia) Ikusgarri aretoa eta zinebilera.eus webgunea. Izan ere, iaz Internet bidez egin behar izan zuten zinemaldia, eta aurten bi formatutan aritzea erabaki dute antolatzaileek, aurrez aurre eta online. Gaurtik azaroaren 28ra bitarte egingo dute jaialdiaren 44. aldia.

Aitor Abaroak eta Ana Goitiak aurkeztuko dute irekiera ekitaldia, gaur, Ikusgarri aretoan. Paperezko hegoak filma emango dute, eta Josu Martinez eta Samara Velte zuzendariekin solasaldi bat egingo dute ondoren.

Sail Ofizialeko proiekzioak astelehenetik ostegunera egingo dituzte, aretoan eta sarean. Euskarazko hogei film labur ariko dira lehian: Peio Agirreren N.B.ren erretratu bat, Iñigo Alkortaren eta Maddi Arzallusen Atzelariak, Eukeni Arriortuaren Memoria, Sergio Azkarateren Erroak, Khuruts Begoñaren Deia, Ruben Cresporen Aterpean ateri, Xabi Cresporen eta Joserra de la Marren Itsasoan, Iban del Camporen Serendipia, Ilune Diazen Game Over, Gorka Ezkibelaren Ostendene, Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua, Oier Fuentesen 10 watt bakarrik, Aiert Goenagaren Zikings, Ibai Gorritiren Ate-joka, Josu Martinezen Subandila, Mikel Mendizabalen Haur erbesteratuak, Jorge Moneoren Begiak hesteko artean, Enrique Reyren eta Ainhoa Urgoitiaren Barraskiloentzat iganderik ez, Amaia San Sebastianen Rewind, eta Pello Seronen eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde.

Hiru sari banatuko dituzte horien artean: film onenarena, zuzendari onenarena, gidoi onenarena eta ikusleen EITB saria.

Animaziozko filmek toki nabarmena izango dute zinemaldian. Euskal Herriko bi ekoizle aitzindariri emango diete Begirada saria: Baleukori eta Dibulitooni. «Zinemazale berriak hezi» izana eskertuko diete hala.

Gainera, Pantaila Irekia sailean, animaziozko film labur batzuk emango dituzte, asteazkenetik ostiralera, Ikusgarrin eta Internet bidez: Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Kote Camachoren La gran carrera, Alberto Gonzalezen Cirugía, Hauazkena taldearen Beti bezperako koplak, Isabel Hergueraren La gallina ciega, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics, Izibene Oñederraren Hezurbeltzak, eta Bego Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay.

Filmak eta solasaldiak

Jaialdiak saio batzuk egingo ditu beste eragile batzuekin elkarlanean. Bihar, Zine-Labek antolatuta, Super 8 formatuan filmatutako bi lan emango dituzte, eta solasaldi bat egingo dute Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuen lekeitiar zinemagile taldearekin.

Datorren ostiralean, Gaualdia atalak Euskal Zine Bilera eta Zinegin festibala elkartuko ditu: Non dago Mikel? filma proiektatu aurretik, zuzeneko elkarrizketa bat egingo diete Zinegineko arduradunei, eta filma ikusi eta gero, Hazparneko (Lapurdi) zinemaldian zuzenean egingo duten solasaldian parte hartuko dute.

Hurrengo egunean, ikus-entzunezkoen sektoreko emakumeak biltzen dituen (H)emen elkarteak topaketa batzuk antolatu ditu filmen banaketari buruz. Graxi Irigarai EHUko ikerlari eta Gastibeltzako kidea, Johana Olabarria Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Maria Jesus Diez Barton Filmseko kidea ariko dira, Olatz Beobidek gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.